«Etxekoa, polita eta gozagarria da»
60. aldiz egingo dute Behobiatik Donostiarakoa. Etzi, hilak 9, izango da hiriko lasterketa arrakastatsuena. 27.981 pertsonak eman dute izena, eta horien artean bada bat partaidetza gehien dituena: Ander Diez (Gros, 1954). Aurtengoa izango da haren 46. partaidetza, eta guztiak jarraian daramatza.
Ander Diez korrikalari donostiarra.Joseba Parron San Sebastian Gustuko duzu korrika egitea?
Korrika egitea gustuko baino, zergatik hasi nintzen korrika da abiapuntua. Futbolean aritu nintzen txikitatik hogei urteak pasatu bitarte, eta ikusi nuenean ez nuela jarraitzeko modurik izango, korrika hasi nintzen. Iñaki lagunak eta biok ikusi genuen Donostian maratoi bat zegoela, 42 kilometrokoa eta izena ematea erabaki genuen. Orduan, 23-24 urte genituen, sasoiko geunden, eta maratoi hura ondo prestatu eta egin genuen. Zaila iruditzen zitzaigun arren, gustura iritsi ginen Anoetan jarri zuten helmugara.
Maratoia urriko bigarren igandean egiten zen, eta azaroko bigarren igandean egin ohi zen Behobia-Donostia maratoi erdia. Egindako distantziaren erdia zenez, izena ematea erabaki genuen, eta lehen esperientzia hura ona izan zenez, urteroko ohitura bihurtu zen, gaur arte.
Dena dela, korrikarik egin gabe bizi zaitezke?
Aitortu behar dut korrika aritzea behar moduko bat dela niretzat. Aspalditik gertatzen zaidana da. Egunak pasatu ahala, korrika egitera joaten ez banaiz, ateratzeko behar hori sentitzen dut. Gauetan, etxean telebista ikusten ari naizela, ezinegon moduko bat nabaritzen dut hanketan, eta etxetik ateratzera bultzatzen nau. Sarritan atera izan naiz gauean korrika egitera. Grosetik Haizearen Orraziraino joan, etxera bueltatu, dutxa on bat hartu eta zeharo lasaituta sartu izan nahi ohera.
Donostiako maratoia eta Behobia-Donostia korritu aurretik, beste lasterketaren batean parte hartu zenuen?
Ez. Esan moduan, futbolean entrenatzen genuen, eta hor aritzen ginen korrika. Bestela, nire kabuz ez nintzen sekula lasterka ibili. Halako probetan parte hartzeko erronkak eraman ninduen korrika egitera. Gerora, beste hainbat lasterketetan parte hartzen hasi nintzen: Bidasoako maratoia eta maratoi erdia, Donostiako hainbat herri lasterketa, Uliako igoera eta beste. Gogoan dut bat, Antiguan gauez egiten zena, abuztuaren erdialdean. Aste Nagusiarekin bat egiten zuen, eta hamar bat kilometrokoa zen. Edizio guztietan parte hartu nuen.
1979koa izan zen parte hartu zenuen lehen Behobia-Donostia. Gogoan duzu?
Ez naiz askorik gogoratzen, oso urrun ikusten dudalako. Dena dela, dudan oroitzapena da lasterketa oso polita iruditu zitzaidala. Behobiatik atera ginen, Iparraldearekin mugan dagoen eta hainbat taberna zein establezimendu dauden tokitik. Gainera, gogoan dut suhiltzaile batek eman ziola hasiera. Ura botatzen zuen tutu malgua jaistean, orduan hasi zen lasterketa. Urte hartan, oker ez banago, mila bat lagun atera ginen.
Ordutik, partaidetza gehien dituen gizonezkoa zara. Zenbat dira?
Aurtengoarekin, 46, eta denak jarraian, bat izan ezik. Izan ere, 2020koa pandemiagatik bertan behera geratu zen. Bestela, 47 partaidetza izango nituzke. Dena dela, 2020koa nire kontu egin nuen Guardian (Araba). Etxe bat daukat han, eta 21 kilometro inguruko zirkuitu bat prestatu nuen, mahastien artean. Han konplitu nuen.
Ezagutzen duzu partaidetza gehien dituen emakumezkoa?
Bai, horixe, Rosa Luena da. Andoaingoa da, baina urteak daramatza Berriozarren bizitzen. Oker ez banago, haren 36. parte hartzea izango da aurtengoa.
Eta nola da posible, lesio, gaixoaldi eta bestelako oztoporik gabe lortu izana?
Zortea, pentsatzen dut. Egia da, erdipurdi atera izan naizela batzuetan. Esaterako, urte batean, saihets bat apurtu nuen, eta ez zidan behar bezala arnasa hartzen uzten. Gainera, entrenatzeko oztopoa zen. Uste nuen ezin izango nuela atera, baina lasterketaren eguna hurbildu ahala, hobeto nengoenez, atera nintzen. Beste urte batean, ebakuntza bat egin zidaten, eta nire partaidetza kolokan jarri zuen. Azkenean, ordea, osatu eta parte hartu nuen. Zeharo ondo egon gabe atera izan naiz, lasai egiteko eta bukatzeko.
Izan ere, hasitako guztiak bukatu dituzu?
Bai, noski. Hobeto ala okerrago, baina beti iritsi naiz helmugara. Bitxikeria gisa, beste Behobia-Donostia bat ere egin nuen, lasterketaren mendeurrenean, 2019ko martxoaren 30ean. Egun hartan, Behobiara joan nintzen, eta Donostiara korrika etorri nintzen bakar-bakarrik. Nire kabuz ospatzea erabaki nuen [Barrez]!
Zein da Behobia-Donostia lasterketako zure denborarik onena?
Ordubete eta hamalau minutu. Aspaldi lortu nuen, baina beste marka on batzuk ere lortu ditut adinak gora egin ahala; ordubete eta hogei minutu, ordubete eta hogeita zortzi minutu… Duela hamar bat urte, ordubete eta berrogeita bost minutuan egin nuen, eta oso gustura, behartu gabe.
Normala den moduan, zahartu orduko kaskartzen zoaz, pisua hartzen duzu eta lasterketa korritzeko modua ere aldatzen da. Niri, berez, gozatzea gustatzen zait, eta hori da azken urteotako nire helburua, denboraz harago.
Lagun batekin egin zenuen aurreneko aldiz, eta, gerora, taldean edo bakarka egin izan duzu lasterketa?
Berez, korrika bakarrik egitea gustatzen zait, baina Behobia-Donostia modu askotara egin dut. Ordea, bakarrik sentitzen naiz erosoen, ez zoazelako inoren atzetik, eta inoren zain, harekin joateko. Norberak eman dezakeena neurtzeko modurik egokiena da bakarrik aritzea.
Urtetan, kuadrillakoekin eta lagunekin atera izan naiz, eta badut urte bat gogoan. Lagun batek eskatu zidan harekin joateko, eta halaxe egin genuen bidea, Mirakruz gainera iritsi bitarte. Han geundela, lagunak esan zidan aurrera egiteko, bera moldatuko zelako helmugara iristen. Hamabost minutu atera nizkion, eta 500 lasterkari aurreratu nituen.
Partaidetza berezirik duzu gogoan?
Bai, semea nirekin lehen aldiz atera zenekoa. 18 urte zituela egin zuen debuta Behobia-Donostian, eta gogoan dut oso gustura egin genuela. Eguraldi grisa tokatu zen, euri pixka batekin, eta korrika egiteko oso atsegina izan zen. Beste bost batetan atera gara elkarrekin, baina aurreneko hura izan zen bereziena, eta dudan oroitzapen onena.
Beraz, bakarka prestatzen duzu Behobia-Donostia. Ordea, era duinean egiteko, nola entrenatu behar da?
Kilometroak eginez. Hori da nik egiten dudana. Batzuek detailerik txikiena ere zaintzen dute ahalik eta ondoen prestatzeko. Nire prestaketa oso bestelakoa da. Leku pribilegiatu batean bizi gara, eta kilometroak egiteko aukera zabala dugu. Niri Haizearen Orrazira joatea eta itzultzea gustatzen zait, eta Uliara igo eta jaistea.
Bestalde, uste dut Behobia-Donostian parte hartzeko gutxieneko gaitasuna izan behar duzula, ezustekorik ez izateko. Lasterkariak hil dira, beste asko ziplo geratu dira bidean zehar… Beraz, zaintzea komeni da horrelako erronka bati aurre egiteko.
Hogei kilometro luze ditu Behobia-Donostiak. Parte hartu aurretik, zure ustez distantzia laburragoko lasterketak egitea komeni da?
Bai, garrantzitsua da. Esperientzia irabazteko balio dute, Behobia-Donostia jendetsua, urduria eta distantzia luzekoa delako. Lasterketa laburrak aproposak dira gorputza eta burua egokitzeko. Gaur egun, hiru hondartzetako lasterketa eta 15 kilometroko proba egitea gomendagarria izan daiteke.
Behobia-Donostiak aldaketa asko izan ditu urteen joan-etorrian: partaidetza kopurua, ibilbidea, giroa… Aldaketek hobetu egin dute lasterketa?
Nire ustez, bai. Batez ere, ibilbide aldaketa nabarmenduko nuke. Horrela jakinarazi nion Iñigo Etxeberria Fortunako antolatzaileari. Erabat asmatu zuten 2014an Pasaiako portuko zatia kendu zutenean, luzeegia egiten zelako, eta ikusle gutxi zeudelako. Sufrikario moduko bat zen, eta hori kenduta, lasterketak asko irabazi duela uste dut. Bestalde, antolakuntza profesionalizatu egin da, eta egiten duten lana paregabea da.
Emakumezkoen partaidetzari dagokionez, helburu bat lortu nahian dabil Behobia-Donostia. Hau da, parte hartzaileen %50 neskak izatea. Aurten, %33,86koa da izen ematea, inoizko altuena.
Pozgarria da hori, eta uste dut helburu hori betetzera iritsiko dela lasterketa. Nire aurreneko partaidetzetan emakumeren bat ikustea oso ezohikoa zen, baina urteen joan-etorrian, nabarmen hazi da nesken parte hartzea. Gero eta gehiago dira izena ematen dutenak, eta, batez ere, kaletik entrenatzen ikusten ditudanak. Gainera, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko maila orekatzen ari da, lasterka oso ondo aritzen diren nesken kopurua gero eta handiagoa delako.
Zergatik da berezia Behobia-Donostia?
Etxekoa, polita eta gozagarria da. Girorik onena duen lasterketa iruditzen zait. Groseko nire etxearen ondotik, 50 metro eskasera pasatzeak ere badu bere berezitasuna, noski. Familia beti zain izaten dut etxe parean. Emaztea, seme-alabak eta bilobak hor daude ni animatzeko.
Aurtengoa, esan moduan, borobila da: 60. Behobia-Donostia. Zein helburu jarri diozu zeure buruari?
Helmugara iristea eta lasterketaz gozatzea. Horrekin konformatzen naiz, ez dut besterik behar. Pentsa, 60. Behobia-Donostia da, eta nire 46. parte hartzea. Batzuetan, ahaztu egiten naiz datu horretaz, nahiko esanguratsua delako.
Ez da zure azkena izango, ezta?
Inolaz ere. Osasuna alde dudan bitartean, parte hartzen jarraituko dut. Semeak esan zidan nire azken Behobia-Donostia egiteko asmoa dudanean, nirekin atera nahiko lukeela. Oraindik, ordea, itxaron beharko du. Ederra litzateke 50. partaidetzara iristea.



