Santa Katalina zubian lan istripua 1872an, Langileen I. Internazionalak salatua
Kapitalismoaren garapenarekin batera, XIX. mendean, langileen nazioarteko antolakuntza politikoa abiatu zen. Donostian izan zuen ere, noski, bere jarduna. 'El eco de los trabajadores' aldizkariari esker iritsi zaizkigu haren oihartzunak.
Santa Katalina zubia, 1872an. Kutxateka Santa Katalina zubia egurrezkoa izan zen mende askoan zehar. Beti hiriaren inbasioaren beldur, edozein unetan suntsitzeko prest. 1592an, erditik altxatzen zen zubi bat eraiki zuten, itsasontziak pasatzeko, Urumea ibaia barkuen pasabide garrantzitsua baitzen. Itsasoak hainbat aldiz bota zuen zubia, edo zubi zatiak, baina 1638an osorik eraitsi behar izan zen, Frantziako armada pasa ez zedin. 1813an, Napoleonen tropek suntsitu zuten zubia, eta 1835ean, liberalek, karlistak sar ez zitezen.
1813ko sute eta arpilatzearen ondoren, Pedro Manuel de Ugartemendia arkitektoak egindako proiektuan, murruen eraisketa eskatzen zuen herriak, plaza militar izateari uzteko. Eustasio Amilibia alkatearen eta Antonio Cortazar arkitektoaren eskutik etorri zen eraldaketa, hiri europar –paristar– gisa berreraikitzeko Donostia –haussmanizazioa barne–. Zubi neoklasiko gisa eraiki zen –Parisko Concorde zubiaren antza duela diote askok–, eta hasiera batean bost arku zituen arren, egun, lau besterik ez ditu, bosgarrena Euskadi plaza azpian geratu da. 1872ko ekainaren 23an inauguratu zen zubia, Alfonso XII.a Espainiako erregea eta guzti.
Eta zer zerikusi du honek guztiak I. Internazionalarekin?
‘El eco de los trabajadores’
Bada, hain zuzen, Internazionalaren Espainiako federazioko astekariari esker dakigu lan istripu larri bat izan zela zubiaren eraikuntzan. Honela jasotzen da Bartzelonan argitaratzen zen La Federación aldizkariko 1872ko martxoko alean: «Langileen elkarteko kideek bilera publikoa egin zuten atzo, hilak 8. Bilera horretan, besteak beste, eraikitzen ari ziren zubi baten hondoratzean elbarri geratutako [inutilizados] hiru langile dohakaberen familien egoera desesperatua konpondu nahi zuten. Lanaren seme gaixoak! Dio El eco de los trabajadores-ek honen harira [aldizkari hau Donostian argitaratu zen, Internazionalaren ildoan, baina ez da, dakigunez, alerik gorde]. Zuentzat zorigaitzak besterik ez daude, betierekoak izango direnak, zuek bizi zareten axolagabekeriaren eta abandonuaren ametsetik esnatzen saiatzen ez zareten bitartean».
I. Internazionalaren baitan antolatutako talde aktiboa zegoen hirian; lan istripuak salatu eta Parisko Komuna oroitu zuten 1872an
Honela, bada, ez dakigu zein izan zen zubi hau eraikitzean izandako kostu pertsonala. Baina publikazio honi esker badakigu nazioarteko langile mugimendua antolatzen ari zen garai berean, Donostian eta Gipuzkoan bazirela ehunka kide politikoki antolatzeko asmoz.
Donostia, Parisko Komunarekin
Munduko langile borroka guztiekiko batasuna sustatzen ari zen Donostian garai hartan, jada. Urte hartako martxoaren 18an, hain zuzen, Parisko Komuna oroitzeko bilera egin zuten. Halaxe dio kronikak: «Langileen arteko anaitasun harremanak estutzeko topa egin zuten denek, eta Parisko gertakariak oroitu zituzten. Tolosako gure kideek langileen elkartasunarekiko benetako fedez beteriko hitzaldiak eman zituzten. Bileran ordenarik osoena eta alaitasunik inbidiagarriena nagusitu zen. Tolosako langileetako batek esan zuen ekitaldian diru bilketa bat egingo zela Comunne-ko zorigaiztokoen familiei laguntzeko, eta haien pentsamendua berehala gauzatu zela, kopuru apal bat jasoz, eta kopuru hori Bartzelonan jasotzeko arduradunari bidali zitzaion».
Eta honela jarraitzen zuen: «Langileek eredu hori ematen dutenean eta hainbeste anaitasunez jokatzen dutenean, nork erasotzen die eta izututa begiratu Langileen Elkarteei? A! Betiereko etsaiek, herria ezjakintasunaren eta miseriaren esklabo nahi dutenek; baina gure berrerospenaren ordua hurbiltzen ari da, eta, benetako justiziaren garaietara hurbiltzen ari garen aldi berean, gure etsaiak dardarka hasten dira, amaituko zaielako lanik egin gabe jatea, engainatuz bizitzea eta fartsatik bizitzea. Aurrera, langileok, ez entzun geure burua hobeto esplotatzeko banandu nahi gaituenari; erakuts diezaiegun gure jokabideaz engainatuak ez izateko formatu nahi dugula, elkartu nahi dugula gure gaitzak konpontzeko eta zama piztiak baino okerrago tratatu ez gaitzaten. Gora lan askatasuna! Gora gizataldea! Gora batasuna!».

Parisko Komunako barrikada bat, 1872an. Langile iraultza eredugarria izan zen, eta baita eztabaida iturri ere.
Internazionalaren desegitea
Garai aztoratuak ziren. 1868ko iraultzaren ondoren, biltzeko askatasuna abiatu zen Espainian. Hori, industrializazioarekin lotuta, aitzakia izan zen lehenengo langile elkarteak antolatzeko. Nazioartean sortu zen I. Internazionala, Karl Marx eta Mijail Bakunin buru zituenak, Europa osoan taldeak sortzeko lanetan ari zen. Espainiara joan zen Giuseppe Fanelli anarkista, Bakuninek bidalita, eta bere ideien arabera hasi zen antolatzen Espainiako Herrialdeko Federazioa. Euskal Herrian, Bilbon, Donostian, Tolosan, Irunen, Barakaldon, Gasteizen eta Iruñean, gutxienez, sortu ziren taldeak, eta Espainiako kongresuetan parte hartzen zuten bertako ordezkariek.
Kolpetik moztu zen dena. 1872ko irailean, karlistaldiak pizten ari zirela eta, Nafarroako delegazioa debekatu zuten. Donostiakoa ez dago hain argi noiz, baina handik gutxira izango zen, urtearen amaieran hasi baitzen hirugarren karlistaldia. 1872 urte hartan, gainera, Internazionalean banaketa izan zen: anarkisten eta marxisten arteko zatiketa historikoa. Hortik aurrera, jakina da historia: sozialistek, sozialdemokratek, komunistek eta anarkistek nork bere bidetik egin zuten iraultzaren alde borroka. Ehun urte beranduago, Brechten testuekin abesten zuen Laboak: «Ez da garaia ‘sekula’ hitzik esateko / zama-aroak iraungo baitu / guk egozten ez dugulako»


