Fermin Leizaola omenduko dute Aranzadiren Etnografia jardunaldietan
Hilaren 11tik 14ra egingo dituzte San Telmo museoan, eta Eugenio Monesma etnografoaren partaidetzarekin borobilduko dute astea.
Suberri Matelo, Susana Soto, Maite Errarte eta Xabier Kerejeta, San Telmo museoan.San Telmo museoa 46. Aranzadiren Etnografia Jardunaldiek Fermin Leizaolaren izena hartuko dute aurten, ia 50 urtez artzainen memoria zaindu eta Euskal Herriko kultura materiala ikertu duen etnografoaren oroimenez. Hain zuzen ere, jardunaldien hasiera bezperan, hilaren 10ean, Leizaola omenduko dute San Telmo museoak eta Donostiako Udalak. Ekitaldia 19:00etan izango da, eta gonbidapenak museoaren webgunean jaso daitezke dagoeneko.
Aste etnografikoa, berriz, hilaren 11tik 14ra izango da, San Telmo museoan. Egunero hitzaldi bat eskainiko dute, 19:00etatik aurrera. Gainera, streaming bidez jarraitu ahal izango dira museoaren Youtube kanalean. Gaztelaniaz egingo dira, 13koa izan ezik, euskaraz izango baita. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta bertan parte hartu dute Susana Soto museoko zuzendariak, Maite Errarte eta Suberri Matelo jardunaldiko koordinatzaileek, eta Xabier Kerejera Bildumetako eta Museoetako atalburuak.
Azaroaren 11n, Giulia Grossmann zinema zuzendari paristarrak Pasaia izeneko dokumentala aurkeztuko du. 22 minutuko film honetan, negutik udaberrirako trantsizioa eta honek euskal inauteri tradizionalean izandako isla aztertzen ditu artistak, hartzaren figura protagonista bihurtuz. Proposamen zinematografiko honek urruneko mundu batean murgiltzen gaitu. Dokumentalaren proiekzioaren ondotik Giulia Grossman zuzendariak, Nora Fangel-Gustavson hizkuntzalariak eta Thomas Loyatho artista bisualak hitza hartuko dute.
Azaroaren 12an, lekukoa Aranzadiko Marino Ayalak eta Víctor Placenciak ikertzaileek hartuko dute. Ayala eta Placenciak Nafarroako XIX. mendeko papergintzari buruzko ikerlan bat egin dute, paper fabriken memoria eta gaur egun arte izan duten garapena bilduz. Ikerketa historiko sakon hoben bidez, egileek testuinguru industrial, ekonomiko, sozial eta teknologikoa berreraikitzen dute, garai hartako fabrikak paisaian zuten garrantzia eta Nafarroako landa ingurune horretan zuten berezitasuna nabarmenduz.
Azaroaren 13an, Aintzane Kortajarena antropologoak eta Akaitz Sarasola baso ingeniariak Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean izenburupean burutu duten lana aurkeztuko dute. Lan hau Barandiaran Fundazioak ematen duen Barandiaran Bekarekin saritua izan zen. Aurkezpenean gaztainondoa euskaldunen historiako jaki nagusietako bat izan dela azalduko da, nahiz eta azken urteetan kultura honek gainbehera nabarmena izan duen.
Azkenik, azaroaren 14an, Eugenio Monesma Huescako etnografoak Lau hamarkada tradizioak eta ohiturak dokumentatuz izeneko hitzaldia aurkeztuko du. Ikertzaile honek 200 sari baino gehiago jaso ditu etnografiaren dokumentalista gisa egindako lanagatik, besteak beste. Monesmarentzat, bideoa gure herrietako kultura tradizionala dokumentatzeko eta zabaltzeko metodoa izan da. Lanbideei, jaiei, erritualei, janzkerari eta beste milaka aspekturi buruzko 3.400 dokumental baino gehiago ditu grabaturik, eta gaur egun arrakasta handiz eraman du lan hori sare sozialetara, gaur egungo mundu digitalean ere erreferente bihurtuz. Hitzaldi honetan bere ibilbideko esperientzia partekatuko du.
Egitarauaren xehetasun guztiak hemen topatuko dituzue.


