Oihua! film laburren lehiaketa laugarrenez egingo dute
'Planetagatik' film laburraren grabazioa.Donostia Kultura Euskarazko beldurrezko eta fantasiazko film laburren sorkuntza sendotzeko sortu zuten Oihua! lehiaketa, eta laugarrenez egingo dute. Donostia Kultura, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Larrotxene Bideo dira sustatzaileak, eta urtetik urtera sona handiagoa hartzen ari da.
Hautagaiak aurkezteko epea abenduaren 30ean bukatuko da, 23:59ean. Aurkezten diren gidoien artean oinarrietara hoberen egokitzen den proiektua hautatuko du epaimahaiak. Aukeratuko den gidoia Larrotxene Bideoren tutoretzapean ekoiztuko dute, eta, horretarako, 10.000 euro arteko produkzio gastuak babestu ahalko dira. Hautaturiko proiektua 2026ko Beldurrezko Astean proiektatuko dute.
Lehiaketak gero eta pisu handiagoa du sektorean. Batetik, lagundutako proiektuen aholkulari lanetan ibilitakoen ospeagatik: lehen hiru ekitaldietan Paul Urkijo, Maider Oleaga eta Igor Legarreta zinemagileen babesa izan dute irabazleek. Bestetik, proiektu irabazleek film laburren jaialdi zirkuituan emaitza bikainak jaso dituzte.
Horren eredu da Eneko Muruzabal bilbotarraren Planetagatik film laburra, iaz estreinatu zena. Estatuko eta nazioarteko 40 zinema jaialdi baino gehiagotan programatu dute —Malaga, Zinebi, Los Angeles, Sao Paulo, Quito, New York…—. Gainera, AEBetako Renoko jaialdian, Ingalaterrako Aberystwyth festibalean eta Kolonbiako Barichara jaialdian saritu dute. Era berean, 47. Lekeitioko Zinema Jaialdiaren ari onena jaso du.


