Interpelazioa egin dio EH Bilduk Insausti alkateari turismoaren inguruan: «Donostiak muga bat du eta aspaldi gainditua dugu»
Agerraldia egin du gaur EH Bilduk, Jon Insausti alkate berriari turismoaren inguruan izango dituen jarreren inguruan galdetzeko, bera izan baita orain arteko turismoko zinegotzia. “Harrigarria” da EH Bildurentzat, “urteetan arazoa ukatu ondoren, orain turismoa arautzen aitzindariak direla entzutea”. Turismo jardueraren erregulazioan neurriak “berandu iritsi dira” eta zenbait “erdibidean” gelditu dira koalizioaren ustez.
Datu batzuk jarri dituzte egoeraren eredu: 2016an Donostiak 9.100 ostatu plaza zituen eta, zortzi urte beranduago, 2024an, 19.828. Hau da, “% 119ko igoera sufritu dugu eta guztira aipatu epealdian 10.728 ostatu plaza gehiago ahalbidetu dira”.
Markel Ormazabalek asteazken goiz honetan eskainitako agerraldian adierazi duenez, azken hamar urteotan 55 hotel baino gehiago ireki dira eta gainera 2018an EAJ-PSE-EEren Gobernuak “malgutu” egin zuen etxebizitza turistikoen araua: “Egoera irregularrean zeuden ehunka pisu turistiko legeztatu zituzten. Eta esan dezagun, legeztatzeari ‘erregulatzea’ deitzea herritarrak engainatzea da”.
EH Bildutik, zuzenean interpelatu du Jon Insausti alkatea, “orain duen arduragatik, baita azken urteotan izan duenagatik”: “Zer egin asmo du sektorea erregulatzeko?”. Ormazabaleren ustez, “Donostiak muga bat du eta aspaldi gainditua dugu: behar ditugun politikak ezin dira kontentziorako diseinatu, leheneratzeko baizik. Donostia donostiarrentzat eraiki nahi bada, garaia da honen inguruan herritarrek esaten dutena serioski barneratzeko”.
Udal Gobernuak hiria promozionatzen eta turismoa sustatzen jarraitzen duela salatu du koalizio soberanistak: “Horren erakusgarri da aurtengo Aurrekontuetan berriro txertatutako diru-partida. ‘Donostia Turismo’ sozietatearen aurrekontuaren % 20, gutxienez, hiria promozionatzen segitzera bideratua dago, eta, hala ere, badaude aparteko partidak industria elikatzeko. Adibidez 2030eko futbol mundiala sustatzeko 130.000 euroak”.
“Erregulatu da interes pribatuen mesedetan eta desregulatu da herritarren kaltetan”. EH Bilduk eredu aldaketak sendoa izan behar duela uste du, “donostiarrak erdigunean jarriaz: promozioa eten, leheneratzeko politikak aplikatu eta auzoak berriro bizigarriak izan daitezen planifikatu”.


