Delitugile atzerritarrak kanporatzearen alde egin du Jon Insausti alkateak
Jon Insausti ordezko alkatea izango dela jakinarazteko ekitaldia, Zuloaga plazan.EAJ Alkate gisa eman duen lehenengo elkarrizketa luzea eskaini dio Jon Insaustik El Diario Vasco-ko Aingeru Mungia kazetariari, bere bulegoan. Hiriari eta bere agintaldiari buruzko gogoeta ugari jarri ditu mahai gainean: mugikortasuna, etxebizitza, elkarbizitza… Elkarrizketa horretan, Insaustik “delitugile berrerorleen” inguruan Espainiako ministroari idatzi diola jakinarazi du, legea aldatzeko eskatuz.
Honakoa adierazi du alkate berriak: “Legedian aldaketak eskatu behar dira, berrerorle anitzeko kasuak kartzelarekin edo kanporatzearekin amai daitezen. Argi hitz egin behar dugu. Ezin zaio dohainik atera delitua egiten duenari. Legedian aldaketa bat eskatu behar da, hori baita gure segurtasun-arazorik handiena. Eta horri erantzun argia eman behar zaio”.
Alderdi Popularrak eta VOXek egiten duten moduan, immigrazioarekin lotu du Insaustik segurtasunaren auzia, delitugileen “kanporatzearekin” mehatxatuz, inolako daturik eman gabe, behintzat, aipaturiko elkarrizketan. Hedabide honek, joan den maiatzean azaldu zuen moduan, faltsua da Donostian delitu beragatik behin baino gehiago atxilotuak izan diren pertsonen kopurua handitzen ari denik, edota horrek muturreko arazoa suposatzen duenik.
Ainhoa Domaica Alderdi Popularreko legebiltzarkideak egindako informazio eskaera baten ondorioz, Segurtasun Sailak delitugile berrerorleen zerrenda bat erraztu zuen maiatzean. IRUTXULOKO HITZA-k txostenera sarbidea izan zuen, eta bertan, delitu beragatik behin baino gehiagotan atxilotu zituzten pertsonen kopurua zehazten zen. Zifrak delitu motaren arabera banatzen ziren, nahiz eta ez den zehazten ustezko delitugileek metatzen duten atxiloketa kopurua.
EAE mailan apur bat igo den arren, Donostian nabarmen jaitsi da delitu beragatik atxilotutako pertsonen kopurua azken bi urteotan: 123tik 2022an, 85era 2024an. Hain zuzen ere, segurtasunaren gaia pil-pilean zegoen garaian. Are gehiago, datuak xehatuz gero, ikusten dugu nola ondarearen kontrako delituengatik bi bider edo gehiagotan atxilotutakoak 59 izan ziren 2022an, eta 32, 2024ean. Ia erdia, alegia.
Ertzaintzak arrazoi batengatik Donostian behin baino gehiagotan atxilotutako pertsonak, urtearen arabera – Irutxuloko Hitza
Konplexua den arren segurtasunaren eztabaida soilik Polizia txostenen bidez egitea —delitu gehienak ez baitira ikertu edo argitzen—, delitugileek duten ustezko inpunitatea apur bat desmuntatuko lituzkete datu hauek.


