Gaur hasi dira deklaratzen Arkaitzerreka kutsatzeagatik ikertutako erraustegiko hamazazpi arduradun
                    Joxemari Izeta, GuraSOSeko lehendakaria. Xalba Ramirez                Gaurtik hasita ostegunera bitarte, erraustegiko hamazazpi arduradunek Donostiako Epaitegian deklaratu beharko dute, Arkaitzerrekaren kontaminazioaren arduradun direlakoan.
GuraSOSeko presidente Joxemari Izetak adierazpenak egin ditu egoitza judizialaren aurrean: “Ez dakigu nola amaituko den prozesu judizial hau, baina horren ondorioz jada bi gertaera egiaztatuta geratu dira: erraustegiak sortu behar ez zituen likidoak eta lixibiatuak sortzen zituela, eta horiei eman zitzaien irtenbidearekin, ingurumen eta osasun arazo larriak eragin zituztela pertsonengan, baita gertaera hauetan erantzukizun pertsonalak daudela ere”.
Izetaren arabera, “badakigu, gainera, lixibiatu horiek oraindik ere ekoizten zirela 2024ko amaierara arte, orduan detektatu baitzen Ecofertera, Nafarroako Artaxoa herrira, eta Saderrera, Bilbora, garraiatzen zituztela, horrek sortu zuen eskandalu eta erakunde arteko iskanbila guztiarekin, zuek jada ezagutzen duzuena. Oraingoz ez dakigu gaur egun ere lixibiatu horiek ekoizten diren eta zein irteera ematen zaien”.
“Hori da eginbide judizial hauen jatorrian dagoen arrazoia. Bestalde, isurketa horien ustezko erantzuleen agerraldia, ikertuak, gaur hasi eta bihar eta etzi jarraituko duena, Guardia Zibilaren UCOMA delakoak egindako txosten bati erantzuten dio, Fiskaltzak eskatutako ikerketen esparruan, GuraSOSek eskatuta, eta Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiak bideratua”.
Izetak azaldu duenez, Guardia Zibilak, txosten horretan, erraustegiaren kudeaketan esku hartzeko organigrama zehazten du. Organigrama horren buruan, GHK dago eta bertako presidentea Asensio diputatua da, baita Cesar Gimeno ere, erakundearen zuzendari nagusi gisa, eta Nagore Peñalba, zuzendari tekniko gisa, txostenean berariaz aipatuta. Ordea, arduradun nagusiak direnak ez daude inputatuak, eta Izetarentzat “oso arraroa” da hori.
								
								
							
					
		        	

