Realak garaipenaren bidera itzultzeko derbia jokatuko du
Txuri-urdinek gutxigatik ez zuten galdu Granadan, eta hiru puntuak eskuratu nahi dituzte Eibarren kontrako neurketan.

Bolada onek ere etenak izan ohi dituzte, baita txarrek ere. Realeko neskek primeran hasi zuten ligako lehia, eta, orain, merezi duten garaipen hori lortu ezinda dabiltza. Granadan pasa den asteburuan jokaturiko partidan, eskura izan zituzten hiru puntuak, baina luzapenean berdindu zuten etxekoek. Gauza bera ez gertatzeko, neurketa serioa egin beharko dute etzi, Ipuruan, Eibarren kontra (12:00). Sasoiko lehen euskal derbia izango da txuri-urdinentzat, eta aproposa beraien maila neurtzeko. Bestalde, Realeko mutilak lehiara itzuliko dira Vigon (Galizia), Celtaren kontra. Batzuek diote hil ala biziko norgehiagoka izango dela Sergio Francisco entrenatzailearentzat. Hau da, galduz gero, kargugabetu dezaketela. Kontuak kontu, irabaztea ezinbestekoa da txuri-urdinentzat, denboraldi hasiera apala daraman beste talderen baten zelaian. Beraz, bai, etzikoa finaltzat har daiteke (16:15).
Saskibaloian, Ibaeta Basketek etxeko bigarren garaipena eskuratzeko aukera izango bihar, Gaska kiroldegian (19:30). Estepona izango dute aurrez aurre, ligako azken sailkatua. Jokaturiko bi partidak galdu dituzte espainiarrek, baina irabazteko onena eman beharko dute donostiarrek. Gipuzkoa Basketek, berriz, Cartagena hartuko gaur, Illunben (20:30). Behar eta merezi duten garaipena iluntzean lortzea desio dute, oso gertu ibili direlako.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko bi taldeek partida serioak izango dituzte. Neskek Anoetako izotz pistan jokatuko dute bihar Puigcerdaren kontra (14:30). Ondo ezagutzen dute arerioa, eta partida parekatua izango da. Mutilek, berriz, Madrilen izotz pistan jokatuko dute, bihar ere (22:00). Bartzelonaren aurka etxean galdu ostean, Madrili irabazteko itxaropena badute.
Belar hockeyan, Realak Zubietako porrot mikatza ahazteko neurketa garrantzitsua izango du bihar. Kataluniako Castelldefels azken sailkatuaren aurka ariko dira (14:00). Txuri-urdinak sailkapeneko azken postuetan daude —atzetik hasita hirugarrenak dira—, eta ezinbestekoa litzateke etxetik kanpo irabaztea, gora begira jartzeko.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 8. jardunaldia
- Eibar – Reala (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen liga, 9. jardunaldia
- Celta – Reala (etzi, igandea, 16:15)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Estepona (bihar, larunbata, 19:30)
Gizonezkoen bigarren maila, 4. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Cartagena (gaur, ostirala, 20:30)
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin – Puigcerda (bihar, larunbata, 14:30)
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Madril – Txuri Urdin (bihar, ostirala, 22:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Castelldefels – Reala (bihar, larunbata, 14:00)