Joxemi Zumalabek zer esango luke egungo euskal prentsaz?
Urriaren 14an 75 urte bete ziren kazetari, marrazkilari eta enpresaburu euskaltzale donostiarra jaio zenetik. Euskalgintzako eragile nekaezina izan zen, 1993an 42 urterekin zendu zen arte.

Euskarazko prentsak aro aldakorra bizi du. Hala fisikoak, nola digitalak. Etengabe egokitzen, moldatzen eta berrasmatzen dihardu. Baita indarrak batzen ere, oztopo batzuen eta besteen aurrean bizirauteko. Egungo egoera ikusita, zer esango luke Joxemi Zumalabek? Euskal prentsaren sustatzailea eta Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetako bat izan zen. Ezinbestekoa euskarazko prentsa idatziarentzat.
Urtetan egindako lan garrantzitsu eta nekaezina kolpetik eten zen 1993an, soilik 42 urte zituela zendu zenean. Heriotzatik zenbatu ohi dira urteurrenak, baina baita jaiotzatik ere. Hain zuzen ere, 1950eko urriaren 14an jaio zen Zumalabe. Beraz, 75 urte bete berriak izango lituzke, bizirik balego. Tira, bizirik dago, haren legatu oparoa. Zumalaberen omenez 2013an egin zituzten Orain gurekin ez zauden arren jardunaldi sentituen antzera, merezi du haren bizitza gogoratzeak.
Urbieta kaleko familia
Axentxi Goenaga ama eta Jose Migel Zumalabe aita, Koro Zumalabe alabarekin batera bizi ziren Urbieta kaleko 56. zenbakian, Joxemi Zumalabe jaio zenean. Etxean, beraz, lau ziren, eta gurasoek giro abertzalean hezi zituzten seme-alabak. Amak maistra izateko ikasketak egin zituen, baina ez zen sekula lan horretan aritu.
Aita, berriz, matematikaria eta aparejadorea zen, eta etxeak egiten zituen. Era berean, kultur eragile garrantzitsua izan zen garai hartako Donostiako giro euskaltzalean eta abertzalean. Zeruko Argia aldizkaria suspertzen lagundu zuen, eta Santo Tomas Lizeoaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen, Koldo Mitxelena eta Karlos Santamaria kideekin batera.
Hiru urterekin hasi zen ikastolan Joxemi Zumalabe. Lehenik, Karmele Esnal izan zuen irakasle, ikastola klandestino batean. Ondoren, Elbira Zipitriaren ikasle izan zen, Parte Zaharrean. 10 urte zituela, Santo Tomas Lizeora joan zen, haren aitak egindako ahaleginari esker. Zumalaberen euskaltzaletasuna indartu zuten bi irakasle izan zituen: Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoria.
Kazetaritzatik sustapenera
Kazetaritzan 1960ko hamarkadan murgildu zen Zumalabe. 1966an hasi zen idazten Zeruko Argia aldizkarian. Orduan, ikaslea zen oraindik. Bi urte geroago, 1968an, Bartzelonara joan zen Arkitektura ikasketak egitera, baina urtebetera itzuli zen Donostiara, giro politikoa nahasia zelako. 1976an, Egia Fotocomposicion inprimategian lana eskaini zioten arte. Enpresa horrek Zeruko Argia-rentzat lanak egiten zituen. Horrela, 1977an aldizkarian hasi zen lanean. Gutxira, marrazkien eta azalen ardura hartu zuen.
Zeruko Argia aldizkariaren biziraupena bermatzeko, 1980an, langileek bere gain hartu zuten, eta tartean zen Zumalabe. Zeruko Argia izatetik, Argia izatera pasatu zen. Pixkanaka, arazo ekonomikoei bueltan eman zieten, euskarazko prentsa bideragarria zela erakutsiz. Zumalaberen ekimenez, aldizkariaren inguruan Apika informatika enpresa eta Antza inprimategia sortu ziren, eta bi enpresa horiek bermatu zuten aldizkariaren finantziazioa.
Ekintzaile nekaezina zenez, Zumalabek euskarazko egunkari baten aldeko apustua egin zuen, beste hainbatekin batera. Horrela, 1990ean, Egunkaria Sortzen egitasmoa abian jarri zuten, eta handik hamabi hilabetera sortu zen Euskaldunon Egunkaria. Ordurako, Zumalabe sabeleko minbiziaren eragina pairatzen hasia zen, eta gaixotasunari aurre egiteko pare bat ebakuntza egin arren, 1993eko urtarrilaren 12an hil zen.
Zumalabek utzitako arrastoa oso presente dago egun. Gainera, haren izena jarri zioten, 1996an, herri mugimenduen kultura indartzeko sortu zuten fundazioari.