Elkarretaratzea egin dute Egian, etxegabetzea salatzeko
Egiako etxegabetzea salatzeko elkarretaratzea.Xalba Ramirez Hainbat eragilek bat egin dute gaur arratsaldean, Egiako Plaza Berrin egindako elkarretaratzean, gaur jazotako etxegabetzea salatzeko.Hamaika lagun kaleratu ditu Ertzaintzak gaur goizean, eta IRUTXULOKO HITZAri adierazi diotenez, batzuk atzo jaso zuten arren kaleratze agindua, beste batzuk gaur jakin dute.
Azpikontratuan zuten etxea, eta, jabeak alokatu zion gizonak iruzur egin die. Jabearen eta iruzurgilearen artean izandako urteetako kolaborazio baten ostean, gatazka izan zen, azken honek, ordaintzeari utzi zionean. Jabeak, beraz, iruzurgilea kaleratzeko prozedura aktibatu du, eta, ondorioz, Ertzaintzak, hilero-hilero, logela batengatik 600 euro ordaintzen zituzten maizterrak kaleratu ditu.
Eragileek salatu dute etxegabetzeek jarraitzen dutela, Espainiako Etxebizitza Legeak kontrakoa esan zuen arren, eta erakundeek errora jo ezean, arazoak berdin jarraituko duela adierazi dute; hau da, etxebizitzak negozioa izateari uztea.
Goizean eman du hedabide honek etxe kaleratzearen berri, eta jarraian, hainbat eragile eta mugimenduk esku-hartu dute, bizilagunak artatu eta zerbitzu sozialen bidez egun hauetarako etxebizitza irtenbide bat lortzeko.
Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Saretxe, Egia Bizirik auzo elkartea, Guztiontzako Egia auzotar sarea, Egialai, Antxeta-Ttan Ttakun eta Polloe Bizirik gazte asanbladak. Elkarretaratzean EH Bilduko ordezkariak izan dira, baita ere.


