Donostiako hainbat herri mugimenduren kontra egin du Mugimendu Sozialistak, «beto politikoa» egiten dietela salatuz
AZGA, Donostiako Piratak, Ernai, ezker abertzalea eta Jardun kritikatu ditu komunikatu batean, hainbat jai jardueratan haien parte hartzea oztopatzeagatik, baita egoera bideratzera deitu ere. Hedabide honek eragileekin hitz egin du, eta gezurtatu egin dute inongo beto politikorik dagoenik.
Kontseilu Sozialistak Miramongo Anfiteatroan egin zuen 200 militantetik gorako agerraldia, 2022ko ekainean, Kijera gaztetxearen harira izandako gatazkaren ondoren.Kontseilu Sozialista Donostiako Mugimendu Sozialistak (MS) komunikatua atera du gaur, ostirala, Donostian, haien kontra dagoen “beto politikoa” salatzeko eta hori bultzatzen duten herri mugimenduko eragileak salatzeko. Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA), Donostiako Piratak, Ernai, ezker abertzalea eta Jardun antolakundea kritikatu dituzte komunikatuan, horiek guztiek, ezker abertzaleak “bultzatuta” betoa sustatzen dutelakoan. Horrela, “arduraz eta erantzukinez” jokatzera deitu du.
Azkeneko gatazka Parte Zaharreko Gau Beltzaren harira izan dela salatu dute komunistek. Azaldu dutenez, MS-k haurrentzako egitaraua antolatzeko ardura hartu zuen, baina Ernaiko eta Jarduneko kideek “betoa ezartzeko helburuarekin”, hainbat bilera egin omen zituzten: “Mugimendu Sozialistak egitarauan parte hartuz gero haiek aparteko beste egitarau bat egingo zutela esan zuten. Ez zuten Mugimendu Sozialista betatzea lortu, baina, azkenean, ez da egitarau bateraturik egin, AZGA ez zegoelako horretarako prest”.
Antzeko jokaerak
Komunikatuan salatu dutenez, hainbat dira Parte Zaharrean izandako mota honetako egoerak. AZGA jarri dute erantzule nagusi: “Mugimendu Sozialistak ezin du parte hartu ez AZGAn, ez AZGAk antolatzen duen ezertan, ezta Guardetxea erabili ere. Gainera, Karmengo Jaietan ere ezin dugu parte hartu. Ezin dugu Alde Zaharreko jaietako egitarauaren parte izan, ezta txandetan lagundu ere”.
Jaien testuinguruan, Donostiako Piratekin izandako liskarra ere ekarri dute. Aurten, Galerna izeneko kofradia aurkeztu omen zuten Piratetan parte hartzeko asmoz, baina, itxura denez, “ezezko erantzuna” jaso zuten: “Hori lortzeko, Ezker Abertzaleak sustatuta hainbat kide ibili dira kofradietan Mugimendu Sozialistaren desitxuratzea eta kontrako iritziak zabaltzen”. Edonola ere, Aste Nagusian, kofradien bazkarien egunean, egitarau propio bat antolatu zuten, “parte-hartze zabala izan zuena, eta egunak aurrera egin ahala Galerna arazorik gabe nahastu zen kofradia ezberdinekin”.
Duela hiru urteko gatazka
Mugimendu Sozialistak onartu duenez, duela hiru urte Kijera gaztetxea zenaren materialaren harira sortutako gatazka da eragile guzti hauek jartzen duten “betorako” arrazoi nagusia. MS-ren arabera, “hainbat egunetan etengabe tenkatu zen giroa eta, azkenean, alde guztietatik gainezka egin zuen egoerak, gertaera tamalgarriak utzita”. Gatazkak hainbat iturburu zituen arren, MS-ko hainbat kidek gaztetxe zaharraren barruan zegoen materiala hartzerakoan sortu zen tira-bira. Material hori ez zuen inork erabiltzen, eta horren kudeaketa nola egin erabakitzen ez zutenez, bertako materiala hartu zuten, gainerako kideen oniritzirik gabe.
Hurrengo egunetan, Mugimendu Sozialistaren eta Parte Zaharreko hainbat eragileren artean tentsioa eta gatazka izan zen. Adibide larrienak Herria taberna kanpoan izandako borrokaldia, gazte bat bere lantokitik kanporatu izana, eta beste gazte bat etxeraino jarraitu izana.
Egoera hori itxi gabe ez dagoen arren, MS-k uste du “denon ardura behar lukeela testuinguru politiko sano bat eraikitzea, non proiektu politiko ezberdinak defenda daitezkeen eta ez zaion inori betorik jarriko”. Ildo horretatik, MS-k argitu du azken urteotan hiriko hainbat eragilerekin ari dela elkarlanean: antifaxismoan, Palestinaren gaian, etxegabetzeetan, arropa bilketetan… Donostiako hainbat espaziotan, “lankidetza erabat normalizatuta” dagoela onartzen dute, beraz.
AZGAren erantzuna
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak “argi utzi du” ez dagoela “inolako beto politikorik” MS-ren aurka: “AZGA autonomia osoa duen espazio politiko irekia da eta minimo batzuen baitan lan egiteko prest dagoen orok ateak zabalik izango ditu beti”. Honela, onartu dute, “gaur-gaurkoz” Mugimendu Sozialistarekin harreman zuzenak “etenda” daudela, eta horren arrazoia duela hiru urte izandako gatazkan dagoela.
Eraso larrien inguruan inolako kudeaketarik ez egin izana eta autokritikarik egin ez izana da arrazoi nagusia, baina horrek ez du ekiditen, bestelako une eta espazioetan MS-ko kideekin elkarlana egotea, “izan luxuzko etxebizitzen kontrako ekimenean, plataforma antifaxistan, etab”.
“Beraz, desadostasunak desadostasun eta aldebiko harreman zuzenik gabe, bestelako espazio zabalagoetan ere ez diogu haien parte hartzeari inolako betorik jarri; guk ere, heldutasun politikoz jokatzen badakigulako. Ez dira iraultzaile bakarrak”, azaldu dute AZGAko kideek.

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, 200dik gora herritar bildu ziren 2022an, Trinitate plazan, auzo agerraldia egiteko. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Jardun, “ezker abertzalearen txotxongiloa”
Ezker abertzaleaz gain, Jardun Koordinadora jarri dute kritiken jomugan MS-koek. Elkarrekin ari dira hainbat egitasmotan lanean, eta hala ere, haien “aurkako neurriak, betoak eta debekuak aktiboki bultzatzen”. Ez dituzte hitz samurrak erabili: “Jarrera horiek berrikusi beharko lituzkete, Ezker Abertzalearen txotxongilo papera bete beharrean, maila pribatuan hainbatetan helarazi diegun moduan”.
Hedabide honek Jarduneko kideekin hitz egin du, eta azaldu dutenez, “ez dago inolako betorik” haien kontra: “Are gehiago, elkarrekin ari gara lanean hainbat eremutan”. Zehaztu dutenez, ordea, espazio zabaletan parte hartzeko moduetan egon daiteke talka: “MS ohituta dago herri mugimenduen kontrola edukitzen saiatzen. Guk ez ditugu erabakiak inposatzen eta errespetatu egiten ditugu bertan hartzen diren erabakiak”. Zentzu horretan, AZGAk hartutako erabakiak haienak direla nabarmendu dute.
Gatazkaren iturria, Jardunen ustez, argia da: “Parte Zaharrean duela hiru urte izandako gatazkaren harira hartutako jokabidea, eta erantzukizun eza”. Hedabide honek Parte Zaharreko beste hainbat eragilerekin hitz egin du, eta erantzun bateratua adosten ari diren arren, aho batez onartu dute gatazkaren muina MS-ren erantzukizun faltan dagoela, eta hori argitu ezean, zaila dela elkarlana.
Ardura hartzeko deia
Mugimendu Sozialistak uste du egoera bideratu beharra dagoela, eta hori ez dela izango “parekoa erabat baztertuta, honen parte hartzea normalizatua baizik”. Gaineratu dutenez, mota honetako gatazkek “langile klasea herri mugimenduaren eremuetatik urrundu baino ez dute egiten. Militantziarekiko eta jardun politikoarekiko desatxikimendua areagotzen dute, batez ere gazteenak direnen artean, eta hori are arriskutsuagoa da egun bizi ditugun garaietan, faxismoaren goraldi betean”. Horregatik, “arduraz eta erantzukizunez” jokatzeko deia egin du.
Hemen dago MS-ren komunikatua osorik.


