«Kantak horrela aurkezteak arnas pixka bat ematen diela iruditzen zait»
Bakarka eta talde gisa sorturiko abestien bilduma da 'Burdin gozoa eta arrabioa', Physis Versus Nomosen bosgarren iraupen luzeko lana. Beñat Antxustegik (Ulia, 1989) aitortu duenez, sormena behartu gabe eta naturalki egindako lana da.
‘Burdin gozoa eta arrabioa’ diskoak azal koloretsua du.
Jone Taberna artistari eskatu genion azala, gustuko genuelako zuri-beltzean egindako lana. Ordea, koloreekin marrazten ari zela esan zigun. Nahi zuen moduan egiteko aukera eman genion, eta zuri-beltzeko azala izango zela uste bagenuen ere, koloretsua da emaitza. Bi aukera proposatu zizkigun, akuarelaz margoturikoak, eta lehendabizikoa aukeratu genuen. Marrazkia bitan zatitu zuen azalerako, baina barruan osorik ikus daiteke.
Izenburuarekin bat egiten du ilustrazioak?
Besarkada bat irudikatzen du, baita urruntze bat ere. Burdin gozoak taldearen abestiei egiten die erreferentzia, gogorragoak direlako. Arrabioa, berriz, burdin mota bigun bat da, hauskorra. Horrek erreferentzia egiten dio bakarkako kanta akustikoei. Beraz, talde izaeraren eta bakarkakoaren arteko borroka horrekin du lotura izenburuak. Azalak nahiko ondo islatzen du barrukoa.
Eta nolakoa da mamia?
Bederatzi abesti ditu; hiru bakarlari moduan eta beste seiak taldean. Ordena, berriz, orekatua da, taldearen bi kanta bakoitzeko, bakarkako bat tartekatu dugulako. Tentazioa izan nuen bitan zatitzeko, baita disko bikoitza izateko ere. Abesti gehiagorekin egin zitekeen. Bestalde, gure kanta zaharren lau moldaketa daude, eta berriak bost dira. Berreskuratu ditugun lauak nik bakarka grabaturikoak ziren, eta egun zuzenean nola jotzen ditugun erakutsi nahi genuen.
Physis Versus Nomos taldeak betidanik izan duen izaera bikoitza da, beraz, lan honek ere jasotzen duena. Abesti berrietan zer islatu nahi izan duzu?
Musika lehenesten dut beti, eta melodiak sortzean gehitzen ditut letrak. Azken urteotan, bildutakoa, burutazioak ideiak eta beste ditut hizpide. Egia da ere, orain letrei garrantzia handiagoa ematen diedala.
Grabazioak ere bitan banatu dituzue. Zergatik?
Diskoaren lehen zatia urtarrilean grabatu behar genuen Gasteizen, eta, bigarrena, geroago, Beran. Ordea, taldeko bi gaixotu ginen eta ezin izan genuen joan. Dena atzeratu behar izan genuen, eta, ondorioz, beste estudio bat behar genuen, nahi genuenerako okupatua zegoelako. Azkenean, Berako Atala estudioan grabatu genuen martxoan, Gasteizen egin behar genuena. Ondoren, abesti berriak egin nituen etxean, eta nire kabuz grabatu nituen Ulian.
Puzzle moduko bat da diskoa, kaos ordenatu bat. Ados zaude?
Baliteke. Kaos ordenatu horrek badu lotura diskoan aipatzen dudan Wu wei filosofiarekin. Lan baterako nahikoa material dagoela ikusten dudanean, aurrera goaz, baina behartu gabe. Horrela lan egitearen aldekoa naiz, eta gustuko dut izaera bikoitz hori, abesti batzuk bakarka eta beste batzuk taldean egitearena. Kantak horrela aurkezteak arnas pixka bat ematen diela iruditzen zait.
Dena dela, aitortu behar dut zuzenean arraro samar geratzen zaigula. Bandarekin hasten gara jotzen, eta emanaldiaren erdi partean bakarka abesti bat jotzen dut, eta beste bat Eneko Sierra saxofoi jotzailearekin. Ondoren, berriz ere taula gainera itzultzen dira taldeko beste kideak. Behin bakarrik egin dugu horrela, eta Kutixik jaialdian egingo dugu bigarrenez.
Eneko Sierra aipatu duzu, baina beste bi bidelagun ere badituzu taldean: Unai Pelayo ‘Pelax’ baxu jotzaile gisa, eta Xalba Ramirez baterian. Zer ekarpen egiten dizute?
Bakarrik ez egotea, lehenik eta behin. Laguntasuna ere, eta abestiei ekarpenak egitea, nahiz eta azken erabakia nirea izan. Askotan, eskertuko nuke bakarrik egotea, baina taldean aritzea ere gustuko dut, zerbaiten parte sentitzen naizelako beraiekin. Halere, dagoeneko ez naiz bakarrik jotzera joaten, bikote moduan baizik, Eneko edo Pelaxekin. Bestalde, zuzenekoetarako Iker Vazquez bateria jotzailearekin ariko gara, Xalbak atseden hartzea erabaki duelako.
Hiru kideez gain, mamia aberastu duten kolaborazioak ere baditu diskoak, ezta?
Bai, noski. Juan Kruz Igerabideri poema bat lapurtu nion musikatzeko, eta horren emaitza da Babes estaldura. Jone Laspiurrentzat egokia izan zitekeela esan zidan Xalbak, eta arrazoi zuen. Lalala kantan, berriz, Paxkal Irigoien, Amets Aranguren eta Kattalin Ezkerrak kantatu dute. Gainera, Ametsek Ea goiz dan piezan ere jarri du ahotsa.
Hasi zarete diskoa zuzenean aurkezten, eta aurrera begira emanaldi ugari dituzue. Lehena, bihar, Intxaurrondoko Kutixik jaialdian.
Kontzertuen aroa dator, bai. Batetik, egin nahi ditut, eta, bestetik, ez ditut egin nahi. Guraso izanik, kontziliazioa bermatu nahi dut. Hori bai, azaroko agenda bete zaigu, eta dagoeneko itota sentitzen naiz. Ez gara birak egiten dituen taldea, baina zuzeneko ugari eskainiko ditugu. Bihar Kutixik jaialdian joko dugu, Intxaurrondoko kultur etxean, eta lehenak izango gara. Beraz, jendea garaiz etor dadila, mesedez. 19:00etan hasiko gara, eta jendea 18:15erako etortzea eskertuko genuke.



