'Gaua' izango da Kursaalera joaten direnentzat
Paul Urkijoren hirugarren film luzeak emango dio hasiera 63. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Asteari.
 'Gaua' filmaren aurkezpena, Viktoria Eugeniako Klubean.Inaxio Esnaola
                    'Gaua' filmaren aurkezpena, Viktoria Eugeniako Klubean.Inaxio Esnaola                Eguna itzaltzean, gauarekin, Gaua filma proiektatuko dute Kursaalean (20:00). Ordu batzuk lehenago, Viktoria Eugenia antzokiko Klubean egin dute filmaren aurkezpena. Izan ere, 63. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea inauguratuko duen lana da. Aurkezpenean izan dira Paul Urkijo zuzendaria, Iñaki Irastorza, Erika Olaizola eta Xabi Jabato Lopez aktoreak, Eneko Sagardoi ekoizlea, eta Josemi Beltran Beldurrezko Astearen zuzendaria.
Gehiegi kontatu gabe, Gaua filmaren nondik norakoak aurreratu ditu Urkijok. Hau da, XVII. mendean Euskal Herriko landa eremu batean gertatzen den istorioa dela oinarria. Eguna egunekoentzat den moduan, gaua gauekoentzat dela dio lanak, eta irudikatzen dituen hainbat talken batura dela. Esaterako, kristautasunaren eta paganismoaren artekoa.
Emakumezkoak dira protagonistak, eta horietako bi izan dira aurkezpenean. Batetik, Irastorza Reme andrea da, sorgina ala ez, hala dirudiena. Bestetik, Olaizola Maritxu da, istorioan garrantzia berezia duena. Aurkezpenean esan direnez harago, Irastorza berarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Oriotarra da jaiotzez, baina urteak daramatza Donostian bizitzen. Pozik dago Gaua filmean egindako lanarekin.
Prentsarentzako proiekzioaren ondoren egin dute agerraldia, eta IRUTXULOKO HITZAk filma aurrez ikusteko aukera izan du. Zinema iruzkina, ordea, bihar irakurri ahal izango duzue gure webgunean.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    