Beldurrezko Astean 30 film luze eta 36 film labur eskainiko dituzte, besteak beste
Paul Urkijoren 'Gaua' filma izango da eskainiko duten lehena, eta 'Primate' lan estatubatuarra azkena.

Urriaren 31tik azaroaren 7ra bitarte izango da 36. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea. Guztira, 30 film luze, 36 film labur eta telebistako lau kapitulu proiektatuko dituzte. Gaur egin dute programazio osoaren aurkezpena, eta hemen ikus dezakezue. Hilaren 23an, 09:00etan, abonuak salgai jarriko dituzte Antzoki Zaharreko leihatilan. Aldiz, hilaren 27tik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrera solteak, 11:30etik aurrera.
Paul Urkijo zuzendariaren Gaua filmak inauguratuko du Beldurrezko Astea, hilaren 31n, Kursaalean. Aldiz, Johannes Roberts zinemagilearen Primate film estatubatuarra izango da eskainiko duten azkena, azaroaren 7an, Antzoki Zaharrean.
Euskal ekoizpeneko beste bi film luze ere eskainiko dituzte. Batetik, Antonio Muñoz de Mesak zuzendutako Santa Zeta, eta Alberto Vazquezen Decorado animazioko filma, euskarazko bertsioan. Horrez gain, Luc Bessonen Dracula: A Love Tale, Stephen Kingen nobela homonimoan oinarritutako The Long Walk, Thailandiako A Useful Ghost ekoizpen harrigarria, eta Eduardo Casanovak zuzendutako Silencio banpiroen telesaila ikusi ahal izango dira Antzoki Zaharrean.
Hain zuzen ere, Antzoki Zaharra izango da Beldurrezko Astearen topagune nagusia, beste behin ere. Film luzeen Sail Ofiziala han proiektatuko dute, 22 lanek osaturikoa. Aldiz, Viktoria Eugenia Antzokian eskainiko dituzte Animedon saileko filmak eta EITBk babesturiko euskal film laburren maratoia. Bestalde, Tabakaleran bi saio egingo dituzte: Eraserhead (1977), David Lynchek zuzendutako lehen film luzea, eta La torre de los siete jorobados (1944), Edgar Nevilleren Espainiako fantasiazko zinemaren klasikoa, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan.
Bang Bang Zinema berezia
Aurrekari moduan, larunbatean, hilaren 25ean, Bang Bang Zinemaren ohiko saio bikoitza egingo dute Antzoki Zaharrean, Beldurrezko Astearekin lankidetzan. Big Trouble in Little China (1986) eta The Lost Boys (1987) proiektatuko dituzte.