Irtenbidea topatu ezean, Zabaltza Elkarteak ateak itxiko ditu abenduaren 22an
Groseko Jubilatuen Elkarteak azaldu duenez, Zabaleta kaleko lokalak ez du araudia betetzen eta udalak ez die haren ordezko alternatiba bideragarririk eman.
Zabaltza Elkartea Groseko Jubilatuen Elkarte bakarra da. 1982an sortu zuten eta ordun zabaldu zituen ateak Zabaleta eta San Frantzisko kaleen arteko galeria batean dagoen egoitzak. Duela hamarkada inguru, ordea, udalak jakinarazi zien lokalak ez dituela araudiaren araberako beharrezko baldintzak betetzen, besteak beste, ez du irteera zuzenik kalera. Orduan, beste lokal bat bilatzeko konpromisoa adierazi zien; eta hamar urteren ondoren, azkenik, hara aldatuko zirela zirudienean, hark ere araudia betetzen ez zuelako baztertu zuten. Irtenbide faltan, urriaren 22an jakinarazi zien udalak betiko itxi beharko dituztela ateak, 43 urteko ibilbidea amaituz eta auzoko ehunka adineko lagun “topaleku eta babesleku” gabe utzita.
Zabaltzako kideek beren egoeraren berri eman dute hedabideetara bidalitako ohar batean. Azaldu dutenez, hamarkada baino gehiago da zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko irtenbide baten bila dabiltzala, “leku apropos bat topatzeko erakunde publikoen konpromisoan konfiantza izaten”. Orain, ordea, alternatiba “nahikoa eta duina” eman gabe dator behin betiko itxiera. Izan ere, aipatu lokala baztertuta, udalak 80 metro koadroko beste bat eskaini die. Egungoak dituen 275 metro koadrokoarekin alderatuta, txikia izateaz gain, ez du aireztapen naturalik ezta oinarrizko zerbitzurik ere. Gainera, partekatu egin beharko lukete, izan ere, Goizaldiak egitasmoa gauzatzeko baliatzen dute astean hiru goizetan.
Zuzendaritzako kolaboratzaile Amalia Iribarrenek adierazi duenez, “ez dago elkarte batentzat prestatuta. Batetik, ez du leihorik, areto txiki bat da aireztapen behartuarekin, partekatu beharreko biltegi bat du, bulego gisa erabil genezakeena; komun bakarra dago…”. Hortaz, ez dute beren ikastaroak —memoria, yoga, tai-xi eta babes emozionala—aurrera eramateko lekurik ezta bazkideak lasai egoteko tokirik ere. Halaber, zuzendaritzak itxi eta ireki beharko luke lokala, egun, tabernaren emakidadunek egiten dute atezain lana.
Publiko egin dute beren egoera irtenbide bat topatzeko helburuz.”Groseko jubilatuak lokalik gabe utziko gaituzte”, gaitzetsi du Iribarrenek. Ez dute erabakia ulertzen, are gehiago, Gros izanik auzo zaharkituenetako bat eta ikusita Erdialderen egoitzan “dirutza inbertituta” egingo dituzten lanak. “Presa handia izan dute Basque Culinary-ren eraikina egiteko eta gu… Gainera, esan ziguten dirurik ez zegoela eta bizpahiru urte baino lehen ez dela egongo. Hauteskundeak bi urte barru izanda, ezer bilatuko ez dutela esateko modu ‘oso elegantea’ da”, gehitu du.
Hori horrela, elkarteko arduradunek deitoratu dute erabaki administratibo baten ondorioz amaitu behar izatea Groseko adineko pertsonei “ekarpen erabakigarria” egin dien proiektu bat. “Ez da egoitza soilik, pertsona askok laguntza, babesa eta egunero kalera ateratzeko arrazoia aurkitu duten etxea baizik”. Horregatik, eskerrak eman dizkiete “familia handi” horren parte izan direnei beren “kariño, parte hartze eta konpromisoagatik”.
Egun, ehundik gora bazkide dira, baina gainbehera egin du azken urteetan. Lokalak araudia betetzen ez duenez, udalak ez du inbertsiorik egin; Jatorra, Egiatarra edota beste batzuekin egin moduan. “Zaharberritu dituztela ikusten da. Hemen, gutxienekoa egin dute; hortaz, ez da atsegina etortzea. Jendea joan egin da eta hemen zegoen bizia galdu egin da” nabarmendu du Iribarrenek. “Lokal egokia bagenu, Egiatarrak moduan, hazi egingo litzateke”.


