Iluna denaren lekuko
'Gaua' filma.David Herranz Filma: Gaua.
Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo.
Urtea: 2025
Herrialdea: Euskal Herria.
Alegiazkoa eta egiazkoa, erlijioa eta paganismoa, goiztiarra eta berantiarra, ongia eta gaizkia… eguna eta gaua. Batak bestearekin lotura izanik ere, biak bereizi ohi dira. Paul Urkijo Alijo zinemagile gasteiztarrak hori bera egitea erabaki du Gaua haren hirugarren film luzean. Alegia, bereiztea, zinez. Eguna egunekoentzat den modu berean, gaua gauekoentzat da, eta iluntasunean murgildu da Urkijo euskal usadio zaharren eta mitologiaren aldarte makurra erakusteko. Gerizpetik zein ilunetik, bai, baina baita argitasun pixka batekin ere. Argi-ilunez beterikoa da Gaua, bere zentzu onean. Edo, hobeki esanda, ilun-argiz kontaturikoa.
Emakumea da protagonista, lau pertsonaia nagusiren bidez. Adinekoak dira hiru: Reme (Iñake Irastorza), Beltra (Ane Gabarain) eta Graxiana (Elena Irureta). Sorgin itxura dute, baina ezin ziurtatu badirenik. Emazte gaztea da laugarrena: Kattalin (Yune Nogueiras). Emakumea da harilkatzen diren hainbat istorio, pasarte eta kondairen oinarria, gauaren eta gauekoen baimenarekin. Izan ere, euskal mitologia makurreko izaki batzuen presentzia garrantzitsua da filmean. Baina bai, emakumea da ikurra, hasi eta buka.
Atalez atal, haizearen intziriek lotzen dute kontakizuna. Gauaren iluntasunean, haizeak dakarren ahotsa da narratzaile ezkutua, agerikoak diren bestelako batzuk daudenean. Urkijok XVII. mendeko Euskal Herrira garamatza, hasieran aipaturiko bi muturrak elkar lotuz, korapilatuz, eta, hein batean, korapiloak askatuz. Fede kristauaren eta landa eremuko sineskeria paganoaren arteko talka irudikatu du. Erlijioaren zama, emakumezkoaren zapalkuntza, sorginen aurkako jarrera krudel eta faltsua, zentsura eta askatasun eza. Hori guztia bi munduren artean.
Dokumentazio lan ikaragarria egin du gasteiztarrak, eta, batez ere, ikuspegi propioa ematera ausartu da. Erreferentzia asko ditu, Jose Migel Barandiaran apaiz eta antropologoaren legatutik Arrasateko Numen black metal talderaino doazenak, aitortu duenez. Gerizpean dagoenari ikuskera aberatsa eman dio, iluna argituz.
Euskal mitologia ilunari buruz asko transmititu da ahoz aho, asko idatzi da, asko ilustratu da, eta, orain, zorionez, Urkijo eta beste batzuk ere, zinemagintzara eramaten ari dira. Gaua da horren eredu, orain arteko esanguratsuena, eta iluntasunaren bidetik argitara ematen lagunduko duena.


