Hiria eraldatu zuen garaiko kontakizun beltz bat
Joxan Oiz (Donostia, 1968) idazleak 'Amazurtza' bere bigarren eleberrian oinarritutako ibilbide literarioa gidatuko du hilaren 23an. Orri artean kontatutako hirian ageri diren pertsonaiak eta lekuak izango ditu mintzagai.
Joxan Oiz idazle donostiarra, Agapito Ponsolen kapela dendako kutxa batekin.Virginia C. Lazkoz Hiriak oinekin irakurtzen diren liburuak direla dio Quintin Cabrera abeslari uruguaitarrak, baina batzuetan, kalez kalez ibilita liburuak hobe uler daitezke. Literaktum jaialdiak literaturaz beteko du hiria, hilaren 10etik 23ra bitartean, eta jarduera berezien artean, azken egunean, Joxan Oizek bere Amazurtza eleberrian oinarritutako ibilbide literarioa gidatuko du. Hala, 1876an, Bigarren Karlistaldiaren garai nahasietan girotutako nobela beltzaren orri artean agertzen diren pertsonaia, leku, etxe eta toponimori segika kalez kale joango dira, arrasto horien bila.
Urtarrilean aurkeztu zuen Baztanen (Nafarroa), eta ordutik, liburuak bere bidea egin du. Hilabeteotan, Agapito Ponsol kapelagileak ikertutako krimenaren berri izan dutenetako hainbatek iradoki diote halako jarduera bat egitearen egokitasuna, baina Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Aiora Enparantzak egin zion Literaktum jaialdian gauzatuko den ibilbidea egiteko proposamena.
Abiapuntua Plaza Berria izango da, 11:00etan. Ordu eta erdi inguruko joan-etorriaren ondoren, ia leku berean, San Jeronimo kaleko aretoan, Oizek Isabel Etxeberriarekin solasaldia egingo du kontakizunaren testuinguru historikoari eta literatur sorkuntzari buruz. (H)ilbeltza beka irabazi zuen Zorigaiztokoa laginak, Indalezio Bizkarrondo Bilintx-en irudiari oso lotua. Hasierako asmoa moldatzen joan zen bidean eta emaitza horretan narratzaile berezi, «deskolokatzaile» baten papera egokitu dio idazleak, nobelaren bigarren zatian azaltzen dena.
‘Amazurtza’ nobelan agertzen diren pertsonaia eta lekuetan sakontzeko aukera izango da Joxan Oizek gidatuko duen ibilaldi literarioan
Istorioa, aldiz, martxan jarriko da familia batek Ponsoli laguntza eskatzen dionean berak dauzkan kontaktu eta informazioarekin semea topatzeko. «Uniformedun asko» agertzen dira historian, eta Oizek ez zuen halako bat jarri nahi ikertzen. Garaiko janzkeran oinarrizkoak ziren kapelak, txapelak eta bestelako burukoak, hortaz, jende asko ezagutu eta kale bateko edo bestekoekin lotura estua edukiko zuen kapelagilea aukeratu zuen. Ez horregatik soilik. Zabalik mantentzen den dendak egungo garaiarekin lotzen du istorioa eta Ponsol hiriaren erreferentzia bat da. «Erregidore izan zen, Kontxako tamarizen ideia berea izan zen… Pertsonaia oso berezia zen». Abantaila txiki bat ere bazuen, ondorengo bizirik ez zuenez izan, ez dago gauzak aldatzeko eskatuko dion seniderik.
Txantxak txantxa, izenburuak ere aipamena egiten dio. Egileak azaldu duenez, amazurtza neologismoak adierazten du umea galdu duen ama; eta Ponsoli eta bere emazteari umea hil zitzaien jaio orduko. Horregatik, Oizek pertsonaia sortu zuenean, «joera edo azkartasun berezi bat» eman zion jendea bilatzeko eta horretan laguntzen dio jendeari.
Garaiaren zertzeladak
Nobela historikoa ez bada ere, dokumentazio lan sakona egin zuen Oizek, idazteko ikasi egin behar dela sinetsita. Zeharka bada ere, 1864an harresiak bota ondoren, hiriak jasandako eraldaketaren berri ematen du. «Zezen plazak, eraikin berriak, etxeak, Antigua auzo industrial bilakatzea… Hor badaude zenbait elementu gaur egun ezagutzen ditugunak eta irudikatzen dutenak, onerako edo txarrerako, zer garen». Hainbat leku eta familia ageri dira kontaketan, baita kultura, enpresa edota politika arloko pertsonaiak gurutzatu ere: Baroja, Soroa, Manterola… Bilintx bera ere, modu ezohikoan, miliziano boluntario gisa karlisten bonbapean, poeta edo bertsolari beharrean. «Ahaztu egiten zaigu donostiarroi, gure gizartearen aitzindari zirenak edo nabarmendu ziren hainbat eta hainbat pertsonaia liberalen alde zeudela».
Ibilbidea eta esan beharreko gehienak prest ditu. Ez daki spoiler asko egingo dituen, bai, ordea, kronometroa eskuan egin beharko duela dio, gehiegi ez luzatzeko. Espero du irakurri dutenak gustura egotea eta irakurri ez dutenak ez beldurtzea. «Zerbait idaztea, sortzea, eta hori publikatzeko zortea izatea, nahikoa saria da. Gainera, idatzitako hori beste testuinguru batean azaltzeko aukera baduzu… primeran. Uste dut hori dela Literaktumek egin behar duena, Literatura deitzen den artefaktu horri molde desberdinak eman eta bakoitzak nahiago duen moduan bizitzea».
Literaktumek babestutako edukia

Bakardadeaz, nortasunaz eta niaz, literaturatik
Literatura elkarrizketarako gune eta topagune bihurtzea du xede Donostia Kulturak antolatutako Literaktum jaialdiak. Hilaren 10etik 23ra bitartean aurrera eramango dute hiriko hainbat gunetan, eta oraingoan, bakardadea eta nortasuna izango ditu ardatz. Izan ere, aurtengo Niaren oihartzunak: bakardadea eta nortasuna aro globalean izenburuak, “galdera pertsonal eta unibertsal bat” proposatu nahi du: “Nola definitzen dugu geure burua mundu global honetan?”.
Hausnarketa horren bueltan, kultur jarduera ugari aurrera eramango dituzte: solasaldiak, antzezlanak, erakusketak… eta horietan parte hartuko duten idazleetako batzuk honakoak dira: Juan Jose Millas, Eider Rodriguez, Laura Txibite, Arantxa Urretabizkaia, Carys Davies, Samanta Schweblin, Lourdes Oñederra, Ignacio Martinez de Pison edota Belen Gopegui.
Horrez gain, Literaktumek aurkezten du atalean, askotariko gaiak bilduko dituzte eta euren azken lanak aurkeztuko dituzte Javier Cercasek, Ignacio Peyrok, Harkaitz Canok, Agata Loth-Ignaciukek, Fernando Navarrok, Javier Sierrak eta Juan Manuel de Pradak. Azken hori izango da, hain zuzen ere, jaialdia irekiko duena, Mil ojos esconde la noche. Cárcel de tinieblas lana aurkeztuta. Astelehenean, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean.
Bestalde, hiru urteurren esanguratsu ere hizpide izango dituzte jaialdian. Batetik, Antonio Machado poetaren jaiotzaren 150. urteurrenean, bere poema ezagun eta ez horren ezagunak errezitatuko ditu Angel Marco esatari eta aktoreak —hilak 17, 19:00etan, Viktoria Eugenia Klubean—; bestetik, Jane Austen duela 250 urte jaio zela eta, Espido Freire idazle bilbotarra idatzitako entseguaz ariko da —hilak 11, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxean—. Azkenik, argitalpenaren mendeurrenean, Virginia Woolfen Dalloway andrea literatur solasaldirako eta afari literariorako gai izango da —hilak 21, 19:30ean, Gastronomiazko Euskal Anaiartean—.



