GOE eraikina protesta artean inauguratu dute
Hiriko beste hainbat proiektuk pilatu duten atzerapenarekin alderatuta, erritmo bizian eraiki dute Basque Culinary Center fundazioaren Gastronomy Open Ecosystem (GOE) eraikina. Asteartean inauguratu zuten agintariekin, sukaldariekin eta GOEren kontrako herritarrekin.
Agintari politikoak eta sukaldariak, pasa den astelehenean, inaugurazio ekitaldian.Nagore Garmendia Artano Plazera eta onuragarria batzuentzat, espoliazioa eta kaltegarria besteentzat. Denbora errekorrean eraiki eta inauguratu dute Gastronomy Open Ecosystem (GOE) eraikina. Basque Culinary Center fundazio pribatuak sustatu du, erakunde publikoen babes zabalarekin. Horrela ere, BCCk dio ez dela haien bigarren egoitza, Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak gradua garatzeko gunea baizik. Asteartean egin zuten inaugurazio ekitaldia, batzuen pozarekin eta besteen haserrearekin.
Hitzak hitz, Gros eta Ulia arteko Okendo Alde eremua zeharo eraldatu dute «Donostiaren ikur izan behar duen berrikuntzaren» eraikin bat jartzeko. Hori da Nekane Arzallus behin-behineko alkateak aurkezpen ekitaldian adierazi zuena. «GOE ona izango da Donostiarentzat», gaineratu zuen, eta Eneko Goia alkate ohiari esker oneko hitzak eskaini zizkion, han zelako, beste askoren artean. Hain zuzen ere, inaugurazioan izan ziren Imanol Pradales lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Luis Planas Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak ere hitz egin zuen, GOE «apustu handi bat» dela nabarmentzeko: «Hiritarrentzat pentsatutako proiektu bat da», adierazi zuen. Ordea, GOE eraikinaren inguruan eta Donostian bizi diren herritar ugarik proiektuaz pentsatzen dutena protesta gisara plazaratu zuten, iragan astelehenean. «Ondare publikoaren espoliazioa» salatu zuten, Ez dugu nahi, ez dugu behar lelopean. Okendoko kultur etxe parean hasi zuten elkarretaratzea, baina Poliziak hor egotea debekatu zien. Hala, Groseko anbulatorio aurrera mugitu zituzten, «Donostiaren irudi berria» errefusatzen dutela adierazteko. 23 erakundek, elkartek eta auzo elkartek babesturiko mobilizazioa izan zen.
22 metroko olatuak
Donostiako Udalak, Goia alkatea buru zuela, 2021eko abuztuaren 10ean iragarri zuen BCCri 5.500 metro koadroko lursail bat utziko ziola. Orduan abiatu zuten Okendo Alde eremuko plan berezia aldatzeko eta onartzeko tramitazioa. Izan ere, 2010eko hiri antolamendurako plan orokorrak ez zuen aurreikusten BCCren eraikinik. Bai, ordea, adinekoentzako eta gazteentzako eraikin bana —guztira, 90 etxebizitza—. Plan berezia aldatzean, aipaturiko apartamentuak mantendu zituzten arren, horien inguruko berririk ez dago.
Basque Culinary Centerrek 2022ko maiatzean jakinarazi zuen egoitzaren izena Gastronomy Open Ecosystem (GOE) izango zela. Horrekin batera, nazioarteko lehiaketa baten bidez erabakitako egoitza berriaren diseinua aurkeztu zuten: Danimarkako Bjarke Ingels Group (BIG) arkitektura estudioaren Olatuen bidea proposamena. Izen horren arrazoia Ingels arkitektoak berak azaldu zuen asteleheneko inaugurazio ekitaldian: «Ulia menditik itsasoraino Santiago Bideak egiten duen formari keinu bat da». Altua da olatuen bidea, eraikinak 22,5 metroko garaiera duelako.
Udal gobernuak 2023ko martxoan onartu zuen behin betiko U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren plan berezia. Ulia Auzo Elkarteak eta beste eragile batzuek erabaki horren kontra egin arren, udal gobernuak erritmoa azkartu zuen GOE ahalik eta azkarren eraikitzeko. Azkenik, 3.836 metro koadroko lursaila eman zion udalak BCCri. Finantziazioari dagokionez, 26 milioi euroko aurrekontua zehaztu zuten. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak hemezortzi milioi euro jarri ditu, Gipuzkoako Aldundiak sei milioi euro eta BCCk bi milioi euro. Udalak, berriz, ez du dirurik jarri, lursaila doan lagatzeagatik.
Okendo Aldeko eremu berde horretan zeuden zuhaitz guztiak 2024ko urtarrilean bota zituzten, eta horren kontrako manifestazio jendetsua egin zuten bizilagunek. Egun batzuk geroago hasi zituzten lanak, eta azkar batean altxatu dute GOE. Pentsa, 24 hilabete behar izan dituzte lanak hasteko eta bukatzeko.
Lau solairu
Pasa den asteko ostiralean, GOEren ate irekien jardunaldi bat egin zuten, eta aurretik izena emandako mila herritarrek baino gehiagok bisitatu zuten. Berrehun laguneko bost txandatan egin zuten bisita, eta eraikinean batetik bestera ibili ziren. Lau solairuetan izan ziren, hasiera batean proiektuak lur azaleko hiru solairu izatea aurreikusi bazuen ere. Lur azpiko beste bi ditu. Laugarren solairuan dago jatetxea, 2026ko urtarriletik aurrera martxan izango dena, eta berrogei pertsonarentzako lekua izango duena. Beraz, gastronomia eta berrikuntza zentro bat ez ezik, ostalaritza establezimendu bat ere izango da.
GOEk lau gune izango ditu, eta horren arabera egin dute gainerako solairuen banaketa. Harreraz aparte, lehen solairua izango da herritarren parte hartzeko gunea. Bigarren solairua zeharo irekia da, eta herritarrentzako zein profesionalentzako jardunaldiak antolatuko dituzte. Azkenik, hirugarren solairua prestakuntzara bideratuko dute. Han kokatu dituzte sukalde mugikorrak, zoru gorri baten gainean.
Inauguratu duten arren, GOE eraikinaren inguruko urbanizazio lanak bukatu gabe daude. Hain zuzen ere, Nafarroa etorbidea eta Manteoren goiko aldea lotuko dituen igogailua falta da, eskailerak dagoeneko jarri dituzten arren. Bestalde, eraikina berdetuko duten landaredia jartzen hasi badira ere, momentuz, marroia eta grisa baino ez da.



