Realaren belar hockey taldeak golekin egingo du sailkapenean gora
Txuri-urdinek aise menderatu dute Castelldefels (0-5), eta gutxigatik galdu dute Egara liderraren kontra (2-1).

Ez da denboraldi erregularra izaten ari Realeko belar hockey taldearentzat. Garaipenak behar dituzte sailkapenean gora egiteko, baina lehiakide zailak izan dituzte jokaturiko zazpi partidetan. Asteburuan, bi neurketa izan dituzte txuri-urdinek, biak etxetik kanpo, eta bietan aritu dira ondo. Larunbatean, Castelldefels azken sailkatuari erraz irabazi zioten (0-5). Atzo, berriz, estu hartu zuten Egara liderra, nahiz eta gutxigatik galdu (2-1). Emaitza hauekin ez dute lortu sailkapenean posturik irabaztea, hamargarren tokian daude, baina sentsazioak askoz ere hobeak dira.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten Madrilen izotz pistan (0-5). Sasoi honetan, aldaketak aldaketa, maila hobea ematen ari dira. Horren eredu dira orain arte lorturiko garaipenak. Saikapeneko hirugarren postuan daude 9 punturekin. Aldiz, Txuri Urdineko neskak ez dira pasa den denboraldikoak. Haien kasuan, aldaketek nabarmen ahuldu dute gaztetu den taldea. Majadahondaren aurka bi bider galdu ostean, Puigcerdaren aurka ere amore eman behar izan zuten, larunbatean (4-7). Sailkapeneko laugarren tokian daude soilik 6 puntu batuta.
Futbolean, Realeko neskek garaipen garrantzitsua lortu zuten Eibarren kontrako euskal derbian (0-3). Edna Imade aurrelariak beste bi gol egin zituen, eta Lavogezek sarturikoarekin batera, armaginak gainditu zituzten. Horrela, sailkapen nagusiko hirugarren postua berreskuratu dute txuri-urdinek, eta Real Madril bigarren sailkatuarekin berdinduta daude, 17 punturekin. Noski, Bartzelona da liderra 24 punturekin. Bestalde, Realeko mutilek sailkapeneko azken postuan abiatu zuten jardunaldia, eta mamu horri buelta eman ezinda aritu ziren atzo Celtaren kontra. Ohiko akats batengatik galtzen hasi ziren arren, azken minutuetan berdintzea lortu zuten Carlos Solerren gol batekin (1-1). Irabazteko aukera garbiak izan zituzten, baina ez zuten partida ona jokatu. Gainera, arerioa bat gutxiagorekin aritu zen 50 minutu inguru, eta hori ere ez zuten aprobetxatu. Horiek horrela, jaitsiera postuetan jarraitzen dute txuri-urdinek 6 punturekin.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek agerian utzi du Gaskan asko estutu beharko dutela arerioek zerbait lortzeko. Bitik bi irabazi dituzte etxean, eta, oraingoan, Estepona menderatu zuten, alde nabarmenarekin (83-60). Gipuzkoa Basketek ere irabazi egin zuen, Illunben, zaleen aurrean. Cartagena gainditu zuten partida oso serioa jokatuta (75-69). Beraz, iritsi da gertu izan duten eta merezi zuten garaipena.
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 6. eta 7. jardunaldia
- Castelldefels 0 – Reala 5
- Egara 2 – Reala 1
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 – Puigcerda 7
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Madril 0 – Txuri Urdin 5
Futbola
Emakumezkoen liga, 8. jardunaldia
- Eibar 0 – Reala 3
Gizonezkoen liga, 9. jardunaldia
- Celta 1 – Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Ibaeta Basket 83 – Estepona 60
Gizonezkoen bigarren maila, 4. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 75 – Cartagena 69