'Deathstalker' filmak irabazi du 36. Beldurrezko Astearen ikusleen saria
Paul Urkijok gutxigatik ez du garaikurra hirugarren aldiz eskuratu 'Gaua' film txalotuarekin.
'Deathstalker' filma. Bukatzear da 36. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Gaur goizean, palmaresaren berri eman dute, eta euskarazko film batek gutxigatik ez du ikusleen saria irabazi. Steve Kostanskiren Deathstalker fantasiazko film kanadarrak eskuratu du puntuazio altuena (8,81). Aldiz, Paul Urkijoren Gaua hirugarren lana gertu geratu da, hau ere ikusleen puntuazio oso onarekin (8,44). Horiek horrela, Urkijok eskura izan du hirugarren garaikurra, bitan irabazi duelako ikusleen saria.
Deathstalker lanak 1980ko hamarkadako zaldunen, ezpaten eta sorginkerien istorio dibertigarri bat kontatzen du. James Sbardellati zuzendariaren 1983ko Deathstalker, el último guerrero filmaren berrikuspen bat da. Hauxe duzue sinopsia: “Dreaditak, aspaldi zendutako Nekromemnon aztiaren heraldoak, Abraxeongo erresuma setiatzen ari dira. Deathstalkerrek hilotzez jositako gudu-zelai batean kutun madarikatu bat berreskuratzen duenean, magia beltzak markatuta geratuko da”.
Gainerako palmaresari dagokionez, Fernando Alle zinemagilearen Borbulha lanak irabazi du film labur onenaren ikusleen saria, David Fidalgoren Lucus lanak animaziozko film labur onenaren saria, eta Alex Reyren Pobre Marciano lanak Espainiako film labur onenaren ikusleen saria.
Mery Cuesta, Gloria Fernandez eta Miquel Pastor adituek osaturiko Beldurrezko Astearen epaimahaiak, beste bi lan saritu ditu. Film labur onenaren saria Elis Rummaren Come Sit With Us / Ära ole uhke lan estoniarrari eman dio, eta Europako film labur onenaren Zilarrezko Melies saria Marc Ribak eta Anna Solanasek zuzenduriko Mater Benefacta lanari.
Bestalde, James A. Castilloren El fantasma de la Quinta lanak jaso du gazte epaimahaiaren film labur onenaren saria, Javier Fesserren Depredador film laburrak Syfy saria, Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion film laburrak EITB Saria, eta Eduardo Casanovaren Silencio filmak Blogos de Oro saria.
Azkenik, ohitura bihurtu den fanzine lehiaketako estimatuena Pantxineta Endemoniata izan da.


