«Udalari eta Adifi eskatzen diegu behingoz ados jartzeko, Herrerako tren geltokiko arazoak konpontzeko»
Erabiltzaileek eta bizilagunek bat egin dute Herripe auzo elkarteak deituriko elkarretaratzearekin.

Laster urtea beteko da Herrerako tren geltokiko igogailua —Zardoya aldekoa— matxuratu zenetik. Ordutik, geldirik dago eta ezin da erabili. Gainera, igogailu ondoko eskailerak, errebuelta handia egiten dutenak, egoera kaskarrean daude. Erraz zikintzen dira, eta euria egiten duenean, zeharo labainkorrak dira.
Hori dela eta, Herrerako bizilagunak haserre eta arduratuta daude, eta indarrak batzea erabaki dute arazoari ikusgarritasuna eman eta arduradunei konponbide bat eskatzeko. Ildo horretan, elkarretaratzea egin dute eguerdian, geltokiaren aurrean. Herripe auzo elkarteak deitu du, eta trenaren erabiltzaile diren auzotarrek parte hartu dute. EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziak ere han izan dira.
Elkarretaratze isilaren ondoren, egungo egoeraren berri eman dute auzo elkarteko kideek: “Duela lau hilabete inguru etorri ziren eragileak auzora, gaiari buruz hitz egiteko. Ordea, ez ziguten arazoa konpontzeko eperik eman. Adifek oraindik ez du udalaren eskuetan utzi obra, eta, horrela, igogailuak geldirik jarraitzen du. Beraz, udalari eta Adifi eskatzen diegu behingoz ados jartzeko, Herrerako tren geltokiko arazoak konpontzeko. Presioa egiten jarraituko dugu”.
Emakumezko batek ere hartu du hitza, bizilagunek bizi duten “abandonua eta utzikeria” salatzeko: “Esan zigutenez, Adif eta udala akordio batera iritsi ziren, eta igogailuaren mantenua udalari dagokio. Ordea, ez dute asmorik lan hori betetzeko”. Beste herritar batek, Ekialdeko Barrutiari egin dio erreferentzia, ustez hari dagokiolako irtenbide bat bilatzea. “Distrito Este dela diote, baina guri Distrito Ese dela iruditzen zaigu”, bota du ironikoki.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak dira, batez ere, geldirik dagoen igogailuaren kaltetuak.Inaxio Esnaola Aranzadi
Bukatzeko, auzo elkarteak nabarmendu du “ezinbestekoa” dela auzotarrek “bat egitea” tren geltokiko arazoa konpontzeko: “Mugitzea besterik ez dugu, presionatzeko eta arduradunek behin betiko soluzio bat eman diezaioten”.