Izarrak Alde, Oteizak Ametzagaina parkerako diseinatu zuen hilerria
1985ean, Polloeko hilerria txiki geratuko zela aurreikusita, Donostiako Udalak lehiaketa abiatu zuen, Ametzagainan hilerria eraikitzeko. Jorge Oteizak «hiria eraldatuko» zuen egitasmoa jarri nahi izan zuen martxan. Jakina denez, ez zen aurrera atera, eta oriotarra, nola ez, gozo jarri zen.
1336ko apirilaren 26an, Franceso Petrarca (1304-1374) poeta eta filosofo italiarrak Mont Ventoux mendia igo zuen, mendizaletasunari hasiera emanez. Lehenago igoko zen inoiz inor halako mendi batera. Edo ez. Mendiak sakratuak ziren Europako herrietan –saltsa izugarria izan omen zen Jean-Charles de Borda zientzialariak Auñamendira lehenengo aldiz igo nahi izan zuenean, 1760 inguruan, herritarrek Jona Gorri jainkoa haserretuko ote zen beldur…–. Kontua da Petrarca igo, eta nekez igota ere, horrelaxe idatzi zuela bizitakoa: «Orduan, pozik, mendia nahikoa begiratuta, begiak nire baitara eraman nituen».
Irudi hori erabilita oroitu du Ana Arnaiz ikerlariak Jorge Oteiza eskultorea, Ametzagaina parkean gora eta behera, han-hemenka geratzen, eta hortik, ortzi mugari so eginez. Ez zen paseatzera joan. Petrarcak nola, «bidaia etiko-estetiko» bat zuen eskultoreak, Juan Daniel Fullaondo arkitektoarekin batera: parkean hilerri bat eraiki nahi zuten.
Montevideoko proiektua eredu
6 11 41 IZARRAK ALDE zen, Oteizak Fullaondo arkitektoarekin eta Marta Maiz eta Enrique Herrada arkitektoen laguntzarekin, Donostiako Udalak 1984ean deitutako Nazioarteko Aurreproiektu Lehiaketara aurkezteko sortu zuen proiektuaren leloa. Etorkizuneko ekipamenduaren proiektua 1962ko HAPOan jasota zegoen, eta Ametzagaina mendiaren hegoaldeko hegalean kokatuko zen. Polloeko hilerria urte gutxiren buruan beteko zela eta, beraz, hilerri zerbitzuen etorkizuneko eskaera bere gain hartzerik ez zuela aurreikusita.
Hortxe ikusi zuen Oteizak azkenaldian buruan zuen gogoeta martxan jartzeko aukera: «Birritan bisitatu nuen Ametzagainako hilerrirako lekua, tontor txiki bat, zeinaren gailurra hiriaren albo batera orientatzen baitzen, hutsune handi batera aurrera eginez itsasoaren eta zeruaren artean, sartaldera, Urgull eta Ulia mendien arteko ur-zeruertzaren hondoa urrun zegoela. Agertoki ikaragarria da nire proiektuarentzat, zeruko seme gisa heriotzari buruzko metamorfosiaren mito aurreindoeuropar batean oinarritzen baita, eta horretan ari naiz lanean».
«Ametzagainan pentsatzen nuen hura zela tokirik zirraragarriena eta egokiena, egiazkoa, Montevideoren planteamenduarekin ia zeruko erlijio monumentaltasun entsegu bat egiteko». Ia-ia airean suspenditutako eraikina litzateke, eta, aurrean, hildakoak zerura eramango lituzkeen «aireportua»: «Kanposantu berrirako proposatutako lursaila gure lehen kultura eta erlijio nortasunari buruzko funtsezko ideia horietara egokitzea hain da zehatza, harrigarria. Muinoaren gailurra itsaso gaineko aire zabaleko pista bat bezala geratuko zen, aireportu moduko bi seinaleen artean, ezkerretara Urgulleko tontorra, eskuinetara Uliakoa».
Proiektua ez zen aurrera atera, aurreikusi gabeko ezintasun teknikoak zituela eta. Oteizaren lana, gainera, ez zuten hautatu ere egin, maketak eta argazkiak sartu zituztelako proiektuan, hauek debekaturik zeuden arren.
Oteiza, haserre
Gozo jarri zen Oteiza. Prentsara hainbat gutun idatzi zituen. Eta azkenekoa, bere ohiko tonuan: «Ez dut prentsan gehiago idatziko, ez dut beste elkarrizketarik onartuko, ez ezeri buruz, ez beste inorekin. Ehorzleek gidatutako herri honetan, gure euskal bizitza kulturaleko esku hartze guztietatik erretiratzen naiz».
Onartu zuen, argazki eta maketak aurkezteagatik ez zela onartua izan, «funtzionario ezjakin batek jarritako oinarriak» zirela jakinda ere, «hiri atzeratua den honetan».
«Gure aurka eman da epaitza, nire aurka, hiriaren aurka. Konformismo arbuiagarria epaimahai honena, ezin baitzuen ahaztu oinarrien ergelkeriari buruz hiria zerbitzatzera behartuta zeudela. Ez zait epaimahaia axola, ez zait alkatea axola, ez da nire alkatea, ez dut alkaterik, ez dut espiritualki ez Eusko Jaurlaritzarik, ia ez dut egungo Euskal Herria aitortzen, agian hipotesi gisa onartzen dut, horrela, faltsututa». Eta, noski, poeta handi moduan, bere azken agurra eskaini zuen: «Agur muskerrak / nire agurra guztientzat / gau oneko nire zentauro biluzia / aizto pasa ezazue baina ez nazazue hemen ehortzi. / Zoazte betiko, ehorzleak».
Gauza asko izan zen Oteiza, baina zorionez, koherentzia ez zuen azken egunetaraino eraman, eta estrategia komertzial jator baten ostean, Bergarako besarkada eman zuen Txillidarekin bakeak eginez 1997an, eta, era berean, «euskal bizitza kulturalarekin». 2001ean, Donostiako Udalak, Eraikuntza Hutsa eskuratu, eta Pasealeku Berrian jarri zuen, Oteizaren zaleen eta turisten gozamenerako.




