Derbia irabazteak eragin dezake susperraldia
Realak eta Athleticek indarrak neurtuko dituzte bihar, Anoetan (18:30). Nagusitzen denak hiru puntu garrantzitsu eskuratuko ditu.
 Realaren eta Athleticen pasa den sasoiko derbia hutsean bukatu zen, Anoetan.Reala
                    Realaren eta Athleticen pasa den sasoiko derbia hutsean bukatu zen, Anoetan.Reala                Denboraldiko lehen euskal derbia jokatuko du bihar Realak. Gehien bizi ohi den derbia, gainera. Athletic hartuko dute Anoetan, 18:30ean, eta bi taldeek asko izango dute jokoan. Buruz buruko lehiaz harago, puntu premiak eta sentsazio onak berreskuratzeko beharrak talka egingo dute. Txuri-urdinek hiru puntuak eskuratu behar dituzte zulotik atera eta urruntzeko. Zuri-gorriek, berriz, liga erauntsi batekin abiatu zuten, baina jardunaldiek aurrera egin ahala, gainbehera moduko bat bizi dute, Europako hitzorduak aparte. Beraz, hil ala bizikoa izango ez den arren, irabaztea oso garrantzitsua izango da. Bestalde, Realeko neskek Bartzelona liderraren kontra jokatuko dute Zubietan, etzi, 18:00etan. Bisitari okerrena da, galdu ez duena, eta galera gutxi izaten dituena. Horrela ere, txuri-urdinek kataluniarren aurkako azken neurketetan erakutsitako ezina iraultzen ahaleginduko dira.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek sasoi hasiera onari jarraipena eman nahi dio Murtzian (Espainia). Han izango dute zain Jairis, etzi, 13:00etan. Bi partida irabazi eta galdu dituzte aurkariek, eta atzetik dituzte donostiarrek sailkapenean. Etxetik kanpo beste garaipen bat lortzeak sekula arnasa emango lioke taldeari. Aldiz, Gipuzkoa Basketek gaur jokatuko du Burgosen pistan (20:45). Etxean lorturiko azken garaipena dute egin behar dutenaren isla moduan, eta hori errepikatuz gero, irabazteko aukera izango dute.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek soilik izango dute neurketa. Bihar ariko dira Anoetako izotz pistan, eta Madril izango dute arerio (14:30). Denboraldi hasiera ona daramate, eta sailkapeneko ohorezko postuetan daude. Beraz, irabazteak are gehiago indartuko luke taldearen konfiantza.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Reala – Athletic (bihar, larunbata, 18:30)
Emakumezkoen liga, 9. jardunaldia
- Reala – Bartzelona (etzi, igandea, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 9. jardunaldia
- Elda – Bera Bera (bihar, larunbata, 18:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Jairis – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 13:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 6, jardunaldia
- Burgos – Gipuzkoa Basket (gaur, ostirala, 20:45)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin – Madril (bihar, larunbata, 14:30)
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    