Osakidetzako Larrialdietako zuzendari Pablo Buscak kargua utzi du, «osasun arrazoiengatik»
Madrilen aritu zen COVID-19 garaian, eta garai hartako protokoloekin eta egoitzetako heriotzekin lotutako auzi judizial batean inputatuta dago.
Izendatu eta ia urtebetera, Pablo Buscak (Donostia, 1958) uko egin dio Osakidetzako Larrialdietako zuzendari edo koordinatzaile lanpostuari. Langileei bidalitako gutunean azaldu duenez, azken hilabeteetan izandako osasun-arrazoiek eragin dute irteera, eta iturri ofizialek ere berretsi dute hori.
“Osasun-arrazoiengatik, urrats bat eman behar dut albora, eta Larrialdietako koordinatzaile nagusi gisa dudan erantzukizuna utzi. Erabaki hori ez da erraza izan, baina taldeak beti izan duzuen bikaintasun eta gizatasun berarekin lan egiten jarraituko duelakoan nago “, azaldu du. Uste du “pribilegioa” dela komunitatearen “ongizateari lagundu” ahal izatea, are gehiago bere jaioterrian.
Buscak ardura karguak izan ditu Espainiako beste autonomia erkidego batzuetan. Adibidez, Madrilgo Erkidegoko SUMMA 112 zerbitzuko zuzendaria izan zen 2015etik 2022ra, eta, beraz, baita COVID-19aren unerik txarrenetan ere. Maiatzean, inputatu gisa deklaratzera deitu zuten, garai hartako protokoloekin eta egoitzetako heriotzekin lotutako auzi judizial batean. Auzi arantzatsua da, eta Isabel Diaz Ayuso PPko presidentea du helburu.
1982an Medikuntzan lizentziatu zen EHUn eta 17 urtez Donostiako Ospitaleko Larrialdietako buru izan da, Madrilera jauzi egin aurretik. Ondoren, 2023an, Kantabriako Lehen Mailako Arretako zuzendari gerente izendatu zuten. 2024ko urriaren 31n, Osakidetzak Larrialdietako “zuzendari” izendatu zutela jakinarazi zuen, baina gero adierazi zen bere kargua “koordinatzaile” edo “koordinatzaile nagusi” izatea zela.


