Turismoaren ondorioak aztergai: «Lurralde osoa da kapitalaren metaketarako eremu potentziala»
Ez al duzu inoiz izan hirian zerbait aldatzen ari denaren sentsazioa, eta, agian, atzera ezinekoa dela ibilbidea? Betiko dendak itxita, etxebizitza garesti, kaleko bizitza hutsa... Ekidin ezinak diruditen prozesuak diren arren, planifikatutako estrategien ondorioa direla azaldu dute gaur Bizilagunekinek antolatutako jardunaldietan. Hiri eredua akumulazio kapitalistaren mende jartzearen ondorio, edo bestela esanda: turistifikazioaren ondorio.
Lurralde antolamenduaz abiatu da Mikel Azkona, Añorgan bizi den EHUko irakaslea. EAEko lurralde antolamendurako txostenetan turismoa nola lantzen den azaldu dute. Txosten horietan, honelako esaldiak daude: “20 urte eta gero, turismo jasangarria [kontzpetua] gainditu dugu eta orain turismoaren potentzial osoa garatzea dagokigu”.
Azkonak “potentzial” horren atzean dagoena azaldu du: baliabide turistikoak ekoizpen kapitalistaren oinarrian jarriko dituen eredua sustatzea. Eta lurraldea da merkantzia, baina edozein produkturen gisara saltzen da. “Bidaia proposamenak sortzeaz” hitz egiten da lurralde garapen planetan, produktuak eta paketeak eginez.
Hondarribiarra da sortzez Azkona, eta Donostian nola, erakutsi du Hondarribian ere “pakete” horien eraginak egunerokotasunean atzematen direla, “Disney Land-en modura”, turista ilarak egiten baitira taberna jakin batzuen inguruan, ilara zainduko duten sokatxo eta guzti.
Ordea, gogorarazi du egunerokotasunean asaldatzen gaituzten adibide horiek guztiak “sintoma” direla, eta ez kausa. Kausa, hain zuzen, lurralde antolamendu plana litzake, bizigarritasuna baino, ekoizpena jarri duena erdigunean.
Hirigintza eta parte hartze
Itsaso Larramendi arkitektoak feminismoak hirigintzari egindako ekarpena ekarri du erdigunera, hiri ereduak aztertzerako orduan izan beharreko ezinbesteko ikuspegia delakoan. “Non daude egunerokotasuna sostengatzen duten egiturak? Nola banatzen dira esfera produktibo eta erreproduktiboa?”.
Begi bistakoa den arren, espazioak baldintzatzen du berau bizitzeko modua: ez da gauza berdina dendak eta ekipamenduak dituen auzoetan edo etxebizitzak besterik ez dituen auzoetan gertatzen dena. Hirigintza, beraz, bizitza eta zaintza antolatzeko ditugun moduak izan daitezke, edo, kontrara, akumulazio kapitalistarako tresnak. Hirien turistifikazioa hemen kokatzen du Larramendik: “Lurralde osoa da kapitalaren akumulazioaren potentziala”.
“Hiri eraldaketa obra handiak tresna eta palanka bihurtzen dira hiria merkatu globalean kokatzeko”, eta horrekin batera, 2010eko hamarkadaren bueltan abiatu ziren udal ordenantzak “espazio publikoaren” erabilera arautzeko. Manuel Delgado antropologoak ikertu zuen moduan, Larramendik uste du “kalearen erabilera arautu eta domestikatu” bat dutela helburu ordenantzok, “gatazka oro desagerrarazteko helburuz”.
Bi prozesu hauen ondorioetako bat da hiriak dekoratu aseptiko eta kontrolatu batean ari direla bilakatzen, hiri paisaia eta bizitza homogeneizatuz. Honi aurre egiteko, hiri ereduak pentsatzerako orduan, lau gako ezinbesteko hartu behar dira kontuan Larramendiren ustez: 1. Hurbiltasuna (distantziei eta atxikimenduari dagokienean). 2. Aniztasuna (erabilera ezberdinak nahastea eta baita “pertsona desberdinak”). 3. Bizitasuna (Gauzak gertatzea kaleetan, jendea egotea). 4. Autonomia bultzatzea (irisgarritasuna eta edozein pertsonarentzat segurua). 5. Errepresentatibitatea (hiri paisaiak memoria historikoa islatzea, sinbolismoa eta parte hartze erreala: lekuetan bizi diren pertsonak parte izatea).
Herritarren parte hartzea sustatu behar dela iritzi du Larramendik, azken finean, “bizilagunak espezialistak baikara gure eremuan”.
Sukar horia
Sukar Horia kolektiboko kidea da Marti Serra Riera, eta orain arte turismoak izandako kritikei ingurumenaren kritika falta zaiela sumatu du, “kolapsoaren ikuspegia”. “Turismoa beharrezkoa ez den luxua da, bizitza sostengatzeko ekarpenik egiten ez duena”.
Ingurugiroak suntsitzen ditu turismoak, gauza jakina da hori. Mallorca esplotatzen hasi zenean, %1eko eremu urbanizatua zuen uharte batean %5era igaro zen hiru-lau urtetan. “Ordea, laster ezingo da Mediterraneoan egon udaran, 50 gradu egingo dituelako. Kantaurikoa izango da Mediterraneo berria”. Norabide horretan lan egiten duen proiektu bat ezagutarazi du: Cantabria, nueva Ibiza.
Jada eraikia dagoen hiri batean ez dira lurrak suntsitzen, baina gastu ekologikoa itzela dela adierazi du. Turismoaren kutsadura aztarna serioski ikertzen duten ikerketa oso gutxi dauden arren, Bartzelonak egin zuen bat eredugarria. Datuak beldurgarriak dira: 23.000.000 turista iristen dira urtean hegazkinez, bataz beste 3.800 km eginez. Sri Lanka bezalako estatu batek urte osoan sortzen duen CO2a da hori.
Masifikazioa kritikatzen denean, erroko arazoak ezkutatzen direla uste du Serrak: “Ados turista gutxiago etor daitezela, baina eros ahalmen handiagoarekin”. Honela, klase baxuko turismo masifikatuaren ordez, klase altuko turismo “esklusiboa” sustatzen dute euskal erakundeek. Ordea, datuen arabera, turista aberatsen kutsadura bikoitza edo hirukoitza da, eta hori, Serrarentzat, onartezina da.
Borroka kulturalean honelako ideiak borrokatu behar direla uste du Serrak: “turismoak gauza naturala dirudi, baina 60 urte besterik ez ditu, eta mendebaldeko klase ertain altuaren praktika bat da, soilik”.
Tailerrak
Mahai inguruaren ostean, hainbat tailer antolatu dituzte, talde txikietan eztabaidatu dituztenak.
- Auzoak turismoak itotzeko arriskuan. (Dinamizazioa: Nahiko AZ)
- Zer dakar turismoak euskararentzat? (Dinamizazioa: Bagera Elkartea)
- Turismotik bizi, prekarietatean bizi? (Dinamizazioa: Bihotzean – SOS Alde Zaharra)
- Beste opor eredu bat posible da? (Dinamizazioa: Bizilagunekin )
- Kulturaren hiria, sukaldaritzaren herrialdea, kirolaren lurraldea… marka bat gara? (Dinamizazioa: Guggenheim Urdaibai Stop)


