Unax Otegi txirrindularia Smartlog taldearekin ariko da afizionatuetan
Donostialdea Bizikletan klubarekin denboraldi ona egin ostean, hernaniarrak hazten jarraitzeko aukera izango du.
Unax Otegik Oñatiko Gari Bañosen omenezkoa irabazi zuen.Goiena Gazte mailatik afizionatuetara iristea ez da erraza izaten txirrindularientzat, baina Donostialdea Bizikletan kluba harrobi ona bihurtu da azken urteotan. Horren eredu dira Yago Agirre —Euskaltel Euskadirekin fitxatu berri du— eta Unax Betelu —Jira Bira taldearekin denboraldi ona egin du— donostiarrak, eta, orain, Unax Otegi hernaniarra.
Sasoi polita osatu du gazte mailako bigarren urtean, bi garaipenekin; biak Oñatin. Lehena ekainean izan zen, Arantzazuko Igoeran, eta, bigarrena, iraila hasieran, Gari Bañosen omenezko lasterketan. Horri esker, Jon Odriozolak —Euskaltel-Euskadi ohia— sustaturiko Smartlog 23 urtez azpiko ziklisten talde berrian ariko da datorren denboraldian, afizionatuetan.


