Ibaeta Basketek garaipen historikoa lortu du Salamancan
Denboraldiko hirugarren partida irabazi dute Azu Muguruzaren neskek, Perfumerias Avenida talde indartsuaren pistan (57-65).
Ibaeta Basket eta Perfumerias Avenida taldeen arteko partida.Ibaeta Basket Gero eta gertuago zegoen garaipena eskuratu zuen atzo Ibaeta Basketek. Urtetan ligako talde indartsuena izan den Perfumerias Avenida mendean hartu zuten, bigarren eta hirugarren laurdenetan emandako maila onari esker (57-65). Egia esan, sasoi hasieratik erakutsi du Azu Muguruzaren taldeak entrenamendu onak egin dituztela. Jokaturiko lau partidetatik hiru irabazi dituzte, eta horri esker, sailkapen nagusiko hirugarren postuan daude, Girona eta Zaragozaren atzetik.
Eskubaloian, Bera Berak sendo berrartu zuen liga, larunbatean, Gaska kiroldegian. Lidergoari eusteko partida zuen Granollersen kontra, eta ez zuten hutsik egin (27-22). Dena dela, ez zen erraza izan donostiarrentzat, berdindu egin zutelako kataluniarrek atsedenaldian. Orduan bizitu zuten erritmoa, eta zazpi goleko partzialarekin bideratu zuten norgehiagoka. Etzi jokatuko dute ligako hurrengo partida, Errioxaren kontra.
Futbolean, Realak behar zuen garaipen eskuratu zuen Anoetan, pasa den ostiralean, Sevilla mendean hartuta (2-1). Mikel Oiartzabal kapitainak egin zituen bi golak —lehena penalti bidez—, eta agerian utzi zuen, beste behin ere, txuri-urdinentzat erabakigarria dela. Urrezko hiru puntu horiei esker, jaitsiera postuetatik atera dira, nahiz eta zuloan dagoen Valentziaren puntu berberak izan dituzte. Atsedenik gabe, Realak bihar jokatuko du Espainiako Kopako lehen kanporaketa. Negreira galiziarren kontra ariko dira 21:00etan. Aldiz, ligako hurrengo neurketa ere presente izango dute, Athleticen aurkako euskal derbia izango delako. Azaroaren 1ean izango da, 18:30ean.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek eta neskek Jacaren kontrakoak irabazi dituzte asteburuan. Gizonezkoen ligan, Aragoikoak dira liderrak, baina Donostian amore eman behar izan zuten Txuri Urdinen kontra (2-1). Emakumezkoen ligan ere, Txuri Urdin izan zen Jaca baino hobea (5-1). Emaitza hauekin, mutilen taldea sailkapeneko bigarren tokian dago, eta neskena laugarren postuan.
Belar hockeyan, Realeko neskek ezin izan zuten ezer onik lortu Tenisen kontra (0-3). Sailkapeneko azken postuetatik atera ezinda jarraitzen dute.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Perfumerias Avenida 57 – Ibaeta Basket 65
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 7. jardunaldia
- Bera Bera 27 – Granollers 22
Futbola
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Reala 2 – Sevilla 1
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin 5 – Jaca 1
Gizonezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Txuri Urdin 2 – Jaca 1
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 8 jardunaldia
- Reala 0 – Tenis 3


