Ibaeta Basketek bosgarren garaipena nahi du
Azu Muguruzaren taldeak denboraldi hasiera bikaina darama, eta Estudiantes hartuko dute gaur, Gaskan (19:30).
Ibaeta Basketeko neskak, Jairisen kontrako norgehiagokan.Ibaeta Basket Bost partidatik lau irabaziko zituztela ez zuten espero Ibaeta Basketeko neskek. Pasa den denboraldi irregularraren ondoren, taldea indartu eta inoizko mailarik onena ematen ari dira pistan. Sasoi hasiera apartari jarraipena emateko aukera dute gaur, etxean, Estudiantesen aurka (19:30). Gaska kiroldegiko zaleen babesa behar dute bosgarren partida irabazteko. Sailkapen nagusiko laugarren tokian daude, eta gorago jotzeko konfiantza erakusten ari dira. Bestalde, Gipuzkoa Basketek etxean batu nahi du garaipena, etzi, Mallorcaren aurka (18:30). Etxetik kanpo ez dira asmatzen ari, baina Illunben beste partida bat irabazteko ahalegina egingo dute.
Eskubaloian, Bera Berak Europako ibilbidea ondo hasi nahi du. Europa ligako QR3 kanporaketako joanekoa jokatuko du bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Dijon frantziarren kontra ariko dira, eta abantaila lortzen ahaleginduko dira itzulerako neurketarako.
Futbolean, Realeko mutilek gaur jokatuko dute, Elxen zelaian (21:00). Athleticen aurkako euskal derbia irabazita, etxetik kanpo ere hiru puntuak lortzeko konfiantza dute. Horretarako, maila onean ari den Elx menderatu beharko dute, ligako ezustekoetako bat, igo berria izanik ere. Deialdiari dagokionez, aipagarria da Alex Marchal bigarren taldeko hegaleko jokalariaren presentzia, min hartuta daudenen hutsunea betetzeko. Realeko neskek, berriz, Espanyolen zelaian jokatuko dute etzi, 16:00etan. Oraindik gozatzen ari dira Bartzelona liderrari Zubietan irabazitako neurketa, baina ligak aurrera jarraitzen du. Sailkapenaren erditik behera dauden kataluniarrek ez dituzte gauzak erraztuko, eta, beraz, hiru puntuak lortzeko gogor borrokatu beharko dute.
Belar hockeyan, burua altxatzeko partida izango du Realak, bihar, Zubietan (16:00). Garaipenen lehian sartu ezinda dabiltza, eta duten maila baino beheragoko emaitzak lortzen ari dira. Oraingoan, sailkapenean gainetik duten talde kantabriarra izango dute aurrez aurre. Irabazteko partida da.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Estudiantes (gaur, ostirala, 19:30)
Gizonezkoen bigarren maila, 7. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Mallorca (etzi, igandea, 18:30)
Eskubaloia
Europa liga, Q3 kanporaketaren joanekoa
- Bera Bera – Dijon (bihar, larunbata, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Elx – Reala (gaur, ostirala, 21:00)
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Espanyol – Reala (etzi, igandea, 16:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Reala – Sardinero (bihar, larunbata, 16:00)


