Hamar urte Kortxoenea indarrez hustu eta eraitsi zutenetik
2015eko azaroaren 3an eraitsi zuten Indanoene kaleko 22.enean zegoen Kortxoenea Gaztetxea, bost urteko ibilbidea kolpez moztuz, inolako alternatibarik eskaini gabe.
2015eko irailaren 4an egin zuten Groseko Kortxoenea gaztetxea botatzeko lehen saiakera. Hondeamakinak eta eraikuntza enpresako langileak joan ziren Kortxoenea botatzeko asmoz, baina eraisteko baimenik gabe. Ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten lanak. Donostiako Udalak, bere aldetik, jakinarazi zuen aurreko legealdian onartu zuela udalak gaztetxea dagoen eremuan aparkalekuak egiteko proiektua, nahiz eta eraikina botatzeko baimena Eneko Goiaren taldeak eman zuen.
Autogestionatutako proiektuak babes zabala jaso zuen, eta lehen saiakeraz geroztik Kortxoenea defendatzeko hamaika jarduera egin zituzten. Donostia Kultura eta Donostia 2016ko langile batzuek ere elkartasuna adierazi zieten Kortxoeneako kideei. Musikari eta kulturgile ugarik ere bertan kontzertuak eskaini zituzten babesa adierazteko: Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Glaukoma, Anari eta beste hainbat izan ziren azken bi hilabeteetan.
Kortxoenea Gaztetxearen eraisketaren aurkako protesta eta mobilizazio ugari egin zituzten duela hamar urte, baita prozesu judiziala abiatu ere. Izan ere, Groseko gaztetxearen kaleratzea legez kanpokoa izan zela eta, Kortxoenea eraitsi zuen enpresa auzitara eraman zuten gaztetxeko kideek. Izan ere, kaleratzea egiteko, orduan oraindik existitzen ez ziren Desokupa gisako matoi batzuk joan ziren azaroaren 3ko goiz hartan, bertan ziren gazteak bortizki kaleratuz. Hala ere, Kortxoeneako kaleratzea ontzat jo, eta gaztetxea bota zuen enpresa absolbitu zuen epaitegiak 2018an.
Bost urteko ibilbidea izan zuen Groseko gaztetxeak: 2010eko ekainaren 26an okupatu zutenetik 2015eko azaroaren 3an eraitsi zuten arte. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, urte luzez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe.

Bost urteko ibilbidea izan zuen Groseko gaztetxeak: 2010eko ekainaren 26an okupatu zutenetik 2015eko azaroaren 3an eraitsi zuten arte. (Argazkia: Estitxu Zabala)



