Jon Insaustik hartu du Donostiako aginte makila
Idoia Gracia jeltzaleak eta Tomas Pascua popularrak zinegotzi akta hartu dute, Eneko Goiaren eta Jorge Motaren ordezko gisa, hurrenez hurren.
Jon Insausti aginte makilarekin, udal batzar aretoan.Joseba Parron San Sebastian Donostiako alkate berria izendatzeko ezohiko udalbatzarra egin dute gaur goizean, udaletxean. Espero moduan, Jon Insausti Maisterrena jeltzaleak hartu du aginte makila, Eneko Goia alkate ohiaren eskutik, eta bera izango da hiriko alkatea legealdia bukatu bitarte.
Hasi orduko, Nekane Arzallus behin-behineko alkateak hartu du hitza, udalbatzako presidente moduan. Lehenik eta behin, udalbatza berrosatu duten bi zinegotzi berriek hartu dute kargua. Batetik, Tomas Pascua Martin popularrak, Jorge Motaren hutsunea betetzeko. Bestetik, Idoia Gracia Monge jeltzaleak, Goia beraren ordezko gisa.
Ondoren, alkate berria izendatzeko prozedura abiatu dute. Insausti izan da alkategai moduan aurkeztu den bakarra, eta bozketa egin dute. Aldeko hamahiru boto jaso ditu, jeltzaleenak eta sozialistenak. Aldiz, hamahiru boto zuri ere jaso ditu, oposizioko EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia udal taldeenak. Izan ere, ez dute babestu izendapena.
Azkenik, Jon Insausti Donostiako alkate izendatu dute, demokrazia garaiko zazpigarrena. Hitzartze neurtua eta eskertua egin du, eta datozen bi urtetan alkate gisa egingo duena aurreratu du: “Tope saiatuko naiz, kontatu nirekin, hauxe naiz ni, donostiar guztion alkate berria, Jon, alkatea”.
Aginte makila “harro eta umil” hartzen duela nabarmendu du Insaustik: “Gure belaunaldia prestatuena dela diote. Orain lekukoa pasatu digute, eta hori erakusten ausartu egingo gara”. Horrekin batera, alkate izendatu berriak esan du “gure belaunaldiak duen erronka baten gisa” hartzen duela, “esker onez, harro, umil, ilusio eta ardura handiz”.
Legealdi honetan EAJk bultzaturiko proiektuari jarraipena emango diola adierazi du Insaustik. “Lehentasunak argi ditugu: etxebizitza gehiago, segurtasun gehiago, kalitatezko enplegu gehiago eta eguneroko bizitza hobetu”. Horrez gain, 5K metodoa aurrera eramaten saiatuko dela esan du: “Komunitatea, konpromisoa, kultura, kirola eta zero kilometroa”.
Aurretik, udal taldeetako bozeramaileek hitz egin dute; Elkarrekin Donostiako Victor Lasak, PPko Borja Corominasek, PSE-EEko Ane Oiarbidek eta EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek, hurrenez hurren. Zorrotz eta zintzo mintzatu dira, Insaustiren izendapena ez delako udal hauteskunde batzuen ondorengoa.
Lasa izan da hitz egiten lehena: «Alderdiak harturiko erabaki unilateral bat izan da. Aldaketa hau errelebo bat izatea nahi genuke, norabide aldaketa bat etxebizitzari, turismoari, ondareari, ingurumenari eta adineko pertsonen zaintzari dagokionez. Horrela izaten bada, alkate berriak gure babesa izango du». Corominas, berriz, zorrotzagoa izan da: «Udalbatza osoaren babesik ez duen alkatea da, eta udal gobernuaren gehiengoa baliatu duzue. Dekalogo bat aurkeztu genuen, baina EAJk ez du gurekin eseri nahi izan. Beraz, oposizio kritiko baina eraikitzaile bat egiten jarraituko dugu».
Hitzartze gozoena Oiarbiderena izan da: «Alkate gisa asmatzea espero dugu, donostiar guztion onerako izango delako. Udal gobernuarekin dugun konpromisoa berresteko babestu dugu Insaustiren izendapena. Gobernu plural honen aldeko lanean jarraituko dugu. Beraz, eskua luzatzen dizugu, Donostia moderno baterantz bidea egiteko». Aldiz, diskurtso hurbila erabili du Izagirrek: «Gaurko izendapena ez da hauteskunde batzuen emaitza. Hurrengo udal hauteskundeak 2027an izango dira. Bitartean, ardura handia da alkate gisa hartzen duzuna. Hiri honentzat EAJk duen proiektua mantenduko duzula adierazi duzu, eta jakina da hiri eredu desberdinak ditugula. Baita politika egiteko modu desberdina ere. Horrela ere, zurekin prest gaude elkarlanean aritzeko, zintzotasunez eta gardentasunez».




