Distira handirik gabe egin dute aurrera
Realak Negreira talde galiziarra gainditu du, Espainiako Kopako lehen kanporaketan (0-3).
Realaren eta Negreiraren arteko partida.Reala Minutu gutxien jokatu dituzten Realeko jokalariei egokitu zitzaien atzo, Espainiako Kopako kanporaketa jokatzea. Baita lehiatzea ere. Lehendabiziko ordu laurdenean estu hartu zuten Coruñako Negreira taldea, Galiziako Preferente mailakoa. Gol asko egiteko aukera garbiak izan zituzten, batez ere, Umar Sadiq aurrelariak. Atzokoan ere oso kamuts aritu zen nigeriarra. Horrela ere, pase on bat eman zion Mikel Gotiri markagailua estreinatzeko.
Lehen zatiko azken ordu erdia, berriz, beldurgarria izan zen. Txuri-urdinek pauso bat atzera egin zuten, eta galiziarrek partida berdintzeko aukerak zituztela sinetsi zuten. Gutxigatik ez zuten lortu. Minutu txarrak gaindituta, bigarren zatian beste itxura bat eman zuen Realak, eta beste bi golak egin zituzten Arsen Zakharyanen eta Beñat Turrientesen bidez.
Emaitzak aise irabazi zutela pentsarazi dezakeen arren, helburua baino ez zuten bete txuri-urdinek. Gainera, distirarik gabe.


