Entretenimenduaren bidez, zientzia gerturatuko die herritarrei Jakinaldiak
Kuantikoaren mendeurrena eta IBM Quantum System Two ordenagailuaren etorrera ospatzeko, musika, dibulgazio zientifikoa, magia, umorea eta antzerkia uztartzen dituen egitaraua prestatu dute. Jarduera gehienak gaur eta bihar egingo dituzte.

Jakinaldia zientzia dibulgazio jaialdia estreinakoz aurrera eramango dute gaur eta bihar, Musikenen. Kuantiko jaialdi hau urtero egiteko asmoz antolatu du Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak. Data ez da ausazkoa, izan ere, bi gertakariri lotuta dago: batetik, fisika kuantikoaren mendeurrena; eta bestetik, Europako ordenagailu kuantiko aurreratuena hirira heldu izana. Zehazki, asteazkenean inauguratu zuten Ikerbasqueren Ibaetako eraikin berrian IBM Quantum System Two ordenagailua.
Jaialdiaren helburua zientzia herritarrengana hurbiltzea da, eta horretarako, ezagutza, sormena eta entretenimendua uztartzen dituen egitaraua prestatu dute, edonorentzat eskuragarri eta erakargarri den formatu batean. Hala, musika, dibulgazio zientifikoa, magia, antzerkia eta umorea biltzen ditu.
Musikenen egingo duten bi jardunaldietako lehena, gaur, 18:00etan hasiko da. Helduei bideratutako bost emanaldi biltzen ditu. Hasteko, Enrique F. Borjak Ipuin kuantikoak bakarrizketa zientifikoarekin ekingo dio saioari. Ondoren, Jon Esnaolak LoCuanto Musika obra musikala eskainiko du, Tor eta Txoborro magoen Magia kuantikoa ikuskizunaren aurretik. Ildo beretik, Big Van Ciencia taldeak Materia absurda umore zientifiko ikuskizuna gauzatuko du. Amaitzeko, Jone Uria eta Alaia Martin bertsolariek bertso saio berezia egingo dute, Bertso kuantikoak izenburupean.
Bihar, berriz, familiei bideratutako eskaintza izango da, 17:00etatik aurrera. Lehenik, Abentura kuantikoa antzezlanaz gozatuko dute, ondoren, Marsel magoaren magiaz, eta azkenik, Big Van Cienciaren Clowntfics, esperimentu eta umore ikuskizun interaktiboaz.
Jolasa eta ibilbidea
Horrez gain, beste bi jarduera ere antolatu dituzte. Batetik, Milia Kuantikoa, komunitate zientifikoa eta mundu kuantikoaren misterioak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide zientifiko-teknologikoa. Bi modutan goza daiteke, oinez, seinaleztatutako ibilbidea jarraituta eta ikerketa zentroetako sarbideetan dauden dibulgazio infografiak baliatuta; edota birtualki. Azken honek laborategi kuantikoak bisitatzeko eta ikertzaileen lana gertutik ezagutzeko aukera emango du.
Bestalde, hilaren 24an eta 25ean, Quantum escape street esperientzian parte hartzeko aukera izango da, sei txandatan. Atari zabaleko eta doako jolasa, aktore talde profesional batek dinamizatuko du eta sei eta zortzi lagun arteko taldeetan egin ahal izango da. Zientzia eta teknologia kuantikoari buruz ikasteko modu ludiko bat, hirian barrena enigmak ebatzi bitartean. Informazio guztia eta izen ematea, Zientziaklik webgunean eskuragarri dago.