«Nor gara gu? Zer gara gu?»
 Euskal eskola publikoaren aldeko Donostiako manifestazio bateko irudi bat.Joseba Parron San Sebastian
                    Euskal eskola publikoaren aldeko Donostiako manifestazio bateko irudi bat.Joseba Parron San Sebastian                «Euskaraz» esanez aurkitzen dut neure burua maiz. Duela urte batzuk hori esan ez eta eredu emanez, beti euskaraz hitz eginez, uste nuen zerbait lor nezakeela gure inguruko haurrekin. Errenditu egin naiz. Orain, «euskaraz, mesedez!» maiz esaten dut. Eta euskaraz aritu ere bai. Eta euskarazko telesail edo marrazki bizidunak irentsi ere bai. Militantzia. Batzuek diote EITBk ez dituela kalitatezko edukiak egiten eta horregatik ingelesez edo gazteleraz jarri behar dizkietela haurrei. Aitzakiak galantak, hizkuntza guztietan baitago «kaka», beraz, nahiago «kaka» euskaraz.
Haurrek ez dute guk agintzen dieguna betetzen, guk egiten duguna imitatu baizik. Parkean, gurasoen jarrerak begiratu besterik ez dago euren seme-alabenak ulertzeko. Nork bere gerra propioak ditu, noski. Ezin denari heldu. Argi geratzen dena da euskararen borroka ez dugula denok aukeratzen. «Guk dena egiten diegu euskaraz, ez dugu ulertzen nola ari den gazteleraz etengabe lagunekin». Horixe egiten dugu heldu askok. Euskara gaixoa alboratu egiten dugu, gutxietsi, lagun arloan komunikatzeko balio ez balu lez. Futbolean, tabernetan, elkartean, kontu bera.

Haurrak Alderdi Ederreko parkean jolasten, 2022ko Euskaraldiaren bueltan.Joseba Parron San Sebastian
Hezkuntzan, berriz, beste hizkuntzei ematen diegu garrantzia. Presaz, gainera. Bi urterekin jada ingeleseko klasea izaten dute euren ama hizkuntza guztiz errotua ez duten umeek. «Orain da momentua, haurrak esponjak baitira, dena ikasten dute». Jomuga galdua dugula ere ikasten dute, ordea. Itsu-itsuan goaz aurrera, gehiegi nahi izanez eta gutxi lortuz. Hobe gutxi eta ondo. Autoestimua falta zaigu, beti kanpokora begira. Finlandian, «betiko» irakurketa ikasteko metodoetara bueltatu omen dira. Ea hori behintzat imitatzen dugun. Orain, pantailak bai, puntakoena delako, asko, toki guztietan eta handienak. Orain ez, kaltegarriak baitira. Baina nola kendu hainbeste diru erabili ondoren? «Neurria, neurrian ere», esaten zuen gure aitona Iñakik. Jira eta buelta gabiltza beste hizkuntzei, beste hezkuntzei begira eta iparra galdu dugu. Irakasle gaixoak mareatu dira jada karrusel honetan eta Montessori, Innovamat, kooperatibo moduan edo proiektuka lanean ari diren ere ez dakite.
«Guk dena egiten diegu euskaraz, ez dugu ulertzen nola ari den gazteleraz etengabe lagunekin». Horixe egiten dugu heldu askok
Nonbait, aditu batzuek diote haurrei irakasteko modu onena euren ama hizkuntzan egitea dela, haurrekin konexioa aurkitzeko bide ematen duelako eta euren zirrikitu emozionaletara iristeko era onena delako. Bai, izango da. Erronka galanta daukagu hizkuntza gutxitua dugun herriek aditu guztiei zurrun kasu egin behar badiegu. Handiagoa irakasleek, hainbeste (eta hainbeste lekutatik) eskatzen zaigun garai hauetan. Ahaztu egiten dugu batzuetan konexiorako hizkuntza ez dela hizkuntza orala, idatzia, irakurria. Haur batekin konektatzeko begiratu egin behar zaio, entzun, eskaini. Baina ez agerikoari, esaten duen horri, baizik eta bere gorputzak, keinuek, sentimenduek, harremanak egiteko moduek adierazten duten horri egin behar zaio so. Errespetuz mugak irakatsiz. Mugak dira haurrentzat (helduentzat ere bai) oparirik onena. Eskolan soilik ez, etxean ere bai.
Eskolan alor emozionalari begiratzea berria al da? Gogoan dut haurra nintzenean ere maisu-maistrek hala egiten zutela. Beste modu batean, metodo desberdinekin, lana eginaz… egiten zuten esanaz baino gehiago. Batzuek ondo, besteek hobekiago ala desastreak ere baziren. Finean, ez da hainbeste aldatu hezkuntzaren barne mundua eta irakasteko moldeak. Bai ordea, kanpo begirada eta tartean sartzea. Exijentzia eta arduragabekeria. Hezkuntza eta hizkuntza egoera nahiko paretsuan daude, asko eskatzen diegu besteei eta ardura gutxi hartu.
Begirada aldatu, eta geure barruari begiratu behar diogu. Finean, euskaldunok, terapia behar dugu. Ayuso, entzun! Terapia euskaldun!
«Nor gara gu, zer gara gu, euskotarrak gara gu!». Autoestimua behar dugu hizkuntzan eta hezkuntzan, estiloa, berria, euskalduna, kopiatu gabe. Horretarako, begirada aldatu, eta geure barruari begiratu behar diogu. Finean, euskaldunok, terapia behar dugu. Ayuso, entzun! Terapia euskaldun!
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    