Yago Agirre donostiarra Euskaltel Euskadin ariko da datozen bi denboraldietan
Loiolako Erriberako gaztea Euskadi Fundazioarekin aritu da afizionatuetan, eta 23 urtez azpiko Espainiako txapelketa irabazi zuen ekainean.

Profesionaletan egonkortzeko urratsa egin du Yago Agirrek (Loiolako Erribera, 2004). Euskaltel Euskadirekin sinatu du hurrengo bi urtetarako —2026 eta 2027–. Beraz, Donostiak beste txirrindulari bat izango du eliteko tropel nagusian. Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren dira beste bi ordezkari donostiarrak, nahiz eta bigarrenaren etorkizuna argitu gabe dagoen.
“Pauso hau ematea, lehenik eta behin, amets bat betetzea da, txirrindulari profesionala izateko ametsa, eta are politagoa da Euskaltel Euskadin, etxeko taldean, umetan telebistan ikusten nuena. Urtea oso ona izan da, Euskaltel Euskadira pasatzeko nuen helburua bete dudalako eta, aldi berean, oso urte polita izan delako, taldearekin txirrindularitzaz asko gozatu dudalako”, azaldu du Agirrek.
Datozen bi urtetan “txirrindulari gisa hazten jarraitu nahi” duela esan du, “aurrerapauso bat” ematearekin batera. “Etorkizunean txirrindularitza profesionalean urte askoz gehiago jarraitzea gustatuko litzaidake”, nabarmendu du donostiarrak.
Agirre Donostialdea Bizikletan taldean hezi eta hazi zen. 2022ko denboraldian zeresana eman eta Espainiako gazte mailako txapelketa irabazi ostean, profesionaletara egin zuen jauzia afizionatu mailatik pasatu gabe. Alemaniako Sauerland talde kontinentalak eman zion aukera, eta bi urtez aritu zen haiekin —2023an eta 2024an—.
Ordea, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen iaz, eta aurten Euskadi Fundazioarekin lehiatzen ari da afizionatuetan. Lorpen esanguratsuena ekainean lortu zuen, Granadan. Izan ere, 23 urtez azpiko Espainiako txapelketa irabazi zuen. Bestalde, pasa den sasoian beste bi garaipen eskuratu zituen; Madrilgo itzuliko bosgarren etapa eta Zamorako itzuliko hirugarren etapa.