Behobia-Donostiaren helmuga bidea da
Ehun urtetik gorako historia bizia du Behobia-Donostiak, lasterketa zaharrenak. 1919an izan zen estreinakoa, eta hiru garai izan ditu gaurdaino. 60. edizioa borobila izango da, beste mugarri bat ezarriko duelako: emakumezkoen orain arteko izen emate altuena.
Maria Cristina hotelaren ondoan bukatu zen 1919ko estreinako Behobia-Donostia.Fortuna Atzera begiratu gabe egin behar omen da korrika. Aurrera egiteko, ordea, komeni da atzean geratu denari begiratzea, atzetik segika duzuna delako. Behobia-Donostia lasterketak historia darama bizkarrean, eta baita soinean ere. 1919an lehendabiziko aldiz egin zenetik, nabarmen aldatu eta egokitu da hirian bukatzen den lasterketarik zaharrena. Hiru garai bereizi behar dira, milaka kilometro eta parte hartzaile, eta aipatu beharreko hainbat mugarri.
Abiapuntua bera da aurrenekoa, historikoa delako. 1919ko martxoaren 30ean egin zen estreinako Behobiatik Donostiarakoa. 36 lagunek eman zuten izena, 22 atera ziren eta hamalau iritsi Maria Cristina hotelaren parean zegoen helmugara. Han elkartu ziren ikusleak, berriz, milaka izan ziren. Elgoibarko Juan Mugerza izan zen irabazlea, eta ordubete eta ia hemezortzi minutu behar izan zituen ibilbidea egiteko.
Lehen garaia
Behobia-Donostiaren lehen garaia, 1919 eta 1926 urteen artekoa, etenik gabekoa izan zen, baina zortzi edizioek bi aldaketa izan zituzten. Batetik, 1920an helmuga tokiz aldatu zuten, eta Realaren baimenarekin, Atotxa futbol zelaian jarri zuten. Horrekin batera, martxotik apirilera lehenik, eta, ondoren, maiatzera mugitu zuten lasterketaren eguna. Partaidetzari dagokionez, gehienez, 38 lagunek eman zuten izena.
Bigarren garaia
Hamar urte geroago, 1936ko martxoaren 29an berreskuratu zuten Behobia-Donostia, eta, gerra piztu baino lehen egin ahal izan zuten. Hori bai, formatu desberdinarekin: erreleboka. Lau korrikalariz osaturiko taldeetan, bakoitzak bost kilometro egin zituen. Zarauzko Euzko-Gaztedi laukoteak irabazi zuen.
36ko gerrak etena eragin zuen, 1941n berriz ere antolatu zuten arte. Erreleboka egitea mantendu zuten, baina lasterketak ez zuen jarraipenik izan. Pentsa, hurrengo hiru edizioak 1942an, 1949an eta 1951n egin zituzten. Orduan, beste eten handi bat izan zuen Behobia-Donostiak, eta ez zen 1963ra arte bueltatu. Esanguratsua da urte hartakoa, Jaizkibel talde militarrak irabazi zuelako.
Hirugarren garaia
Hasiera berri bat ezarri zuten 1979an, hirugarren eta azken garaiaren hasiera. Fortuna kirol elkarteak iraganean eta ia ahanzturan geratu zen lasterketa hartu, herri izaera eman, emakumeen partaidetza baimendu eta antolatzeari ekin zion. Donostiako maratoiaren ondoren kokatu zuten egutegian. Zehazki, hilabete geroago, parte hartzaileak erakartzeko asmoarekin. Horrela, 1979ko azaroaren 11n jokatu zen Behobia-Donostia da egun ezagutzen dugun lasterketaren mugarri garrantzitsuenetakoa.
Urte hartan, 1.021 lagunek eman zuten izena, tartean emakume batzuek. Hain zuzen ere, Begoña Zuñiga izan zen Behobia-Donostia irabazi zuen lehen emakumezkoa. Aldiz, Jose Miguel Irazu izan zen gizonezkoen artetik azkarrena. Helmuga Ijentea kalean izan zuten lasterkariek, baina urte batzuk geroago Bulebarrera lekualdatu zuten, batez ere, partaidetza nabarmen hazi zelako.
Ordutik aurrerako historia ezagunagoa da, lasterketa gehien irabazi dituzten lasterkariekin —Maria Luisa Irizarrek zazpi aldiz eta Alfonso Alvarezek eta Alberto Juzdadok bost aldiz— eta ezarritako errekorrekin. Ordea, bada aipatzekoa den beste mugarri bat. 2015ean, 34.000 lagunek eman zuten izena, eta hori da Behobia-Donostiak izan duen kopuru altuena. Urte batzuk geroago, 30.000 izen emateetan jarri zuten muga, eta, aurten, 28.000 partaidera jaitsi dute.
Laugarren garaia
Behobia-Donostiaren antolatzaileek bete nahi duten beste mugarri bat dute. Hau da, emakumezkoak izatea izen emaileen %50a —aurtengoa %33,86koa da, inoizko altuena—. Rosa Luena andoaindarra da helburu hori konpartitu dezakeena, partaidetza gehien dituen emakumea delako —36. aldiz aterako da aurten—. Mugarria ezartzean abiatuko da lasterketaren laugarren garaia.



