Anime topaketa egingo dute, bigarrenez

Hilabete bukaeran hasiko da 36. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea. Egun berean, urriaren 31n, abiatuko dute Animedon topaketaren bigarren edizioa. Azaroaren 9ra bitarte, hainbat jarduera antolatu dituzte japoniar animazioaren zaleentzat.
Oraingoan, sailaren programazioan estreinaldiko hiru film luze, Doraemon-en egileei egindako omenaldia, bi erakusketa, euskarazko manga aurkezpenak, eta One Piece egungo serieko bikoizleen arteko elkarrizketa izango dira. Hauek dira estreinatuko diren lanak: The Last Blossom (2025), All You Need Is Kill (2025) eta Make a Girl (2025).
Iaz Akira Toriyamarekin egin zuten moduan , aurten omenaldia egingo diote Fujiko Fujiori. Toriyama lan ezagunaren egilea da, genero hauei atxikiak: kodomo —haurrei zuzendutako komiki eta animea— eta shonen —aurrenerabeei eta nerabeei zuzendua—, tartean Doraemon, bere lanik ezagunena eta Japoniako pop kulturaren ikono bihurtua, Kiteretsu Daihyakka —gurean Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra izenburuarekin ezaguna egin zena— eta Hattori Ninja. Fujiko Fujio bikote baten izen artistikoa da, biak komikien egileak: Hiroshi Fujimoto (1933-1996) eta Motoo Abiko (1934-2022).
Jarduera paraleloak
Animedon topaketak jarduera paraleloak izango ditu, berriz ere. Horietako batzuk FNAC-en aurkezpen gunean egingo dira. Aurten ere, Harriet argitaletxeko Mikel Murok bere zigilu Kaberen —manga euskaraz argitaratzen lehena— 2025-2026 aldirako nobedadeak aurkeztuko ditu. Aurkezpena hilaren 23an izango da, 19:00etan.
Bi egun geroago, leku berean, baina 12:00etan, Luffy eta Luffy, bi ahots, bi belaunaldi hitzaldia emango da, egungo anime fenomenoetako baten inguruan: One Piece seriea. Hizlariak izango dira Xabier Alkiza —istorio honetako protagonistaren euskarazko bertsioari ahotsa jarri ziona orain Primeran plataforman ikusgai dagoen animaziozko telesailean— eta Jon Samaniego —pertsonaia berari ahotsa jartzen diona telesailaren akziozko bertsio errealean, Netflixek ekoitzia eta 2023an plataformako telesail ikusienetakoa—.
Bestalde, euskarazko rol jokoek ere lekua izango dute programazioan, Animerrola topaketarekin. Rolariak elkarteak eta Ebla liburu dendak antolatu dute, Donostia Kulturaren lankidetzarekin. Euskaraz rol jokoetan aritzeko aukera izango dute parte hartzaileek, anime eta manga komikietan oinarritutako istorioak elkarrekin sortuz. Azaroaren 7an eta 8an izango dira partidak.
Erakusketak
Bi dira Animedon topaketari loturik antolatu dituzten erakusketak. Batetik, Cinegēmu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo jokoan, irailaren erdialdetik azaroaren 7ra arte Okendo Kultur Etxean ikusgai, eta azaroaren 1ean bere komisarioen bisita gidatua izango duena. Egun bat lehenago, Liburutegi Nagusian, Euskadi Fantastikoa 21. Maria Jimenez & Letucse: Manga eta ilustrazioa erakusketa inauguratuko da.
Azkenik, Beldurrezko Astearen hasiera animatzeko, azaroaren 1ean, 17:30etik 20:30era, Dragon-con jardunaldia egingo dute, Bulebarreko Animedon plazan. Dragoien tradizio asiarra izango du oinarria, eta dragoiak sortzeko tailerrak, izaki fantastiko bihurtzeko makillaje guneak, ihes kutxak eta photocall bat egongo dira. Gainera, Pijamamanek animatuko du saioa.