«Izuak gorputza zeharkatzen zidan, bihotza ateratzear nuen sentitzen nuen terroreagatik»
Pello Alcantarilla (eskuinetik hasita, bigarrena), torturen inguruko salaketa aurkezten. Martxelo Diaz / Twitter bidez Pello Alcantarilla donostiarrak mugarri izan daitekeen salaketa bat jarri du. 2004ean atxilotu zuten unean, Guardia Zibilak torturatu zuela salatu zuen lehenago; orain, ordea, Diego Perez de los Cobos koronela identifikatu du tortura horien egile gisa, eta bere aurkako salaketa aurkeztu du.
Lehendik ere egina zuen salaketa, 2004ko abenduaren 15ean, torturak pairatu eta bi hilabetera. Madrilgo 44. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen, eta 2005eko otsailaren 15ean artxibatu. “Diligentziarik egin gabe, Pellori adierazpenik hartu gabe, eta dagokion ekintza eskaintza egin gabe”, salatu du Aiert Larrarte abokatuak. Argitu duenez, ez zuten artiboaren inguruko arrazoirik eman, eta Alcantarillari deklaraziorik ez hartzeko argudio gisa adierazi zutela hura estraditatuta zegoela, Frantzian baitzegoen preso.
2004an atxilotu zuten Alcantarilla ETArekin lotura zuelakoan, eta bost egunez eduki zuten inkomunikatuta. “Denetarik” egin ziotela salatu zuen, “txikitu arte”: “Bat-batean kolpe oso bortitzak eta gogorrak jasotzen hasi nintzen borra batekin. Batez ere buruan jotzen ninduten, baina baita lepoan eta besoetan ere (…) Lurrera erortzen nintzenean, barrabiletatik heltzen ninduten eta jaiki arazi”. Hain izan ziren gogorrak sufritutakoak, buruaz beste egiten saiatu zela une batean, “sufrimendu hura amaitzeko”. Bakarrik utzi zutenean, hortzetako aparatua irensten saiatu zen, baina trakean geratu zitzaion eta oka egin behar izan zuen.
2004an atxilotua
Alcantarilla 2004an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Burgosen (Espainia), Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrek elkarlanean egindako operazio batean, Laurence Le Vert epailearen zuzendaritzapean, Urruñan (Lapurdi) bizi baitzen orduan. ETArekin harremana zuelakoan atxilotu zuten, eta Alcantarillak berak Espainiako Auzitegi Nazionalean zein Le Verten aurrean salatu zuenez, torturak pairatu zituen Tres Cantosko komisarian inkomunikatuta eduki zuten lau egunetan. Halakoetan ohikoa izaten den moduan, ordea, tortura horiek ikertzeko eskaerak artxibatu egin zituzten, eta 2012ra arte eduki zuten preso. Aurtengo otsailean, Kazeta atariari elkarrizketa eskaini zion Alcantarillak, eta nabarmendu zuen Le Vertek ikusi zuela zein egoeratan zegoen.
2020an, donostiarrak Berria egunkariari azaldu zion De Los Cobos ikusi zuela Tres Cantosko komandantzian, torturatua izaten ari zen bitartean. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Perez de los Cobos kargugabetu zuen urte horretan, eta, horren harira, telebistan hainbatetan agertu zen guardia zibila. Horrela identifikatu zuen Alcantarillak: “Bera da”, esan zion Berria-ri.
Testigantza gordina eskaini zion donostiarrak aipaturiko hedabideari: “Besteek jotzen eta torturatzen ninduten bitartean, momentu batean, amore eman nuenean, mugitu, eta atzean eta ondoan, hor zegoen Perez de los Cobos, niri begira, zain: noiz etsiko nuen. Ikusi egin nuen”. “Hala esan zion ondoan zuenari: ‘Gracias, comisario‘. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen”, gaineratu zuen.
Perez de los Cobosek ibilbide luzea egin du Espainiako Guardia Zibilean, eta hainbat sari eta aitortza ofizial jaso ditu. Guztira, hogei bat domina ditu, tartean, Frantziako Defentsa Nazionalaren Urrezko Medaila eta Guardia Zibileko Merituaren bi gurutze.


