Gau Beltza: tradizio berri bat, haurren, beldurren eta gauaren mesedetan
Halloween, Gau Beltza, Arimen Gaua, Santu Guztien Bezperako Gaua... Modu desberdinak daude egun berari deitzeko. 'Euskal Halloween'-etik harago, Gau Beltzak aspaldiko erroak ditu Euskal Herrian. Donostian, azken bost urteetan izugarrizko garapena izan du: ia auzo guztiek ospatuko dute gaur jaia. Haurren, hildakoen, gauaren eta beldurraren inguruan, tradizio berri hau ulertzen saiatu gara.
 
                                    Pandemia ostean, 2021ean, hasi zen Donostiako auzoetan, nor bere kabuz, Gau Beltza antolatzen. Altzan, Antiguan, Egian eta Parte Zaharrean, hasieran, eta, aurten, jada hiri osoan: Grosen, Ibaetan, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Igeldon, esaterako.
2014an hasi ziren ospatzen Oiartzunen, Halloween herrian lortzen ari zen zabalkundeak «asaldatuta», Josu Otaiza eta Jaime Altuna antropologoek jaso zutenez: «Egunkari eta blogetan Euskal Herriko hainbat tokitan duela hamarkada batzuk haurrak kalabazekin jolasten zirela irakurrita, herrian halakorik bazen ikertzen hasi ziren Abaraxka aisialdi taldekoak. Testigantza ugari bildu zituzten herriko aitona-amonen ahotik: kalabazei begiak zein ahoa egin, eta kandelak sartzen zizkietela; neska gazteak elizatik ateratzen zirenerako, kalabazak jartzen zituztela haiek izutzeko; sorgina zen emakumeari ere jartzen zitzaizkiola sorginkeria uxatzeko; egun batean txorimalo bat agertu zela zelai batean buruaren ordez kalabaza dirdiratsua zuela…».
Honela, urte oso gutxian, Euskal Herri osora hedatu den festa berria da Gau Beltza. Berreskuratzetik, berrinterpretaziotik eta berrasmatzetik asko duen festa.
Halloween Euskal Herrian?
Anekdota batzuk balio dute garai bat ondo ulertzeko. Donostiako ikastetxe batek, duela urte gutxi, guraso guztiei gutun bat bidali zien: «Hemen ez dugu Halloween ospatzen, ez ekarri haurrak mozorrotuta». Hurrengo urtean, guraso elkartetik, Gau Beltza antolatzeko dei bat egin zuten, eta ordutik, urtero ari dira ospatzen. Badira bi ikuspegi horiek: ez da gure festa bat, baina zerbait egin dugu.
Bistan da Gau Beltzaren arrakasta, hein handi batean, antagonismo horretatik ere sortu dela («kontsumismoari eta amerikanadei kritika»). Edonola ere, gauzak ez dira horren «automatikoak». Halloweenaren jatorria herrialde zeltetan kokatzen da –batez ere, Irlandan–, XIX. eta XX. mendeetan, AEBetara egon zen migrazio prozesu masibo baten ondorioz. Mexikon hildakoen egunari loturik tradizio aberatsarekin batu, eta hor hasi zen egun ezagutzen dugun Halloween.
Ordea, Euskal Herrira iritsi dena zinemari lotua izan da –beldurrezko filmak eta abar–, eta ez da inoiz benetan erroturiko festa bat bihurtu. Hori uste du, behintzat, Aitzpea Leizaola antropologoak: «Merkataritzari loturiko iruditeria bat izan da».
Haurrak, gaua, beldurra
Leizaolaren ustez, festa honen arrakasta ulertzeko, «beldurraren kultura eta horrekiko beldurra aintzat hartu behar dira». Honela azaldu du: «Haurren heziketan garrantzi handi duten ipuin tradizionalak oso beldurgarriak dira; izuaren ideia oso presente dago. Hezkuntza prozesuan haurrak egoera zail baten aurrean tresnak izan ditzan erabakiak hartu eta aurrera egiteko. Ez soilik gauza mugatzaile gisa. Bizitza ez da beti zoragarria, egoera zailak daude, eta egoera zail horiei aurre egiteko prestaketa prozesu gisa egiten da hori».
Honela, mendebaldeko kulturan gutxienez, izuarekiko erakarpena egon izan da, «AEBetako industriak oso ondo bereganatu eta hauspotu duena», Leizaolak dionez: «Baina lehenagotik dator ideia hori. Ez da haiek sortua». Egun, ordea, beldurraren «disneytze» bat dagoela uste du, hau da, beldurra apaindu egiten dela.
Honela jasotzen du Otaizak, Olentzeroren figuraren eraldaketa adibide hartuta: «Olentzero zikina garbiturik dago jada, bizar zuri hipsterrarekin. Irribarrea ahoan, aspaldi lurperatu zuen igitaia. Tabakoaren legearekin batera utzi zion erretzeari, eta mozkortu ordez, ardo kopatxoa edaten du: kriantza. Supermerkatuetako atarian, besoetan hartzen ditu haurrak, Papa Noelek egiten duen tankeran, eta tximiniatik sartzen ez diren opariak uzten ditu pinuaren aldamenean, ikatz kontuak ahaztuta». Olentzerorekin gertatu den bezala, bestelako ipuin eta pertsonaietan beldur elementuak desagerrarazi edo apaldu egin dira.
Ozaita eta Altunak argi utzi zutenez, historikoki, umeen kontu bat zen Gau Beltza edo Arimen Gaua; ez zen herri osoaren festa bat, alegia. Domu Santu egunean hildakoei gurtza egin, eta bezperan, jendea beldurtu egiten zuten haurrek, kalabazak hustuz eta bide bazterretan sustoak emanez.
Egun, Leizaolak seinalatu duenez, inbertsio moduko bat dago: helduek antolatzen baitute haurrentzako festa: «Gaur egun, haurtzaroa oso kontrolatuta dagoen bizitzako tarte bat da. Gauzak oso kontrolatutako eremu batean gertatzen dira: guraso edo aisialdi elkarteek antolatuta. Heldu baten edo batzuen begiradapean». Gau Beltzak, beraz, logika hori du bere baitan.
Heriotza eta sekularizazioa
Eta galdera garrantzitsua: zer lotura du heriotzak Gau Beltzarekin? Leizaolaren ustez, «badago ahalegin bat heriotzak leku bat izan dezan festan», ordea, gero, ez da gertatzen. Adibidez, hilerrietara bisita gidatuak egiten dira –Egian, adibidez–, eta horrek, «zuzen-zuzenean» jartzen ditu haurrak heriotzarekin. Heriotza eta dolua lantzeko hainbat unitate didaktiko lantzeko aprobetxatzen da, baita ere.
Mexikon gertatzen denaren kontra, festa honetan heriotzaren presentzia ez da horren nabarmena. Izko Lekuona Bizarrain elkarteko kideak onartu duenez, Altzan «ez da heriotzaren gaia lantzen, inondik inora ere. Tabu handia da heriotza, eta beldurra ematen du, batez ere, umeekin lantzeak».
Ez du festa batek, noski, erroko arazoa konponduko. «Azken hiru hamarkadetan hilerrian lurperatzen direnen kopurua asko gutxitu da: erraustu egiten da jendea». Horren ondorioz, heriotzari loturiko bestelako errituak ari dira «asmatzen»: «Mendi ibilaldiak, bazkariak… gazte jendearen artean zabaldua den zerbait da. Bere errautsak zabaldu diren lekuetan edo gustuko zuena». Zalantzak sortzen dizkio, ez baitira gizarte osoan transbertsalak diren ohiturak, eta ez dago iraunkortasun bermerik: «30 urterekin hil den pertsona bat zenbat denboraz oroituko da mendira igotzen, 40 urtez?».
Azken finean, gizartearen sekularizazioa nabarmena da eta ez da ordezkatzen ari erlijioak betetzen zuen papera. Otaiza eta Altunak honela jaso dute: «Sekularizazioa, beraz, nabaria da Euskal Herriko hainbat haur eta helduren artean. XX. mendean katolizismoak zuen erabateko presentziarekin alderatuz mudantzak egon dira, argi ikus daitekeenez. Duela 80 edo 60 urte pentsaezina zatekeen katekesia zer den ez dakien haur bat topatzea, ezta katekesia jasotzen ez zuen haurrik aurkitzea ere».
Leizaolaren ustez, badago neoliberalismoari loturiko bestelako mandamenturik: «Zu saiatzen bazara lortuko duzu. Ez baduzu lortzen, baduzu terapeuten abaniko sorta bat. Ez da sinismen sistema erabateko bat, baina ardura guztia norbanakoarengan uzten dugu. Hori oso protestantea da».
Hileta zibilak
Hildakoez ari garela, komeni oroitzea Donostiako Udalak duela sei urte ireki zuela Gladys Enea parkeko Mandasko Dukeen jauregiaren ondoko eraikinean, inkako sukalde zaharrean, hileta zibilak egiteko aukera. Ordutik, Juantxo Marrero Ekologia zinegotziak 2024am jakinarazi zuenez, «dozena bat hileta zibil baino gehiago» egin dira han, «eta eskatu dutenek balorazio positiboa egin dute». «Herritarrek agian gutxi ezagutzen duten alternatiba bat da, doan eta ingurune natural batean donostiarren eskura dagoena», gehitu zuen zinegotziak.
Halaber, zerbitzuaren baliabideak nabarmendu zituen Marrerok: «Azkenaldian, ikus-entzunezko sistemak hobetu ditu, herritarrek modalitate hori aukeratzeko orduan duten eskaerari erantzuteko, maite dituzten pertsonak agurtzeko. Zuzeneko musika ere eskain daiteke bideoekin edo argazki proiekzioekin. Atrilak, astoa eta beste altzari batzuk ere jarri dira».
Aretoak gehienez 55 lagunentzako lekua du eserita edo 73 lagunentzako zutik, eta 73 metro koadroko azalera du. Hileta zibilen ordutegia 18:00etatik 20:00etara da, astelehenetik larunbatera, eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat edo beharrezko materiala garraiatzeko baimena eskatu ahal izango da. 2019ko maiatzetik egin daitezke hileta zibilak aipaturiko gunean, eta, hain zuzen ere, urte horretako uztailean egin zuten bertako lehenengo edo lehenengoetariko hileta zibila, Mariano Ferrer kazetari donostiar maitatuarena.
Haurren sinesmenak
Sinesmen falta horrek badu Gau Beltzan eraginik. Otaiza eta Altunaren ikerketan honela jasotzen dute: «Arima zer den azaltzea kosta egiten zaie haurrei eta Arimen Gaua ospatzeko zenbait herritan antolatzen diren jaietan arima hitza kendu eta bestelako izenak jartzeko joera nabaritu dugu, Gau Beltza, adibidez». Haurrei galdetuz gero, erantzun oso desberdinak jaso ditzakegu, baina oro har, iruditeria egon arren, ez dira errealitateri loturikoak: «Arimak ez dira existitzen. Kondairak dira».
Saiatu arren, beraz, ez da heriotzaren inguruko erritu batean bihurtu Gau Beltza: «Ez da hitz egiten orokorrean, ezkutatu egiten da, gure elkarrizketetan diluitu egin da isiltasunarekin bat». Leizaolak azaltzen duenez, «gaur egun heriotza guztiz baztertuta geratzen da ahalik eta jende gehienarengandik, eta bereziki haurrengandik. Aukera ematen du horri buruz hitz egiteko, baina erakusten du baita ere zenbat erresistentzia dauden».
Euskararen festa
Lekuonaren ustez «garrantzi» handia izan du Altzan antolatu duten moduak. Bizarrain euskara elkarteak sustatu zuen arren, auzoko ikastetxe guztietako guraso elkarteekin batera antolatu dute hasieratik, eta, horri esker, «jai inklusiboa» dela ziurtatu du. Edo, behintzat hori da haien helburua.
Izan ere, euskara erdigunean duen festa bat da Gau Beltza, eta horri esker, auzotarrak euskal kulturara «gerturatzea» lortzen dute: «Altzatar asko euskarara hurbiltzea laguntzen du honek… eta trikitia entzutea! Askok ez baitakite zer den hori». Honela, «KM0» gisako jaia da haientzat: txalapartariak, trikitilariak, bertsolariak, denak auzokoak baitira.
Interesgarria izan da ere Altzan Gau Beltza sortzeko «ekialdera» begiratu dutela. Alegia, Errenteria eta Oiartzunen hasitako ildoa jarraitu dutela bertan. Oiartzunen egin moduan, Altzako Historia Mintegian Domu Santu egunaren bezperan zeuden tradizioak bilatzeari ekin zioten. «Tamalez», ez zutela ezer topatu onartu du Lekuonak. «Nik uste dut zerbait egongo zela, kristautasunak bere egin zituen herriko jaiak, baina lehendik ere ospatzen ziren», dio Altzako bizilagunak.
Leizaola urrats bat harago doa eta galdetzen du tradizioaren inguruan dugun ulerkeraren inguruan. «Betidanik egin den ideia hori… ez da inportanteena noiztik egin den. Zergatik behar duen jendeak jakin ‘betidanik’ egin dela. Ez al da nahikoa bi urte duen ohitura batekin?». Gau Beltzari loturik, aspaldian hemen errotutako ohitura batzuk dauden arren, beste helburu batzuekin eta beste arrazoi batzuengatik berreskuratzea erabaki bada, nahikoa balio beharko lukeela iritzi du Leizaolak.
Gau Beltzaren garrantzia ez dago, beraz, «tradizioan»: «Erlijioarekin zerikusia duten gauzak ez dira horren erakargarriak, eta, tradizioz ibilbide luzeagoa izan arren, desagertu egiten dira. Gau Beltzaren interesgarriena da, prozesu desberdinatetik, une honetan, Euskal Herrian leku askotan ospatzen ari dela. Mari Domingiren modukoa [Bagera elkarteak sortua 1993an, eta gerora Euskal Herri osora zabaldua], baina askoz ere azkarragoa».
Berreskurapena: komunitatea
Leizaolak berrinterpretazioaren garrantzia nabarmendu du. Inauteriak ikertu ditu berak batez ere, eta hor jarri du adibide Añorgako Dibertimendua. «Behar handia dago jendea biltzeko komunitatearen inguruan. Komunitate baten parte sentitzeko. Erantzun bat eman nahi horrek, horrelako fenomenoak ekartzen ditu». Norabide horretan ikusten ditu jai hauen arrakastak. «Merkataritza ere saiatzen da hori egiten: fidelizazio txartelekin. ‘Sentitu zerbaiten parte’ esaten, digute».
Honela, hainbat kausa nahastu direlako, Gau Beltza azkar errotu da Euskal Herriko txoko desberdinetan, eta hiriko auzo gehienetan.
Beldurraz gain, heriotzari buruzko gogoeta legoke apur bat hankamotz, ikerlariek nabarmendu dutenez. Honela ixten dute ikerketa Ozaita eta Altunak: «Horregatik aldarrikatu nahi dugu heriotzaren inguruko jai berritu hauetan heriotza presente egon behar dela. Ez soilik presente, baizik eta erdigunean egon behar duela. Hildakoekin harremanetan jartzeko aukera ezin hobea direlako, haurren ekimenez sortzen ari diren jai berritu hauek heriotza eta beldurra esperientzia sozial, kolektibo eta partekatu gisa bizitzeko aukera eman dezaketelako. Azken hamarkadetan, Halloween izeneko festa ospatzeko modu berritu eta kapitalistari aurre egiteko erresistentzia dinamika oso interesgarriak aktibatu dira. Gure ustez, hemendik aurrera, erresistentzia dinamika horiek erritual berrien sormenerako dinamika bihurtu behar ditugu, eta heriotzaren elementuak festa hauen oinarri-oinarrian egon behar dute». •
 
								 
								
							 
					 
		        	



 
                    