Arte Ederrak eraikinaren kanpoaldea, Hilton hotel bilakatzeko prest
81 logela eta 70 langile edukiko dute Hotel Palacio Bellas Artes luxuzko hotelak eta hurrengo urtean irekiko dute, SADEk azaldu duenez.
Arte Ederrak eraikinaren fatxada berriak ikusgai daude dagoeneko. Luxuzko hotel bat izango da Donostiako eraikin historikoa.SADE Gero eta gertuago dago Prim kaleko Arte Ederrak eraikin historikoa Hilton kateko luxuzko hotel bilakatuta ikusteko unea. Hain zuzen ere, dagoeneko eraikinaren fatxada berri guztiak ikusgai daudela jakinarazi du eraikinaren jabe den SADE enpresak, ohar baten bidez: “Ramon Cortazar arkitektoak 1914an diseinatutako Donostiako eraikin enblematikoa zaharberritzen hiru urte gogor eman ondoren, herritarrek berreskuratutako kupula eta fatxadak ikusi ahal izango dituzte, orain arte eraberritze lanak gordetzen zituzten olanarik eta aldamiorik gabe”.
Gogoratu behar da urte luzez itxita egon dela Arte Ederrak eraikina, 1982ra arte funtzionamenduan egon zen zinema historikoa, Espainiako Estatuko zaharrena (1914an eraikia). Afera luze baten ondoren, udalak eraikina birgaitzeko baimena eman zion SADEri 2021ean. Orduan ere zalaparta piztu zen eta zenbait oztopo izan zituen enpresak, baina 2022an jakinarazi zuten bertan Hilton kateko Curio bildumako luxuzko hotel bat jarriko zutela lanak amaitzean. Hotela 2024rako martxan egongo zela esan zuen SADEk, baina ez da hala izan eta, “datorren urtean” martxan egongo dela azaldu dute orain oharrean. Hotel Palacio Bellas Artes izango da luxuzko hotelaren izena, jakinarazi dutenez.
Urteotan, ondarearen aurkako hainbat eraso salatu ditu Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak eraikineko lanetan. Lanen harira, Arte Ederrak eraikinaren jatorrizko antolaera eta erabilerak “ahalik eta gehien errespetatu” dituztela nabarmendu du Esteban Basterretxea SADEko zuzendariak: “Sentsibilitatez, errespetuz eta historiarekiko konpromisoz betetako berreskuratze prozesua gauzatu dugu. SADEn harrotasun handia sentitzen dugu hiriari eraikin historiko hau itzultzen eta bere ondareari balioa ematen lagundu izanagatik. Prozesu konplexua izan da, batez ere, lurpeko aparkalekua jartzeko indusketak egin direlako. Erronka tekniko hori oso konplexua da, zonako lur hareatsu eta hezearen berezitasuna dela eta, obra epeak moteldu baititu. Baina oso pozik gaude emaitzarekin: gaur egun eraikina koroatzen duen kupula 1914ko jatorrizkoaren erreplika zehatza da, eta fatxadak berreskuratzea mugarri bat da Donostiako ondare arkitektonikoaren kontserbaziorako”.
81 gelako hotela
Hilton katearen Curio bildumaren izenean SADEk kudeatuko duen luxuzko hotelak, azaldu dutenez, 81 logela izango ditu eta kupulan terrazadun bi suite egongo dira. Horrez gain, gimnasioa, aparkalekua eta 75 pertsonarentzako espazio gastronomiko bat edukiko ditu.
Horrez gain, SADEk azaldu du 70 bat langile izango dituela hotelak eta, enpresaren arabera, bere eragin ekonomikoa ehun lanpostura heldu daiteke, “hornitzaileak eta zerbitzu ez zuzenak kontuan izanda”. “Arte Ederrak jauregia hotel bat baino askoz gehiago da: Donostiako ikur baten berreskurapena da. Bisitatzen gaituenak eraikin historiko honen tradizioa eta dotorezia senti ditzan nahi dugu, baina baita hiri moderno baten bizitasuna ere. Logelaren intimitatetik edo espazio komunetan, bisitatzen gaituztenek kultura eta emozioa arnasten dituen istorio paregabe baten partaide sentitzea nahi dugu”, gaineratu du Basterretxeak.
SADEk gogorarazi du, halaber, urte batzuk direla turismoa dela, zinema aretoen kudeaketarekin batera, euren lan ildoetako bat, 2009tik Zinema7 eta Lasala Plaza hotelak kudeatzen baitituzte.


