«Bi arloetan, gogor lan eginda ere, ez dakizu emaitzak espero dituzunak izango diren»
Kirola eta neurozientzia uztartzen ditu Irati Mitxelena Balerdik (Gros, 1998). Bata zuria soinean, teoria genikoa alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzeko baliatzen du, eta zapatilak oinetan, aldiz, luzera jauzian urrutirago salto egiteko entrenatzen du. Tesia amaitzea eta 2028an Los Angelesko Olinpiar Jokoetan lehiatzea ditu helburu.
Zergatik erabaki zenuen judotik pistara jauzi egitea?
Txikitan, kirol asko egiten nituen. Lehen Hezkuntzan: judoa, saskibaloia, eskubaloia… denetarik. DBHn Eskola Kirola utzi, judoa serioago hartu, eta lehiaketan jarraitu nuen. 3. DBHn eskolarekin Belodromora etorri ginen eta ikusi ninduen entrenatzaile batek galdetu zidan ea atletismoa probatu nahi nuen. Ikusi nuen gustatzen zitzaidala eta ondo moldatzen nintzela. Ikasturtea hasi berria zenez, urte horretan biak uztartu nituen, eta 4. DBHn Donostiako Atletikon hasi nintzen. Judoa hiru egunetan entrenatzen nuen eta egun libre batean hona etortzen nintzen. Hurrengo urtean erabaki nuen atletismoan zentratzea eta judoarekin ez jarraitzea. Gerriko beltza azterketa bat da, eta marroia nuenez, ixteko modu polita iruditu zitzaidan. Beltza atera, eta utzi nuen.
«Berandu» hasi zinela esan ohi duzu, baina emaitza onak berehala lortu zenituen.
Badago jendea Lehen Hezkuntzan hasten dena, ni ez nintzen horren goiz hasi. Batxilergoko lehen urtean Espainiako txapelketa irabazi nuen, gero, 20 urtez azpikoan eta 23 urtez azpikoan egon nintzen, baita Europako Txapelketan ere. Uste dut 2021a izan zela nire lehen urtea absolutuan. 2022an, Espainiako Txapelketa irabazi nuen eta Munichera (Alemania) joan nintzen Europako Txapelketara. Nahiz eta berandu, behin hasita, maila mantendu dut.
Irailean Tokion (Japonia) jokatutako Munduko Txapelketara sailkatzeko gutxieneko marka, 6,70 metro, azken aukeran eta seigarren jauzian lortu zenuen. Uneren batean pentsatu al zenuen ez zenuela lortuko?
Bai. Urte hasieran jarri genuen helburua zen, Ramonek [Cid], nire entrenatzaileak, esaten zidan: «Irati, benetan, Tokion egon gaitezke eta horregatik borrokatu behar dugu»; baina banekien zaila zela. Pista estaliko denboraldi ona egin nuen eta aire zabalean oso ondo entrenatzen ari nintzen, baina txapelketetan ez nituen emaitza onak lortu. Ez nuen lortzen entrenatutakoa islatzea. Gainera, uztaila hasieran min hartu nuen eta uste nuen ez zidala denbora emango ez postuagatik ez markagatik sailkatzeko; baina Ramonek baietz zioen. Azken hilabete oso ona egin nuen, mina ez zen horrenbesterako izan, eta uztaila erdialdean ikusi nuen benetan aukera nuela.
Emaitza ez da ona izan, finaletik kanpo gelditu zinen; baina nolako bizipena izan da?
Kristorena. Nire lehenengo Munduko Txapelketa izan da, 20 urtez azpikora ez bainintzen joan, eta banuen gogoa. Gainera, beste kontinente batean, Tokio bada nahiko kaotiko eta itzela… Oso esperientzia ona izan da.
Halako testuinguru batean, zertan pentsatzen duzu jauzi egitera zoazenean?
Saiatzen naiz lantzen ari garen teknikako zerbait edukitzen horretan soilik pentsatzeko; ezertan ez pentsatzea arriskutsua izan daitekeela iruditzen zait. Txapelketa guztiak ez dira berdinak, batzuk bereziagoak dira; baina saiatzen naiz nirera egoten, kontzentrazioa galdu gabe. Tokion, adibidez, beroketetan pentsatzen nuen disfrutatu nahi nuela, «begira non nagoen».
Txapelketa horrekin denboraldi luze bat bukatu zenuen, eta atsedenaldi labur baten ondoren, entrenatzen hasi zara berriro. Zein da zure hurrengo erronka?
Martxoan, pista estaliko Munduko Txapelketa dago Polonian, eta udaran, Europako Txapelketa. Jakinarazi dutenez, Munduko Txapelketara hamasei atleta besterik ez dira joango, eta horrek asko zailduko du; baina, printzipioz, horiek dira helburuak. Bestalde, nahiz eta aurten nire marka hobetu dudan, uste dut gehiago eman dezakedala, beraz, hobetzen jarraitzea ere.
Luzera jauziari dagokionean, zein da zure gerriko beltza, Olinpiar Jokoak?
Bai. Olinpiar Jokoak kenduta, Munduko Txapelketa batean egotea kristorena iruditzen zait. Ez dut parte hartu pista estaliko Munduko Txapelketa batean, baina, egia da, aire zabalean balio handiagoa duela. Lau urtean behin izateak ere, zailtasun horrek, ematen dio horrenbesteko balioa. Hiru urte dauzkat.
Kirolariaz gain, Neurozientzian graduatua ere bazara. Cincinnatiko Unibertsitatean (AEB) ikasi zenuen, zergatik aukeratu zenuen?
Batxilergoko lehen urtean, udaran, Espainiako Txapelketa irabazi nuen jauzi hirukoitzean eta hango unibertsitate batzuk hasi ziren nirekin harremanetan jartzen, eta ni beste batzuekin. Neurozientzia ikasi nahi nuen eta kirolean ona izatea ere. Horregatik aukeratu genuen. Hemen ez bezala, han dena errazten dizute eta asko eskertu nuen. Zuk egin behar duzu, baina erraztasun asko dituzu. Unibertsitateko denboraldian parte hartzen nuen, eta maiatza-ekainean amaitzen zenez, Espainiako Txapelketan parte hartzen nuen udan. Lau urte oso polit izan ziren.
EHUn Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboa masterra egin, eta doktoregai gisa, CIC Biogunean ikertzen duzu. Argi izan al duzu beti neurozientziak ikertu nahi zenituela?
Beti gustatu zait ikerketa eta nerbio sistemak beti piztu du nire jakin-mina, modu kliniko batean. Iruditzen zait neurozientzia badela arlo bat jakiteko asko falta zaiguna; eta ezjakintasun horrek, horrenbeste falta dela ikusteak, interesa pizten dit. Beste gaitz batzuetaz ere ez dakigu horrenbeste, baina ez dira hain dramatikoak. Gaixotasun neurodegeneratiboak badira, ez dute ez tratamendurik ez sendagairik.
Alboko esklerosi amiotrofikoari (ELA) lotuta diharduzue…
Egia esan, guk ez dugu ELA ikertzen; daukaguna gaitzari aplikatu baizik. Tratatzeko modu bat da, baina ez dugu ikertzen. ELA gaixotasun neurodegeneratibo oso bortitza da, muskuluak degeneratzen doaz, eta oraintxe bertan, ez dago ezer. Hori oso gogorra da. Zoritxarrez, ez dakigu zerk sortzen duen, baina badakigu oinarri genetiko oso indartsua duela eta gene batzuk oso lotuta daudela, mutazioak daudela. Egin nahi duguna da, mutazio horiek zuzendu edo horiek dituzten zelulak kendu.
Proiektua ikusi nuen eta gustatu zitzaidan, baina ez da ELA ikertu nahi nuela, gaixotasun neurodegeneratiboekin zerbait egin nahi nuen. Taldearekin hitz egin nuen eta beka bat eskatu tesia egiteko —Terapia genikoa ELAn—, datorren urtean bukatuko dut.
ELAren ikerketan zein da erronka nagusia?
Jatorria topatzea. Gu zelulekin hasi ginen eta saguekin ari gara orain… Jendea harritu egiten da, baina gaixotasun bat duten saguak eros ditzakezu. Badaude ELA garatzen duten saguak, baina ez dute ELA duen pertsona baten antzik, gauza batzuk areagotu egiten baitira gaitza sortzeko. Ez dakigunez zerk sortzen duen, zaila da modeloak sortzea, eta modelorik ez baduzu, terapiak probatzea ez da hain erraza edo saguengan funtzionatzen duenak ez du gizakiongan funtzionatzen. Lehenik, gehiago jakin behar dugu jatorriaz, eta ondoren, modelo edo tresnak sortu beste guztia probatzeko.
Urruti al dago?
Zaila egiten zait esatea, baina ikusten dut jendea ari dela horrenbeste gauza ikertzen, hainbeste puntutatik, zerbait aurkitu behar dugula. ELAren kasuan argi dago oinarri genetiko garrantzitsua duela, baita beste gauza batzuek disfuntzioa ere. Gehiago da gauza asko elkartzen direnean sortzen dela. Gero eta gehiago dakigu, gero eta datu gehiago daude, momenturen batean aurkitu beharko dugu zer edo zer.
Ikerkuntzarako baliabideak beharrezkoak dira. Zein da ikertzaileon egoera EAEn?
Baldintzak ez dira onenak. Tesian ordu asko sartzen ditut, baldintza ez oso onetan. Uste dut hobetu beharko liratekeela. Datorren urtean bukatuko dut eta ikerketa gustatzen bazait ere, iruditzen zait zure bizitzaren ardatz bihurtu behar duzula. Askotan, ikerketan jarraitu nahi baduzu, atzerrira joan behar duzu, jakin gabe itzuli ahal izango duzun, ezta, bueltatzekotan, nora etorriko zaren ere. Ez daukazu euskarririk. Jaurlaritzak badu beka bat, bi urte atzerrian eta bi urte hemen egiteko, etortzen laguntzen dizuna. Egonkortasuna falta da ere. Proiektu bat hartzen duzu eta gero ez dakizu jarraitzerik izango duzun. Tesia amaitzean, ez dut uste gai horrekin jarraituko dudanik eta horrek pena ematen dit. Ikerketan jarraitu nahiko nuke, baina ez edonola; baldintza duinekin. Hemengotik ikusita, atzerrian ikasi nuen karrera, baina hemengoa naiz; masterra eta doktoregoa hemen egin ditut, nahiko nuke jakinduria hori hemen geratzea. Hori zail dago eta oraintxe ez daukat kanpora joateko gogorik.
Emakumezkoak nagusi ez diren bi esparrutan diharduzu: kirola eta zientzia. Generoari dagokionean, alderik nabaritu al duzu?
Atletismoan, ez horrenbeste. Txapelketak-eta elkarrekin egiten ditugu, nahiz eta aurten hasi diren batzuk banatzen. Beste kirol batzuetan ez da gertatzen, baina nik beti entrenatu dut neskekin eta mutilekin; gustatzen zaidan zerbait da. Taldean erdia eta erdia gara; baina entrenatzaileen artean mutil gehiago daude. Hor nabari da.
Lanean agerikoagoa da. Doktoregoa egiten neska asko gaude, baina goragoko postuetan, nire arloan —Biologia edo Biomedikuntza– behintzat, orokorrean, mutil gehiago daude. Guraize itxurako grafiko bat badago: graduan neskak gehiago dira, doktoregoan ere, baina gogoragoko postuetan, eta batez ere, ikertzaile nagusi edo buruen artean, oso neska gutxi daude. Ikerketaren funtzionatzeko moduarekin lotura du: oso lehiakorra da, asko kostatzen da egonkortzea, eta askotan, biologikoki nahiko adin garrantzitsuetan. Emakume bat ama bada…Toki batzuetan saiatzen dira bultzatzen, batez ere, ikusita ez dela hasieran neskarik ez dagoela. Non gelditzen dira eta zergatik?
Edonola, kirola egiten duten emakumezkoak gero eta gehiago zarete.
Bai. Kristoren aldea ikusten dut amonarekin edo amarekin hitz egiten dudanean: amonak ez du inoiz kirolik egin, amak ez zuen gaztetan egiten eta orain hasi da. Nabari dute ere gimnasio batera joatean; lehen, dena mutilak ziren eta orain gero eta neska gehiago ikusten ditut. Uste dut orokorrean aldatzen ari dela, eta pozten nau. Lehen, aipatutakoaren antzeko zerbait gertatzen zen: umetan bazeudela, baina DBHn edo Batxilergoan askok uzten zutela. Nire kuadrillan ikusi nuen hori. Beti oso kirolariak izan dira, askok utzi zuten, eta orain berriro hasi dira.
Zer dute komunean bi esparruek?
Diziplina, dedikazioa eta ziurgabetasuna. Bietan lan pila egin behar duzu, jakin gabe gero aterako zaizun. Eta horrek dakarren frustrazioa ere. Bietan gogor lan eginda ere, ez dakizu emaitzak espero dituzunak izango diren. Oso metodikoa izan behar duzu. Atletismoan, gainera, ez dira soilik pistan gauden orduak, handik kanpokoak ere oso garrantzitsuak dira, bai deskantsua bai elikadura. Dena.
Nola kudeatzen duzu frustrazioa?
Bata bestearekin. Biak gaizki ateratzen badira egun berean, bada… Gehiagotan aplikatzen dut kirolekoa zientzian. Kirolean ikasi dut askotan ez dela ondo ateratzen, baina momenturen batean ateratzen dela. Lanean jarraitu behar dudala eta aterako dela.
Munduko onenen artean zaude luzera jauzian, baina egonkortasunik ez duzu; ezta ikerketan ere. Inoiz pentsatu al duzu bata edo bestea uztea?
Ez. Askotan pentsatu dut ea zergatik aukeratu ditudan bi hauek. Atletismotik bizi daiteke, orain ez dudana da egonkortasuna, eta hori nahiko nuke. Oraingoz ez, oraingoz gustura nago. Urteren bat izan dut gogorragoa, tesiarekin eta jardunaldi osoan lanean hasi nintzenean kostatu zitzaidan, fisikoki ere, nekeagatik. Badakit ez dudala erritmo honetan asko iraungo, zaila delako, baina, zentzu horretan, kirolak ere badu epe muga. Aurten, Munduko Txapelketara iristeak ematen dit jarraitzeko indarra.
Gustatuko al litzaizuke buru-belarri aritzea atletismoan?
Bai. Badakit hiru urte falta direla eta gauza asko gerta daitezkeela, baina nahiko nuke Los Angelesen egotea [2028ko Olinpiar Jokoak] benetan saiatu. Datorren urtean, tesia bukatzen dudanean, ez dut uste lana guztiz uzteak on egingo lidakeenik, baina Los Angeles arte lanaldi erdi batean aritu nahiko nuke.
Oraingoz, txapelketetarako gordetzen dituzu opor egunak. Erraztasunik ematen al dizute bi arloak uztatzeko?
Ikerketak daukan onena, edo ikerketa taldean badudana, ordutegi malgutasuna da. Hori ondo datorkit, baina orduak berdin egiten ditut eta ez dut tratu berezirik jasotzen. Nire lana egiten dudan bitartean, malgutasuna dut; eta eskertzen dut.
Zure egunerokoa nolakoa da?
Astean bost egunetan entrenatzen dut. Jaiki, 8:30etik 17:00etara bitartean-edo lan egin, eta, gero, entrenatzera noa. Dutxatu, afaldu eta lotara.
Kirolak laguntzen al dizu lanean?
Bai. Egia da txapelketek estresa dakartela, eta orduan, alderantziz izaten da. Aste honetan, adibidez, lan asko eduki dut eta nahiko mugitua izan denez entrenatzera joatean disfrutatu dut. Behar nuen. Ateratzen nintzen ordu asko sartu ondoren, nekatuta, estresatuta… Niretzat, entrenamendua nire momentua da, badakit on egiten didala, eta eguna askoz hobeago bukatzen dut.
Eta kontrakoa: laguntzen al dizu zure lanak kirolean?
Bai. Okerrena da biak oso gogor daudenean. Txapelketetan ere intentsitate handikoa da: sailkapena, txapelketa… beste gauza batzuetan pentsatzeko aukera ematen dit lanak, hortik ateratzeko. Asko lagundu dit ere lesionatuta egon naizenean, buruan beste zer edo zer izateko.
Anoeta kirol eremuko azpiegituretan entrenatu ohi duzu. Zer iritzi duzu haiei buruz?
Uste dut oso ondo geldituko direla. Guk zortea dugu Belodromoa dugulako, baina udan Maria [Vicente] eta biok aire zabaleko Munduko Txapelketarako entrenatzen ari ginela, askotan pista bila ibili gara. Herri batzuk edo pista batzuetakoak oso ondo portatu dira; beste batzuek, trabak besterik ez dituzte jarri. Gehiena hemen egin dezaket, baina diziplinaren arabera ezin da. Gainera, irailean Zinemaldiagatik itxita egon zen eta hemen entrenatzen dutenek oso gaizki pasatu zuten. Eskertzen dut egiten ari direna, baina alternatibak pentsatu behar zituzten.


