Bretxako Zurrumurru kioskoa abenduaren 31n itxiko dute
Donostia Sustapenarekin akordio bat lortu ezean, egunkariak saltzeari utziko ziotela adierazi zioten hedabide honi, uztailean.
Zurrumurru dendan egunkariez gain, beste hainbat produktu saltzen dituzte. Inge Arzensek Donostian gero eta kiosko gutxiago daude, azken urteotan hainbat itxi direlako. Bretxako plazan dagoen Zurrumurru kioskoarekin gauza bera gertatuko da. Jabeek ateak itxiko dituzte abenduaren 31n. Horrela jakinarazi diote DonoSShopping atariari.
Erabakiaren arrazoiak azaldu ez badituzte ere, hedabide honek Marta Lorenzo jabeetako bat elkarrizketatu zuen pasa den uztailean: “Donostia Sustapenak etorkizuneko lokalerako proposamena egin digu. Lau urteko emakida emango digu eta metro koadroko 45 euro eskatu dizkigu. Horri, eraikin honetan egoteagatik ditugun gastuak gehitu behar dizkiogu. Beraz, alokairua 1.500 euroan gelditu zaigu, eta gehiegi da guretzat. Izan ere, saldutakoaren %20 soilik irabazten dugu. Gainera, bi fidantza eta lau hilabete ordaintzeko eskatu digute. Beraiekin akordio batera iristen saiatu gara, baina dagoeneko gai berarekin denbora gehiegi daramagu eta nekatuta gaude”.


