Arkaitzerreka «porlanez suntsitu» dutela salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

“Zubietako erraustegiak bere kutsadura arazoak konpondu ez baina inguruko lurrak are gehiago izorratzen segitzen du: Arkaitzerrekan egunotan erreka bera eta bere inguruak ari dira suntsitu eta porlanez betetzen”. Hori salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak sare sozialetan, Arkaitzerreka errekastoaren hainbat irudi zabalduz. “Gipuzkoako herritar guztiek ikusi beharko lituzkete desastre horren irudiak”, mugimenduaren iritziz.
Erraustegiaren arazoek jarraitzen dute
Joan den astean, urriaren 11n, ke zutabe handia ikus zitekeen Zubietako erraustegitik gora. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren arabera, “sute hasiera txiki bat izan zen Gipuzkoako Ingurumen Gunearen (GIG-1) lehen faseko tamaina handiko hondakinak birrintzeko hobian”. Lurraldeko mankomunitate batetik iritsitako “material sukoiaren deskarga” batean identifikatu du jatorria. Sutea berehala itzali zuten plantako langilek eta ez da kalte pertsonal edo materialik izan, GHK-k adierazi duenez.
Bideo hau jaso berri dut Zubietako errauste plantatik! Eta izua, kezka eta haserrea baino ezin ditut sentitu. Zer gertatzen ari da? Ze kontrol mekanismo ditu planta horrek? Informazio argia eta gardena behar dugu inguruko erakunde eta herritarrok! pic.twitter.com/aTBl68z2qI
— Agurtzane Solaberrieta (@AgurtzaneSola) October 11, 2025