Katxolako sagar uzta oparoa izan da
Familiartean ospatu dute Aieteko sagarraren festa, sei urte luzeren ondoren.

Eguraldi ona lagun, Aieteko Katxola baserri inguruko sagarrondoetan ibili dira gaur goizean hainbat familia. Sei urte luzeren ostean, Sagar Uzta festa berreskuratu dute Aieteko Lantxabe auzo elkarteak, Cristina Enea Fundazioaren Fruitondoan egitasmoak eta Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien Sailak.
Egun osoko egitarauarekin bat egin dute herritarrek eta familiek. Lehenik, Katxola baserria aurkeztu diete, eta jarraian abiatu dira Miramongo sagastiko 253 sagarrondoetako sagarrak jasotzera. Auzolanean aritu dira, batetik bestera, sagarrondoak indar neurtuarekin astinduz, eta lurreko sagarrak jasoaz.
Horrela, Katxola baserriko Sagar Uzta eta inguruko baserrietako aspaldiko ohitura berreskuratu dute. Jarraian, sagarrak zanpatu eta sagardo bihurtuko den muztioa egin dute. Katxolako jatorrizko dolarea hondatuta dagoenez, dolare mugikor batekin egin dute muztioa.
Familiartean egin duten sagar bilketaren irudi bilduma osatu dugu:














