«Nire lehenengo hiru lasterketetatik bitara, ajearekin joan nintzen»
Betidanik egon da Andoni Badiola (Trintxerpe, Pasaia, 1982) kirolari lotuta; 2012an hasi zen korrika egiten, eta, geroztik kilometroak egitearen mende bizi da. Maratoiak, triatloiak eta ironmanak egin izan ditu urte hauetan guztietan, eta bere kirolari ibilbidea errepasatu dugu, edateko eta jateko zerbaiten bueltan.
Andoni Badiola, Urumea tabernan.Nagore Garmendia Zergatik Urumea taberna?
Jorgeren tabernak etxea dira niretzat. Duela ia hogei urte ezagutu genuen elkar, eta gainbehera momentu latz bat pasatu nuenean, berarekin igaro nuen denbora gehiena. Ziurtasunez dakit hoberena nahi izan duela beti niretzat, eta, gainera, momentu latz hartatik bueltan Kopenhaguen egin nuen lehen ironmanaren finantziazioarekin lagundu zidan, tabernan porrak eta zozketak antolatuz.
Bizitza mugitua duzu… Zenbat Andoni kabitzen dira batean?
Bakarra dago, bere bizitza kirolaren, lanaren, bere ilobaz disfrutatzearen, atsedenaren eta bizitza sozialaren (azken honetan ez nago oso presente, azkenaldian) artean oreka bat lortzen saiatzen dena. Nire izaera zuri-beltzen artean mugitzen da, eta oreka hori nire pilareen gainean eusten saiatzen naiz, pertsona gisa naizena ahalik eta hoberena izan dadin. Ez dakit lortzen dudan, baina saiatzen naiz.
Betidanik zara kirolaria?
Futbolean aritzen nintzen umetan, eta 18 urte bete nituenean utzi nuen. Denbora tarte batez kirola egiteari utzi nion, lau urtetan hiru disko herniengatik ebakuntzak egin zizkidaten. Osatzen nintzen bakoitzean, itzultzen saiatzen nintzen, baina ezin. Gaztea nintzen, 18 urtetatik egiten nuen lan, eta urtebeteko kontratuak neuzkan. Horrek kezkatzen ninduen, ebakuntzengatik hartutako bajek lanean ondorio negatiboren bat ekarri zezaketelako. Dena utzi nuen. Parrandan irteten eman nituen urte batzuk, eta denbora tarte horretan ez nuen kirolik egin.
Gogoan duzu lehen triatloia?
Zumaiako triatloian parte hartzera animatu gintuen lagun batek. Geroztik, horren mende bizi naiz. Triatloi hari esker, kirol bat deskubritu nuen, jende talde bat, betidanik disfrutarazi nauen leku bat, non errespetatua eta lagundua sentitu naizen, bertako kide guztiengandik.
Eta bat-batean, ironman bat.
Zumaiako super esprint hura egin eta astebete baino gutxiagora hartu nuen ironman bat egiteko erabakia. Hortik urtebetera, half bat egin nuen —ironman erdi bat—. Pauso guztiak ondo jarraitu nituen, baina, egia da dena oso azkar pasatu zela. Hau egin izanak iraunkortasuna eta konfiantza bueltatu zizkidan.
Nire lehenengo hiru lasterketetatik bitara ajearekin joan nintzen… Oraindik ez nuen galdu parrandan irten eta gero etxera ez joateko ohitura hori, eta lasterketa horiek beste batzuk baino gehiago izerditu nituen… Ez da batere gomendagarria, ezta eredugarria ere!
Nola egiten duzu hiru modalitateak lantzeko?
Astero, saiatzen naiz bi aldiz igeri egitera joaten, beste bitan korrika egitera eta hiru bizikletan ibiltzera. Azken biak urteko garaiaren arabera aldatzen dira; neguan, adibidez, gehiago irten naiz korrika egitera bizikletan ibiltzera baino, hotzarengatik eta euriarengatik. Behobia garaian, korrika gehiago egiten dut, noski. Ez naiz oso zorrotza neure buruari exijitzerako garaian. Estresa kanporatzen laguntzen dit, momentu bat iristen delako non gorputzak berak eskatzen dizun kirola egitea.
Zer da zailena ironman baten prestaketan, gorputzaren lana ala buruarena?
Nire kasuan, burua bakarrik prestatzen da. Edozein egunetan 140 kilometro egiten dituzu bizikletan, eta leher eginda amaitzen duzu. Egun horretan, ordea, zeure buruak badaki zer egin behar duzun, izena ematen duzunetik dabilelako momenturako prestatzen. Beldurra galtzen duzu eta konfiantza irabazi. Ez duzu zure gorputza ezertara behartu behar.
Zure ibilbidean zein momentu izan da gogorrena, eta zein politena?
Gogorrena, Alpeetako Embrunman lasterketa. Hain gogorra izanik, filosofia eta lasaitasun gehiagorekin hartzen duzu. Denbora ona egitera joaten bazara, beste sufrimendu mota bat da. Eta polita, Transgrancanaria. Gran Canaria uhartea iparretik hegora zeharkatu nuen, 84 kilometrotan. Eta gero, noski, familiarekin batera antolatutako ironmana…
Aitona-amonei eskaini zenien hori.
Hunkigarria izan zen. Nirea den zerbait zen, nire familiarena. Nire aitona-amonak gogoratu nituen, beraiek emandako pausoak ironman bihurtuz, gu hezi gintuzten lekuan amaituta. Hainbeste jende egon zen tartean, eta pandemia garaian… Bi aste geroago aita hil zen, eta urte eta erdiko gainbehera batean murgildu nintzen. Galdutako urte eta erdi bat izan zen. Ezin izan nion lagundu zidan jende guztiari ezer eskertu, eta gaur egun, oraindik, maitasun hori guztia bueltatzen jakin ez izanaren sentimendua daukat.
Kemen elkarteko kide batzuekin egin zenuen. Zer harreman duzu elkartearekin?
Antolatu genuenean, aprobetxatu nahi izan genuen, gure emoziotik harago, norbaiti ikusgarritasuna emateko. Horren harira jarri ginen haiekin harremanetan, eta hortik jaio zen ironmaneko sektore bakoitzean klubeko norbait nirekin etortzearen ideia. Hor hasi zen gure harremana.
Urte eta erdiko gainbehera horrengatik, leku guztietatik desagertzen saiatu nintzen eta harreman guztiak hoztu ziren. Gaur egun, ez dugu ezer egiten elkarrekin, baina behar izatekotan, hemen nagoela jakinarazi nahi diet.
Zerk egiten du kirolean inklusioa benetan erreal eta ez sinboliko?
Haien egoera normalizatzeak. Ez begiratzea gizajo batzuk balira bezala, kirola denontzat delako. Muga fisiko bat da daukatena, baina horrek ez die ezer egitea galarazten. Beste gauza batzuetarako, agian, mila buelta ematen dizkigute gainontzeko guztioi.
Zuretzat zer da «helmugara iristea»?
Helburu batekin, hilabetetan zehar entretenituta egotea. Hilabete horiei zentzua ematea. Helburu handiak jartzea, bidea luzea izan dadin. Nik ez nuke jakingo zer egin helbururik izango ez banu… sofan etzango nintzateke, lo egitera. Joatearen, amaitzearen eta esperientzia berriak bizitzearen gogobetetzea. Horregatik ez zait gustatzen lasterketak errepikatzea.


