Arcco Amara indartzeko lanean jarraitzen dute, urteurrenaren atarian
30 urte betetzear da Arcco Amara merkataritza gunea. Hain zuzen ere, 1996an ireki zuten, eta gorabehera askori aurre eginda mantendu dute zabalik. 2012tik, merkatariek osatzen duten Arcco Berri enpresak kudeatzen du, eta zentroa biziberritzeko asmoa dute.
 Amara Berriko merkataritza zentroaren sarrera nagusia.Inaxio Esnaola
                    Amara Berriko merkataritza zentroaren sarrera nagusia.Inaxio Esnaola                Ateak zabaldu zituenetik, Arcco Amara «merkataritza gune bat baino askoz gehiago» izan dela nabarmendu du Arcco Berri enpresak, egungo emakidadunak: «Funtsezko eginkizuna bete du Amara Berriko interes orokorraren alde, auzotarren alde, auzotarren topagune gisa eta auzoko bizitza zein tokiko ekonomia dinamizatzeko gune gisa». Zentroko merkatariek bat eginda, 2012an hartu zuten udal jabetzako eraikina lagapen gisa kudeatzeko ardura —2044ra arte—. Ordutik, urtero ordaindu dute udalak ezarritako kanona, eta zentroaren beraren etorkizuna bermatzea dute helburu. Are gehiago, 2026an 30 urte beteko dituenean.
Arcco Amara 1996an ireki zuten Amara Berriren bihotzean, eta Donostiako aurreneko merkataritza gunea da. Izan ere, Garbera urtebete geroago zabaldu zuten. Amara Berriko eraikinak sei solairu izan ditu hasieratik, eta bere baitan 49 denda edo establezimendu hartzeko gaitasuna. Betidanik, supermerkatua izan du sotoan, askotariko saltokiak kale mailan eta lehen solairuan, eta tabernak zein jatetxeak bigarrenean. Gainera, 230 plazako aparkalekua du lur azpian.
42 bazkide eta 37 establezimendu
Gaur egun, Arcco Amarak aipaturiko solairuen banaketari eusten dio, lokal batzuk itxita dauden arren. Hain zuzen ere, Arcco Berri enpresa 42 bazkidek osatzen dute, eta 37 establezimendu daude zabalik. Horietatik, gehienak arropa eta telefonia dendak dira. Sotoko Eroski supermerkatua da auzotarrek gehien bisitatzen dutena, eta bisitari asko izan ohi ditu Afede jostailu dendak ere. Era berean, aipatzekoa da autoen alokairurako bigarren saltoki bat irekitzear direla.
Hutsik dauden lokalak betetzeko lanean ari dira. «Egoera hori, gure inguruko merkataritza gune guztien antzerakoa, lagapen hartzaileak edo erabiltzaileak txandakatzeko koiunturazko faktoreen ondorio da. Fenomeno horrek herrialde osoari eragiten dio, eta laguntza eta bultzada emateko politika aktiboak behar ditu», nabarmendu du Arcco Berrik.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiaren aldeko sententzia bat jaso berri dute, bigarren solairuko lokal batzuen ingurukoa. Jabe berarenak dira, eta auzitegiak ebatzi du «berehala» hustu behar dituela, «betebehar ekonomikoak ez betetzeagatik». Lokal horiek komertzialki berreskuratu, eta ahalik eta azkarren alokatzeko moduan jarri nahi ditu Arcco Berrik. «Salbuespenezko kasu bat» dela diote.
Zentroaren biziberritzea
Aipatu moduan, 30 urte beteko ditu Arcco Amarak datorren urtean. Urteurrena behar den moduan ospatzeko asmoa dute merkatariek: «Zentroa osorik biziberritzeko proiektu bat bultzatzen ari gara guztion artean, izaera soziala, iraunkorra eta auzokoa indartzeko. Jarduera ekonomikoa eta gizarte kohesioa indartzea da gure helburua».
Plan horren arabera, merkataritza guneko espazioa berrantolatuko dituzte, «jarduera osagarri berriak iristea errazteko». Era berean, saltoki txikiak kalera ematen duen solairuan kokatu nahi dituzte: «Ingurune dinamikoagoa, irekiagoa eta irisgarria sortu nahi dugu, hiriko bizimoduarekin integratuagoa egongo dena. Horrela, auzoarekiko lotura indartuko dugu».
Ia hiru hamarkadetan egindakoaren oinarria da Arcco Berrik mantendu nahi duena. «Arcco Amara berritu nahi dugu, izaera modernoarekin eta jasangarriarekin. Pertsonen zerbitzura egoten jarraitu nahi dugu, Amara Berriren eta Donostiaren etorkizun sozialarekin eta ekonomikoarekin konprometitua», nabarmendu dute. «Arcco Amara erreferentziazko gune gisa finkatzen jarraitu nahi dugu, horrela, auzoaren eta hiriaren interes orokorrari balioko diolako», gaineratu dute.
30. urteurrena Donostiako Udalaren babesarekin ospatu nahi dute. Batez ere, udala delako Arcco Amara eraikinaren jabea, eta haren aldeko «apustua» areagotzeko eskatu diote merkataritza zentroko merkatariek. «Egin nahi dugun biziberritzea aurrera eramateko, udalaren laguntza ezinbestekoa da, eta bide hori ere landuko dugu datozen hilabeteotan».
 
								 
								
							 
					 
		        	



 
                    