Jone Forcada euskaltzale eta militante nekaezina hil da
Jone Forcada (Donostia, 1933-2025) zendu da gaur. Berak hala erabakita hil da, eutanasiaren protokoloa aplikatuta. Bizitza osoa eman du Forcadak bizitza duinen alde borrokan, eta heriotza ere, halaxe egin da.

Jone Forcada (Donostia, 1933-2025) zendu da gaur. Berak hala erabakita hil da, eutanasiaren protokoloa aplikatuta. Gaitz larririk ez zuen arren, gorputza gero eta okerrago zuela eta, abuztuan erabaki zuen heriotza duina nahi zuela. Izan ere, azken urteetan, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea (DMD) mugimenduan aritu da, buru-belarri. Bizitza osoa eman du Forcadak bizitza duinen alde borrokan, eta bere heriotza ere, halaxe izan da. “Oso ausarta izan da”, senideen iritziz.
Errenteria eta Donostia artean hezia, aita euskaldun berria zuen Forcadak, eta frankismo garaiko giro itogarrian hezia, hizkuntza erresistentzia bide bihurtu zuen. Halaxe ezagutu zuen bizitza osoan zehar burkide eta bidelagun izan zuen Jose Luis Alvarez Txillardegi. 1950eko San Sebastian eguneko bezpera zen. Plaza Berrian –garai hartan, Plaza 18 de Julio– erromeria antolatzen zen, eta giro euskalduna nagusitzen zen.
Honela azaldu zuen Forcadak berak: “San Sebastian bezperan, erromeria egiten zen eta han Antiguako mutil guapo kuadrilla ikusi genuen. Ni eta beste bi lagun dantzan ari ginen eta guregana etorri ziren —garai hartan gu ez ginen joaten mutilengana—. Ez dakit nola, Jose Luisek ni euskaraz ari nintzela entzun eta niregana etorri zen euskalduna ote nintzen galdezka. Ba, nire aita euskaldun berria zen, baina ni txikitatik euskalduna. Horrekin liluratuta, erdia egina zegoen… eta zazpi urtez andregai eta senargai gisa ibili ginen, Jose Luisek karrera bukatu bitartean, eta gero ezkondu ginen”.
Erbestea
1959 urtean, lehen bi semeak izan zituzten, eta hurrengo urtean, alaba. Urte hartan bertan, Txillardegik beste hainbat kiderekin batera, Euskadi Ta Askatasuna erakundea sortu zuten –Txillardegik berak proposatu omen zuen izena, Aberria Ta Askatasuna-ren akronimoak ahatea oroit zezakeelako–. Honela, bada, 1961ean erbesteratu behar izan zuten. Urtarrilean Txillardegik, eta uztailean Forcadak eta seme-alabek, hamasei urte iraungo zuten erbestea abiatu zuten.
Parisen hasi ziren –han jaio zen laugarren semea–, baina bertatik kanporatu, eta Lapurdin denbora apur bat egon ostean, Belgikan izan ziren hainbat urtez. Familia banatu zuten, seme zaharrenak Euskal Herritik gertu egon zitezen. Bordelen, lana lortu zuen, unibertsitatean euskara irakasten. Frantziako Gobernuak, azkenean, Ipar Euskal Herrira inguratzeko baimena eman zion, eta, azkenik, Hendaian egon ziren sei urtez. Bertan, Forcadak bere irakasle lanak berrartzeko aukera izan zuen, eta Hendaian, Ipar Euskal Herriko bigarren ikastola izango zena ireki zuen.

Alvarez Forcada sendia, gordetzen dituzten argazki gutxietako batean. (Argazkia: Alvarez-Forcada sendia)

Jone Forcada, Txillardegiren bilobak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Ordea, ordurako, Forcadak egina zuen bere ekarpena Euskal Herriko historian. Magisteritza ikasita, 1955ean, lehenengo ikastolen sortzaileetako bat izan zen. Elbira Zipitria andereño ezagunaren kide izan zen, eta, desadostasunak zituzten arren, biak aritu ziren euskararen aldeko borrokan buru-belarri, bizitza osoan zehar. Franco hil ostean, Donostiara itzuli ziren, eta Forcadak lanik lortzen ez zuela eta, Añorgako ijito eskolan aritu zen urte batzuez.
Militante nekaezina
Politikagintzaren lehen lerroa inoiz okupatu ez bazuen ere, Donostiako mobilizazioetan ibili izan denak ezagutu du Jone Forcada. Euskararen alde, euskal presoen eskubideen alde, migratzaileen eskubideen alde, hiri ereduaren kontra… Hendaian bizi izan zenez, berak ondotxo zekien turismoaren eragina zein izan zitekeen. Saiatzen zen hiri ereduari loturiko manifestazioetan parte hartzen, hala nola turismoaren edo Donostiako Metroaren kontrako borrokan.
Euskararen aldeko militante nekaezina izan da azken egunetaraino. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen, eta kide bukaerara arte. Bestalde, Bagera euskaltzaleen elkarteko bazkidea eta Mintzalaguna izan da urte luzez. Azken urteotan, mugitzeko zailtasunak zirela eta, Skype bidez egiten zuen mintzapraktika, Nafarroa hegoaldeko euskaldun berriekin.
Senideek azaldu dutenez, azken urteotan, heriotza duinaren aldeko borrokan aritu da, “bizitzaren amaieraren desdramatizazioa” bilatu behar zela sinetsita. “Bizitzaren zikloa beteta”, “amaiera ankerrik” ez zuen nahi Forcadak, eta duintasunez hiltzea aldarrikapenetik harago, praktikara eramateko apustua egin du. Era berean, Palestinaren aldeko mobilizazioak izan dira parte hartu dituen azkenak.
Txillardegiren “borrokakide” eta bidelagun
Senideek zabaldutako eskelan, Txillardegiren alarguna baino, haren “borroka kidea” eta “bidelaguna” izan zela aldarrikatu izan dute, gizon handiaren itzalean dagoen emakumearen ideiatik ihes egiteko. “Ardura” gisa bizi izan zuen Forcadak berak Txillardegiren emazte rola. Halaxe azaldu zuen: “Gizon baten apendizea izan naiz, meritu propiorik egin ez dudanez. Gaztetan, Forcadaren alaba eta Adarragaren biloba nintzen, gero Txillardegiren emaztea edota Joseba eta Mikelen ama. Baina Txillardegiren emaztea izatea ohore gisa bizi izan dut”.
Hedabide honek, 2022ko urtarrilaren 7an, Forcadaren lau seme-alabak batu zituen, Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Honela hitz egin zuten amaren inguruan, amaren rola nola oroitzen zuten galdetuta.
Maddi Alvarez Forcada: Nik beti esaten dut: ama izan da familiaren itsasgarria. Zutabea. Elkartuta mantendu duena, guztiaren gainean egon dena, guztiari eutsi diona.
Jon Alvarez Forcada: Esan ohi da gizon handien atzean beti dagoela emakume handi bat. Gure kasuan zalantzarik gabe izan zen horrela.
Joseba Alvarez Forcada: Ama zen erbestea egunerokotasunean bizi zuena. Aita zegoen proiektu askatzaile eta eraldatzaileetan buru-belarri, eta gu bakoitza bere pelikulan. Eta, han, egunerokotasunean zegoena, dokumentazioak, papera, ekonomia, etxea eramaten… ez zen aita, e.
Mikel Alvarez Forcada: Ni oraindik harritzen nau zein gaitasun izan zuten dena eramateko aurrera. Familia, lana, toki aldaketak, jardun politikoa…
Forcadak berak hala eskatuta, ez da beilarik ez eta hileta elizkizunik egingo. Lurperatzea familiartean izango da. Bizi izan zen moduan hil da Jone Forcada: duintasun eredugarrian.