«Osasuna donostiarron ardatz izango dugu, bi begiradarekin»
Jon Insausti alkateak eta Alberto Martinez Osasun sailburuak Donostiako osasungintzaren egoera aztertu dute.
Alberto Martinez, Jon Insausti eta Osakidetzako ordezkari bat, protoiterapia unitatearen eraikuntza lanetan.Irekia Aginte makila hartu orduko, Jon Insausti Donostiako alkatea legegintzaldi erditik aurrerako erritmoa bizkortzen ari da. Gaur goizean, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin elkartu da Donostiako osasungintzaren egoera aztertzeko, eta hiriko hainbat gune bisitatu dituzte. Hala nola, Donostiako ospitalea, Onkologikoaren parean eraikitzen ari diren protoiterapia unitateko lanak, Parte Zaharreko anbulatorioa eta Txomiñenea.
Protoiterapia zentroa eraikitzen ari diren gunean hitz egin du Insaustik, eta nabarmendu du “osasuna donostiarren ardatz” izango duela udal gobernuak. “Hori da datozen hilabeteotan sakonduko duguna”, gaineratu du. Horretarako, “bi begirada” zehaztu dituztela esan du: “Bata, etorkizunera begira. Protoiterapia zentroa ezarriko da hemen, Osasun Hirian. Sekulako eraldaketa eta iraultza izango da Donostiarentzat. Hemen minbizia sendatuko da. Ikerketan eta enplegu sorreran ere sekulako ekarpena egingo duela uste dut. Bestea, epe laburrekoa. Egunerokotasunari ezinbesteko garrantzia ematen diogu, eta, horretarako, lehen arreta ezinbestekoa da. Auzo bakoitzeko anbulatorioetan eskaini behar da”.
Anbulatorioak aipatuta, Parte Zaharrekoa goraipatu, eta etorkizunean Txominen eraikiko denari erreparatu dio: “Han anbulatorio berri bat jarriko dugu. Eremu horretan hazkundea aurreikusten da, kartzela lekualdatzerakoan, Lorategi Hiriaren garapena egiterakoan, eta Loiolako Kuartelak husterakoan. Ondorioz, donostiar berriak jarriko dira han bizitzen. Beraz, etorkizuneko anbulatorioa bat jarriko dugu Txominen. Lehen arreta eskainiko du, jakina, baina baita beste zerbitzu batzuk ere; fisioterapia, psikologoak eta komunitatearen beharrei erantzungo dietenak”.
37,8 miloi euro
Osasun Sailak atzo aurkeztu zituen aurrekontuen arabera, 37,8 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak Donostiako osasungintzara. Diru horrekin, hiriko osasun azpiegiturak eta zerbitzuak indartuko dituzte. 23 milioi euro inguruko datorren urtean inbertituko dituzte protoiterapiako eraikinaren lanak egiteko. Bi urtetan lehen pazienteak hartzea espero du Osasun Sailak.
Bestalde, 6,5 milioi euro inbertituko dituzte Amen eta Haurren eraikina berritzeko, 3,4 milioi euro Bitarteko Zainketen Unitate bat sortzeko, 5 milioi euro garbitegia modernizatzeko eta 9,4 milioi euro Txomiñeneako osasun zentro berria egiteko. Lau solairukoa izango da, eta osasun arreta hobetzeko pentsatutako banaketa izango du: Familia Medikuntzan, medikuen hamaika kontsulta eta erizaintzako hamar kontsulta; pediatrian medikuen hiru kontsulta eta erizaintzako bi kontsulta; emakumeren arretarako bi kontsulta, fisioterapiako bi kontsulta eta gimnasio bat, eta sendaketa zerbitzuak, erauzketak, proba osagarria, larrialdiak eta talde jarduerak gehituko dira, sei administrazio posturekin batera.
Txomineko anbulatorioaren proiektua abuztuan atera zen lizitaziora, eta lanak urtea bukatu aurretik hastea aurreikusten du Osasun Sailak, 24 hilabetek egikaritze epearekin.


