«Parkea noizbait eraikiko bada, hau da eman behar zen pausoa»
Intxaurrondoko Sorleku parkearen aldeko guraso taldea pozik dago udal gobernuak harturiko erabakiarekin, baina mesfidantza ere badutela aitortu dute.

Donostiako Udal Gobernuak 2026. urte bukaerarako aurreikusi du Intxaurrondoko Sorleku parkea erabilgarri egotea. Atzo onartu zuten lanen kontratazio espedientea, Tokiko Gobernu Batzordean. Aurrekontua 756.172 eurokoa izango da, eta bost hilabetekoa da lanak egiteko epea. Orain, lehiaketa publiko bidez adjudikatu beharko dute obra.
Sorleku parkearen aldeko guraso taldea pozik agertu da albistearekin: “Balorazioa positiboa da, ezinbestean. Parkea noizbait eraikiko bada, hau da eman behar zen pausoa”. Mobilizazio ugari egin zituzten pasa den urteko azarora bitarte, eta bistan da baliagarriak izan direla. Dena dela, “udal gobernuarekiko mesfidantza” mantentzen dutela aitortu dute: “Ikusita partaidetza prozesutik zenbat urte igaro diren, eta gertatu diren gauza guztiak, oraindik mesfidantza dugu”.
Basque Culinary Centerren GOe eraikinari erreparatu diote parkea egiteko epeari dagokionean. “Nahiko genukeena da GOe eraikina, kontrakotasun handiarekin, eraiki duten abiadura berean egitea Sorleku parkea. Bizilagunei zor zaiena da, eta prozesua motel doala ikusten badugu, prest gaude mobilizazioak egiteko”, nabarmendu dute.