Mendeurrena betetzera doa SADE enpresa
Ehun urte beteko ditu abenduan Sociedad Anonima Deportes y Espectaculos enpresak. SADE siglen bidez ezagunagoa denak, Donostiako zinema eta antzerki eskaintzarekin lotura historikoa du. Azken urteotan, ordea, hotelen negozioan murgilduta dabiltza.

Miramar antzokia izan zen abiapuntua, 1913an. Gerora inauguratu zituzten Arte Ederren jauregia (1914) eta bi antzoki: Principe (1922) eta Trueba (1923). Sociedad Anonima Deportes y Espectaculos (SADE) enpresaren aurrekari gisa hartu behar dira, horien guztien ardura hartu zuelako. Hori 1925eko abenduaren 28an izan zen. Beraz, 2025a bukatu baino lehen beteko ditu 100 urte SADEk.
Bi enpresen arteko bat-egiteari esker sortu zuten SADE: Vicente Mendizabal e Hijos eta Principe Fims, Mauricio Damborenea enpresari tolosarra buru zuena. Aurrenekoak, Miramar, Trueba eta Arte Ederrak kudeatzen zituen. Bigarrenak, berriz, Principe antzokia eta Donostiako, Madrilgo eta Zaragozako Jai-Alai frontoiak. Hain zuzen ere, pilotari eta apustuei loturiko negozioarengatik du SADEren izenak kirolarekin lotura.
Garai hartan, SADEk honela aurkeztu zuen bere burua: «Hiriko zinema areto gehienak kontrolatzen dituen eta Donostiako zinema eta antzerki emanaldiak dinamizatzen dituen etxe handi bat gara. Kapital sozial garrantzitsuari esker eta hiriko bost proiekzio aretoen gaineko kontrolari esker, Vicente Mendizabalen enpresak probintzian proiektatutako film entzutetsu gehienak eskuratu ahal izango ditu eta AEBetako, Alemaniako eta Espainiako egungo ekoiztetxe handiekin esklusiba batzuk lortu ahal izango ditu». Aipaturiko antzokiekin batera, 1925ean ireki zen Petit Casino antzokiaren ardura ere hartu zuten.
Hazkundea eta egonkortzea
Zinemagintza eta antzerkigintza sustatzeko helburuari eutsi zion SADEk hurrengo hamarkadetan. Horrela, 1961ean, Astoria zinema inauguratu zuen, eta urtebete beranduago, Donostiako Zinemaldiaren egoitza ofiziala izan zen aipaturiko zinema horri esker. Ordea, historia gorabeheratsua izan zuen Astoriak. 1988an itxi zuten, zeharo berritu eta 1989an berriz irekitzeko. Halere, 2004an behin betiko itxi eta hotel bihurtu zuten.
Trueba antzokiaren errautsetatik, zinema areto bat eraiki zuten 1991n, eta 1995ean Principe zinema areto berrituak inauguratu zituzten. Biek irekita jarraitzen dute. Aldiz, 1997an Garberan zabalduriko zinema aretoen abenturak 2004ra arte iraun zuten. Urtebete beranduago, 2005ean, Antiguo Berri zinemak ireki zituzten.
Hilton
Astoria zenarekin beste negozio ildo bat sustatzeari ekin zion SADEk. Zinemen errentagarritasunaz harago, hotelen eta turismoaren sektorea lehenestea erabaki zuten. Horrela, Arte Ederren eraikina luxuzko Hilton hotel bihurtuko dute.