Etxebizitzak pobrezian duen eragina aztertu du Caritasek: artatuen %60 bizitoki-bazterkeria egoeran dago
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen topaketak. Caritasek ohartarazi du, beste urte batez, etxebizitzarako sarbideak izateko zailtasunek pobrezia kronifikatzen dutela. Urtero egiten duten txostenean jaso dute ondorio hau, eta adierazi dute ikertutako familien %60 bizitoki-bazterkeria egoeran edo arriskuan daudela.
Pertsona guztiek etxebizitzarako duten eskubidearen inguruko kanpainak landu zuten 2024an. 5.320 etxe aztertu zituzten, horietatik %38,7 pertsona bakarrik, %30,8 bikoteak seme-alabekin, %20,5 guraso bakarreko familiak, %4,8 seme-alabarik gabeko bikoteak eta %5,2 bestelakoak.
Alokairua, “gero eta eskuraezinagoa”
2024an Caritas Gipuzkoa bidelagun izan duten familien heren batek baino gehixeagok (%35,6) alokairuko etxebizitza bat zuten (ez babes ofizialeko etxebizitza); etxe ugarik merkatu formalean irauteko egiten duten ahalegina erakusten du datu horrek.
Caritas Gipuzkoak ahalegin hori babestu du, eta, 2024an, 1.022.731 € bideratu zituen zuzenean etxebizitzari lotutako gastuetara. Lagundutako etxebizitzei emandako zuzeneko laguntza ekonomikoen (2.270.582 €) ia erdia da kopuru hori.
Izan ere, FOESSA Euskadi 2022 txostenean jasotzen denez, EAEko etxebizitzen %12,4k gehiegizko gastuak dituzte etxebizitzaren esparruan. Hau da, etxebizitzari lotutako gastuak ordaindu ondoren, pobrezia latzaren atalasearen azpitik geratzen dira.
Logelak eta azpierrentamenduak: arazoaren ezkutuko aurpegia
Hona hemen daturik kezkagarrienetako bat: logela azpierrentatuetan bizi dira etxeen % 23,5tan; askotan, familia ezezagunekin partekatzen dituzte espazio txiki-txikiak edo pilatuta bizi izaten dira.
Aztertutako etxeetako parte nabarmen bat bere ohiko bizilekuan erroldatuta dago, eta hilero ordaintzen du ostatuaren truke, baina ez du alokairu-kontraturik. 1.128 familia dira guztira; 2024an artatutako familien % 21.
Segurtasun juridikoa mugatzen duten azpierrentamenduak, logelak eta hitzezko lagapenak dira: kontraturik gabe, ez dago egonkortasunik, “zaila da bizilekua ziurtatzea administrazioaren aurrean, eta zaila da konponketak erreklamatzea eta bizitokia ziurtatzea eskatzen duten prestazioetarako sarbidea izatea”.
Etxebizitza ez-segurua duen talde horretan “etxegabetze isil” ugari izaten dira (sarrailak aldatzea, kaleratze informalak), baita bizitoki-aldaketa ugari ere, eta horrek eragina du adingabeen eskolatzean, osasunean eta lan-aukeretan.
Bizitokirik gabe: etxebizitzaren arazoaren alderdi gordinena
Caritas Gipuzkoak artatutako etxeen %14,8k —sarritan, pertsona bakarrak osatutako bizikidetza-unitateak— ez zuten inolako etxebizitza-motatarako sarbiderik; beraz, etxebizitza zirkuitu egonkorretatik kanpo zeuden. Bizitoki-bazterkeriaren alderdirik larriena da.
Kaleko, larrialdiko eta aldi baterako harrerako errealitateak dira, bizitoki bat izatea pribilegio bilakatu den gizarte baten azken muga erakusten dutenak.
Ondorio “kezkagarriak”
Iaz Caritasera jo zuten bizikidetza-unitateetatik %41,9 baino ez ziren bizi etxebizitza egoki batean, alegia. Gehiengo handi bat alokairu arrunteko araubidean zegoen, eta babes ofizialeko etxebizitzak eta jabetzako etxebizitzak (hipotekadunak eta hipotekarik gabeak) gehitu behar zaizkio horri.
2024ko datuak oro har hartuta, Caritas bidelagun zuten etxeen % 58,1 bizitoki-bazterkeriako egoeran edo horretarako arriskuan zeudela ziurtatu dute; hau da, aterperik gabe, etxebizitzarik gabe, ziurtasunik gabe edo ostatu desegokietan.
Azterketaren datuek “berresten” dute “etxebizitza baterako sarbidea dela eskubideak betetzeko oztopo handienetariko bat”, oraindik ere. Gehiegizko aurrekontu-gastuak karga handia izatera iritsi dira, etxeko ekonomia, osasuna (baita osasun mentala ere) eta inklusio-aukerak baldintzatzen baitituzte.
“Asmo handiagoko politika publikoen eta etxebizitza duina izateko eskubidearekin konprometitutako erantzun sozial baten premia indartzen dute datu horiek, ezinbesteko baldintza baita herritarren parte-hartzerako eta egonkortasunerako”, aldarrikatu dute.


